Prentsa Aretoa

2017/04/16

Ortuzar: “Estatus berria aldeztuko dugu Euskadi nazio gisa aintzatetsi eta Estatuarekin aldebitasun harremana finkatuko duena”

Aberri Eguneko diskurtsoan EBBko presidenteak Ezker Abertzaleari eta ELAri “eskaintza zintzoa” luzatu die, Euskadi “gatazkan baino, lankidetzan oinarrituta” eraikitzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Euskadi aske bat. Hori da gure helburua eta hori da gure bidea. Estatus Berria aldeztuko dugu, Euskadi Nazio gisa aintzatetsiko duena, hau da, Estatuaren pare dagoen subjektu politikoa gara eta berarekin aldebitasun harremana izan behar dugu. Euskal erakundeak izan daitezela euskal emakume eta gizonak gobernatuko dituztenak. Eta, gu, euskal emakume eta gizonak izan gaitezela gure etorkizuna erabakiko dugunak” hausnarketa horrekin amaitu du Andoni Ortuzarrek gaur eguerdian Bilboko Plaza Barrian EAJ-PNVren 4.000 bat alderdizale eta alderdikideren aurrean eskaini duen diskurtsoa. Gaurko Aberri Eguneko jaia iluntzera arte luzatu zen Bilboko Areatzan, ehunka alderdikide eta alderdizale batu zuen herri bazkariarekin eta ondorengo bazkalosteko erromeriarekin. Iñigo Urkullu Lehendakariak Ortuzarrek baino lehenago hitz egin zuen “EAJ ereduaren balioa” aldarrikatzeko. Irmo jarraitu behar dugu ziur gaudelako norabide zuzenean goazela eta egunen batean gure helmugara iritsiko garela: nazio bat gara eta aurrera egiten jarraituko dugu, orain artekoa baino demokrazia eta aniztasun handiagoarekin egin ere, nazio gisa aintzatetsiak eta askeak izan gaitezen” esan du Urkulluk.

Ortuzarrek , diskurtso hasierako hitzekin, alderdikide jeltzaleei luzatu nahi izan die autoestimu eta konfiantza izateko deia. “Euskadi orain arte ez da inoiz horren Nazio sendoa izan. Nafarroako Erresuma zaharraren denboretatik hona gure herrikideak ez dituzte gobernatu Herriarekin horren konpromiso zintzoa zuten erakundeek. Eta, neurri handi batean, Euzko Alderdi Jeltzalearen jardunari esker izan da. Nire lehen mezua da, beraz, gure autoestimua eta Alderdiarengan dugun konfiantza aldarrikatzeko, konfiantza gure buruarengan” esan du jeltzaleen buruak. EBBko presidenteak era berean azpimarratu nahi izan du EAJk “bitartekari” gisa egin duen lana, Ortuzarrek berak `zubilan´ deitu duena. Adibide bat eman du. “Aurreko astean, kazetaritza lanetan izan nuen lankide batek deitu zidan nitaz edo EAJk leku guztietan egoteko duen gaitasunaz apur bat trufatzeko, eta esan egin zidan bi orduko tarte batean ikusi ninduela lehenengo Bilbon `Txiki´ Muñozekin eta Otegirekin eta gero Donostian enpresa munduko ordezkariekin. Baietz erantzun nion, baina gauza bietara jaka bera jantzita joan nintzela edo, hobeto esanda, EAJren buzoa eraman nuela, batzuei eta besteei aurrera egiten laguntzeko eta bultzagile lana egiteko. Hori ere bada egitea dagokigun lan garrantzitsua, hori da `zubilan´deitzen duguna, hau da, Euskadiko errealitate bien arteko bitartekari gisa dagokiguna. Euskadi gaur da bakea finkatzea, Euskadi gaur da langabeentzako enpleguak sortzen laguntzea, ekintzaile gazteak eta enpresariak inbertitzera animatzea” esan du Ortuzarrek eta Urkullu Lehendakaria `zubilan´ horren adibide gisa aurkeztu du. “Aurreko larunbatean, Lehendakariak ia Herri osoa zeharkatu zuen. Alde batetik, armagabetze prozesuaren xehetasun guztiak ondo irten zitezen. Bestetik, hemen, Bilbon, Metroaren bide zati berria inauguratzeko. Iragan deitoragarri eta tamalgarria ixten lagundu zuen eta etorkizunari bide berriak zabaltzera joan zen. Toki bi horietan egon zen Lehendakaria. Eta horrela jarraituko dugu, egon behar den toki guztietan egongo gara, infernura jaitsiko gara edo zeruko ateak joko ditugu, beti Euskadiren alde eginez, beti euskal gizartearen onerako”. Ezin dute gauza bera esan, deitoratu du Ortuzarrek “aurreko astean armak entregatu zituztenek”. “Nik ez dut gustuko garaileak eta menderatuak seinalatzeko estrategia hori, baina argi eta garbi utzi behar dugu porrot bat gertatu dela. Erabateko porrota. Euskadi tiroka eraikiko zela eta askatasuna pertsonak hiltzearekin irabaziko zela pentsatzen zutenen porrota. Larunbatean armak entregatu zituzten azkenean. Ea laster garrantzitsuena eta gehien nahi duguna ematen diguten, erabateko desagerpena,alegia”.

