Prentsa Aretoa
2021/02/18
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak erabaki dute martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa jartzea Zaramagako San Frantzisko Elizan
Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen San Frantzisko Asiskoaren elizak hartuko du martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa. Hala erabaki dute gaur goizean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak
Lau erakundeek asmoen protokolo bat sinatu dute gaur Zaramagako elizan bertan. Dokumentu horretan, era berean, alderdiek fundazio bat edo antzeko formula bat sortzea adostu dute, oroimenzentroa sustatu eta kudeatzeko, eta Arabako hiriburuko Elizbarrutiak elizaren erabilera lagako dio sortutako fundazioari, martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreran aurrera egin dezan. San Frantzisko Asiskoaren elizan eta haren ingurune hurbilean 1976ko martxoaren 3an gertatutakoei lotutako karga emozional handia dela-eta, dokumentuan jasotzen denez, “oroimen-zentroa kokatzeko lekurik egokientzat” jotzen da eliza hori. Gainera, tenpluak ez du elizkizunik hartzen 2014tik.
1976ko martxoaren 3an, bost pertsona hil ziren polizia armatuak elizan eta inguruetan egindako tiroen ondorioz. José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio izan ziren. Gainera, ehunka pertsona zauritu ziren.
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Udala eta Gasteizko Elizbarrutia bat datoz esatean data hori “Gasteizko memoria kolektiboan grabatuta” dagoela eta gertakari horien oroitzapena “San Frantzisko Asiskoaren elizari lotuta” dagoela. Hain zuzen, oraindik ere tiro-markak ikus daitezke tenplu horren fatxadan.
Egun ‘historikoa’
Erakundeak bat etorri dira gaurkoa egun “historikoa” dela adieraztean. “Gaur behin betiko kitatzen hasiko gara martxoaren 3ko gertaerekin eta haien biktimekin dugun zorra”, adierazi du horren harira Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta Zaramaga auzokoak. “Erakunde-lidergotik eta gizarte-lankidetzatik abiatzen den proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde memorialisten, biktimen familiartekoen eta martxoaren 3ko biktimen militantzia zuten langileen sindikatuen parte-hartzea duen proiektuaren aldekoa. Norabide horretan ari gara lanean, eta, horretarako, bilerak eta kontaktuak izan ditugu azken hilotan”.
“1976ko martxoaren 3an, gertaera tragiko eta tamalgarri batzuk izan ziren eliza honetan. Gaur, lehen harria jarri dugu hemendik aurrera oroimenaren gune eta elkarbizitzarako itsasargi izan dadin”, azpimarratu du. Artolazabalen ustez, “oroimenerako, egiarako eta aitortzarako eskubidea ez da preskribatzen”, eta beharrezkoa da “egiarako oroimen bat, etorkizunerako oroimen bat, bizikidetzarako oroimen bat” gogoan izatea. Ildo horretatik, sailburuak adierazi duenez, “Estatua da martxoaren 3an Gasteizen polizia armatuak indarkeria modu indiskriminatu eta ez-legitimoan erabiltzearen erantzulea”, eta “Espainiako estatuak, egindako kaltea aitortzeaz gain, bere autokritikan eta aitorpenean irmoa izan behar du: bidegabea izan zen, erabat bidegabea”.
Ildo beretik mintzatu da Ramiro González Arabako diputatu nagusia, eta honako hau azpimarratu du: “indarkeriaren biktima guztiek dute egiarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubidea". Era berean, esan duenez, “kasu honetan, denbora gehiegi behar izan da. 45 urte igaro behar izan dira zentro hau posible izateko. Urte asko daramatza Arabako gizarteak aldarrikapena egiten”.
Era berean, honako hau gogorarazi du: “urte hauetan guztietan, biktimak, askotan, aitorpenik eta erakunde-laguntzarik gabe sentitu dira”. “2008. urtera arte itxaron behar izan zen erakundeaitorpena egiteko”, esan du Arabako Foru Aldundiak Arabako Domina martxoaren 3ko biktimei eman izanaren harira; kolektibo horri egiten zaion lehen erakunde-aitorpena da.
Bestalde, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak gogorarazi du justizia hitza Gasteizko gizarteak urteotan baliatu duen estandartea izan dela. “Duela 45 urte, sarraskiaren ondoren, baten batek pintada ikonikoa egin zuen, odolez, eliza honetatik hurbil dagoen zoladuran, eta, haren bidez, justizia eskatzen zuen, bost langile horien erailketagatik”. Alkatearen iritziz, justizia eta erreparazioa egoteko, “ezinbestekoa da memoria egotea. Gaur urrats garrantzitsua eman dugu, 1976an Vitoria-Gasteizen erail zituzten bost langileak, oraindik merezi duten aintzatespena jaso ez dutenak, azkenean aintzatetsi ditzaten, polizia-abusuen biktima gisa – terrorismoaren biktimekin parekagarri–. Martxoaren 3ko Biktimen Memoria Zentroa gertakariak izan ziren elizan bertan egotea erreparazioaren eta memoriaren alde irmotasunez lan egitea da, eta horretan jarraituko dugu Udalean”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09