Prentsa Aretoa
2023/05/19
Beatriz Artolazabalek Gasteizko bihotza den hirigunea suspertzeko estrategia ekonomikoa, kulturala eta berritzailea proposatu du
Besteak beste, Zabalgunean berezko plan bat martxan jartzea izango du helburu, erdialdeko etxadiak berreskuratzeko plan bat, Erdi Aroko Hiriguneko eragileekin adostutako ekintzak eta kultura eta merkataritza sustatzea elementu dinamizatzaile gisa
EAJ-PNVren Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek EAJ-PNVk Gasteizko Zabalgunea eta Hirigune Historikoa suspertzeko eta birsortzeko garatuko duen estrategia aurkeztu du. “Oinarriak finkatuta ditugu, azken urteotan egindako lan garrantzitsuarekin. Eragile ekonomiko eta kulturalen, elkargo profesionalen, unibertsitatearen, auzo-elkarteen eta profesional tekniko eta langile espezializatuekin lan egingo dugu, hiriaren erdigunea biziberritzeko prozesu bat ehuntzeko aukerak mahai gainean jartzeko”, EAJ-PNVko hautagaiak azaldu duenez.
Urte hauetako aurreikusitako estrategiaren oinarrian hainbat plan daude, hala nola Zabalgunea berrikuntza- eta ekintzailetza-barruti gisa berpizteko proiektua, talentua, ekintzaileak eta jarduera Zabalguneko lokaletara erakartzeko proiektua dena. Planak diagnostikoa, helburuak, erronkak eta lan-ildoak jasoko ditu.
“Eta Arkitektoen Elkargoaren, EHUren, 21 Zabalgunearen, saltokien eta Ensanche XIX elkarte zibikoaren eskutik egingo dugu hau guztia. Hiri bizia nahi dut. Saltokiak irekita. Kale, parke eta plaza aktiboak. Agenda kultural eta sozial aberats eta erakargarri batekin. Kalitatezko hirigintza-proiektuekin. Erdiguneko eta Zabalguneko eraldaketa aukera guztiak aprobetxatuko ditugu”, Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez.
Zabalgunerako plan horretaz gain, Gasteizko alkategaiak aurreratu du “legealdiaren hasieran jasoko dugula Gasteizko erdiguneko etxadietan jarduteko aukeren azterketa. Identifikatuta izango ditugu, ebaluazio tekniko eta ekonomikoarekin, XIX. mendeko zabalguneko bizitegi-eraikinen birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko ekintzak. Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriari esker, gaur egun antolamenduz kanpo dauden 250 eraikin ingurutan birgaitze-jarduketak ahalbidetuko dira. Era berean, etxadi-patioei balioa eman nahi diegu, estetika- eta egonaldi-baldintza hobeak emanez, berdegune bihurtzeko, biodibertsitatea hobetzeko eta egokitzeko proiektuen bidez”.
Zabalgunerako estrategiaz gain, EAJ-PNVk Erdi Aroko Hirigunea biziberritzeko konpromisoari eusten dio.“Hiria birgaitzeak eta berroneratzeak eragiten dituen onura ukaezinetan sinesten dugu, eta 21 Zabalgunea eremu horretan sendotzea da gure ahalegina. Hirigune Historikoaren Planaren ekintzak bultzatzen jarraituko dugu, auzotarrekin eta auzoko bertako eragileekin adostutakoa: espazio publikoa hobetuz, familiei beren etxebizitzak zaharberritzen lagunduz, jauregiei balioa emanez, Erdi Aroko hirigunea berdea egiteko plana garatuz 55 ekintza zehatzekin auzoko bizi-kalitatea hobetzeko”, Artolazabalek nabarmendu duenez.
EAJ-PNVko hautagaiak Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integralerako Plan Berezia onartzeko konpromisoa hartu du, auzoa osorik biziberritzeko tresna gisa. Hirigunea birgaitzeko, ondarea berreskuratzeko, hiri-erabilerak antolatzeko eta espazio publikoa hobetzeko plana.
Merkataritza eta kultura benetako elementu dinamizatzaile gisa, gainera, hautagaiak landuko dituen ardatzak izango dira.Kulturaren alorrean, EAJ-PNVk Iradier Arenaren aldeko apustua egiten du, erakarpen eremu gisa, Principal Antzokia berrituaren jarduera osatuko duten kultur ekitaldi eta ikuskizunekin. “Hiriko programazio-aukerei zukua aterako dizkiegu ekitaldiak kudeatzeko eta erakartzeko iragarri genuen zerbitzuarekin”, azaldu du Artolazabalek.
Merkataritzaren ikuspegitik, proposamenak hainbat ekintza jasotzen ditu: belaunaldi-erreleboko estrategia bat merkataritzan, erretiroengatik negozioak ixtea saihesteko eta gazte ekintzaileei aukerak emateko; merkataritza-zuzendaritza bat sortzea, merkataritza-guneetako hiri-inguruneak berritzea eta merkataritza-guneetako argiztapena hobetzeko programa bat, Andre Maria Zuriaren plazan egin den bezala. Gainera, EAJ-PNVk proposatu du hirian banaketa-ibilgailuak behar bezala antolatzea, etxez-etxeko banaketa bultzatzea, udal-aparkalekuetan deskontuak egitea eta doako epe motzerako aparkalekuak ezartzea, ekintzaileei lokalak alokatzeko laguntzak ematea eta udalarenak diren lokalak prezio onean merkaturatzea, besteak beste.
Bestalde, Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak Beatriz Artolazabalen ibilbide profesionala azpimarratu du, "hiri honetan merkataritza eta biziberritzea benetan bultza dezakeen pertsona baita. Ideiak dituen pertsona da, talderik onena du eta beste erakundeen babesa du, hala nola Ramiro Gonzálezek zuzendutako Arabako Foru Aldundiarena".
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09