ETAren aldi beltz eta iluna ia erabat atzean utzi ondoren, Ortuzarrek uste du zubi gehiago eraiki behar direla, abertzaleen artean ere bai, eta Ezker Abertzaleari eskaintza bat egin dio. “Ni neu, abertzaleen arteko lankidetza zintzoarekin amesten duen horietakoa naiz, baina gauzak argi eta garbi egon behar dira. Azken berrogei urteotan batzuk naziogintzan aritu gara beste batzuk nazioa suntsitzen aritu izan diren bitartean. Ordua heldu da Ezker Abertzaleak oin biak alde onean jar ditzan, demokraziaren aldean, denontzako joko arauak berdinak diren tokian. Ideia guztiak errespetatuta eta euskaldun eta abertzale izateko eta sentitzeko era guztiak errespetatuta. EAJren eta Ezker Abertzalearen arteko lankidetzarako aukerak asko dira, eta horiek arakatzeko prest gaude”. ELA sindikatuari ere luzatu dio Ortuzarrek bere eskua, baina EAJren kontra egin diren azken kritikak gogora ekarriz. “Denari ezetza esateaz aparte, `ezetzean´ tematzeaz eta dena eta denagatik kritikatzeaz aparte, egunen batean baietza esango diote zerbaiti? Noiz ikusiko ditugu laguntzen, noiz ikusiko ditugu gurekin batera nazio eraikuntzan?”, galdetu die oraingo buruei. Beraiei eta Ezker Abertzaleko ordezkariei dedikatu die Ortuzarrek bere azken aurreko hausnarketa. “Kontua da, ikuspuntu abertzale batetik, gatazka Euskadirentzako onena ote den ala ez. Guk uste dugu ezetz. Guk lankidetzan sinesten dugu, kolaborazioan. Metroarekin edo trenarekin konparatzen jarraituz, gure trena trenbidetik ateratzeko lana egin beharrean, beren bagoiak gure trenarekin lotzea gomendatzen diegu. Horra hor biei egiten diegun eskaintza erabateko eta zintzoa”.

Amaitzeko, Ortuzarrek galdera bat utzi nahi izan du. “Euskadi eta Estatuaren arteko aldebitasuna gauza egingarria da, jakina egingarria dela. Madrilek Gibraltarri kosubirautza eskaini baldin badio, zergatik ezin dugu euskal herritarrok ere kosubirautza hori izan? Hori da guk nahi eta eskatzen duguna”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere hitzaldia hiru zutabetan oinarritu du: eraikuntza etikoa, eraikuntza soziala eta nazio eraikuntza. Urkulluk Agirre Lehendakariaren konpromiso etikoa berritu du Gernikak, Durangok eta Euskadiko hainbat herrik pairatu zituzten bonbardaketen 80. urteurrena bete dela gogoratuz. Era berean berretsi du jeltzaleek erakutsi duten konpromisoa azken bost hamarkadetan ETAren aldetik eman den “zentzugabekeriaren” aurrean. Eta duela 12 urte ‘Elkarbizitzarako Bake Bideak’ izenburuarekin onartu zen agiria ekarri du gogora. “Apirilaren 8an gertatutakoak erakutsi du gure estrategia zuzena zela. Ez dute balio ez lasterbideek ezta egun batetik bestera sortzen diren iraultzek ere. Ez du balio munduko preziatuena pertsonaren bizitza eta ezberdinen arteko elkarbizitza dela ahazten duen epikak. Ez du balio dena ala ezer ere ez aldarriak. Konpromiso etikoak balio du, konpromiso iraunkorrerako ereduak” baieztatu du.

Urkulluk era berean azaldu du bere ustetan Euskadiren nazio eraikuntza dena. “Egunero lan egitea krisi ekonomikoa atzean uzteko, enplegu gehiago eta hobeak sortzeko, egoera larrienean dauden pertsonekiko elkartasunerako, inor bide bazterrean gera ez dadin. Euskadi hobea eraikitzeko, hemen bizi garen pertsona guztiontzat. Egunez egun. Gizartegintza bai, baina ez bakarrik gure barruko kohesiorako baizik eta baita gure nazio eraikuntzarako ere. Euskal Nazioa erkidego sozial gisa eta subjektu politiko kolektibo gisa eraikitzeko”.

Eta, azkenik, naziogintza esparruan, Ukulluk esandako agiri horren paragrafo batzuk ekarri ditu gogora: “Herritarren borondatearekiko errespetua aldarrikatzen dugu eta euskal gizarteak bere etorkizun politikoa askatasunez eta demokrazian erabakitzeko eskubidea duela defendatzen dugu. Era berean aldarrikatzen dugu Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko herritarrak garen aldetik Euskal Herrialde guztien artean izan nahi ditugun harremanak askatasun osoz erabakitzeko dugun eskubidea”. Amaitzeko esan duenez EAJ-PNVren aldetik “argi eta garbi daukagu aurrera egin dugula Euskadiren zerbitzura estrategia irmo, partekatu eta argia jarriz. Argi geratu da Euskal Nazioa eraikitzeko estrategia progresiboa eraginkorra izan dela. Euskal Herriaren kausa bizirik dago oraindik. Euskal Nazioa aitortzea eta errespetatzea. Nazio gisa haztea. Irmotasun osoz jarraitu behar dugu norabide onean goazelako eta egunen batean helmugara iritsiko garelako. Nazio bat gara eta aurrera egiten jarraituko dugu demokrazia eta aniztasun handiagoarekin, gure nazioa aitortua izan dadin eta askatasunez bizi gaitezen”.

Suso Blog
Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU