Prentsa Aretoa
2024/05/09
EAJ-PNVren adierazpena Europaren Egunean
EAJ-PNVren adierazpena Europaren Egunean
ADIERAZPENA - 2024/05/09
Gaur, beste behin ere, Europaren Eguna ospatzen dugu, 2024ko Maiatzak 9 dituela. Aurten, munduko 70 herrialde, ia 4.000 milioi pertsona, nola edo hala, hautestontzietara deituak izan dira. Gure gizartearentzat, hauteskunderik esanguratsuenak izango dira ekainaren 9an Europako Parlamentua aukeratzeko egingo direnak, zalantzarik gabe. Eta berebiziko garrantzia izango dute, hauteskundetatik aterako diren emaitzek zuzenean eragingo digutelako, parte hartzeko aukera dugulako eta epemuga zabal batean gure etorkizuna baldintzatuko dutelako. Hau horrela izanda, ez ditugu begien bistatik galduko Amerikako Estatu Batuetan datorren azaroan egingo diren Hauteskunde Presidentzialak.
Azken urteotan, Europak sakonera handiko erronkei erantzun behar izan die, hala nola krisi finantzarioari, pandemiari eta Errusiak Ukrainaren kontra hasi zuen gerrari. Eta batasunetik egin du, erresilentziaz, arestian aipatu ditugun azken gertakari horien aurrean Batasunaren historian orain arte sekula hartu ez diren neurriak adostuz, batasunaren bidetik eta trinkotasunez. Neurri horiek emaitza onak ekarri dituzte.
Hala ere, oraindik bide luzea geratzen zaigu denon proiektu hau garatzeko eta indartzeko lanean, bai eta egungo erronka handiei aurre egin ahal izateko ere, II. Mundu Gerraren amaieraz geroztik mundu osoan eman den ezegonkortasun globalik handiena bizi dugun egoera honetan. Ukrainako gerrak eta, berrikitan, Israel eta Palestinaren artean gaiztotu den gatazkak ezinbestean garamatzate Europako Kanpo Politika eta Segurtasun eta Defentsa bateratua garatu behar izatera.
Halaber, Europak lehiakortasuna galdu du azken hamarkadetan, politika industrial eskasaren eta finantzazio faltaren ondorioz eta funtsezko lehengaiez hornitzeko orduan daukagun posizio global ahularen ondorioz. Gabezia horiek guztiek derrigortzen gaituzte datozen urteotan Europaren are integrazio handiagoa lantzera. Zentzu horretan ekarri nahi dugu gogora Enrico Lettak egin duen txostena, bai eta Mario Draghiri eskatutakoa ere, Europako ekonomiaren egungo ahuleziak aztertzeko, eta XXI. mendean nazioarte mailan garrantzitsu izaten jarraituko badugu abian jarri beharko dugun ibilbide-orria definitzea baitute helburu.
Europar Batasunak mundu mailan izan duen lehiakortasuna berreskuratu behar du, bere produkzio-sistema deskarbonizatzeko eta digitalizatzeko prozesuetatik abiatuta. Horrela baino ezin izango dugu benetako Europako Subiranotasun Estrategikoa finkatu eta, aldi berean, horrela baino ezin izango gara egon, mundu mailan, ongizatearen, kohesioaren eta justizia sozialaren eredurik onena izaten jarraitzeko egoeran.
Datorren ekainaren 9an, hilabete baten buruan, Europako Parlamenturako hurrengo hauteskundeak egingo dira. Ez dira beste edozein hauteskunde izango. Hauteskunde hauetan, lehen aldiz, Europar Batasuna osatzen duten herrialde gehienetan boladan dauden populismoen eta Europaren aurkako indarren ondorio den proiektu europarra gelditzeko edo atzerapausoak emateko benetako arriskua dago. Izan ere, herrialde horiek gero eta gehiago daude herritarren arteko desberdintasun egoerek, erosteko ahalmenaren galerak eta desinformazioaren erabilera estrategikoak baldintzatuta.
Horregatik, gaurko egun esanguratsuan, EAJ-PNVk mugaren bi aldeetan bizi den euskal gizarteari dei egin nahi dio ekainaren 9an, Europako Hauteskundeetan, masiboki joan dadila hauteslekuetara botoa ematera. Botoa eman dezala datozen urteetan Europa indartsuagoa, solidarioagoa eta federalagoa eraikitzen laguntzeko. Botoa eman dezala Europako Parlamentu berriak legitimitate handiagoa izan dezan eta, horrela, Europako proiektuaren funtsezko zutabeetako bat indartu dezan: demokrazia. Bozka dezala Europak hamarkada askotan izan dena izaten jarrai dezan, munduko askatasun-, demokrazia- eta ongizate-eremu handiena, alegia, arriskuan egon baitaiteke.
Gure ehun urteko ibilbide honetan EAJ-PNVk beti izan du bokazio europazale sakona, eta betidanik erakutsi du Europarekiko koherentzia ideologikoa, asmo handikoa eta zorrotza. Europako erakundeek aitortzen diguten nortasun-ezaugarria ere bada. Izan ere, aurten beste efemeride bat ospatu dugu Parisko Marceau etorbidean, baita Erroman sortzen lagundu genuen Europako Alderdi Demokrataren sorreraren 20. urteurrena ere.
Jabetzen gara Europan une delikatua bizi dugula. Hori argi izanik, EAJ-PNVk erabakitasunez eta konpromisoz aurre egin nahi dio errealitate horri, gure gizartearekiko hurbiltasunetik, gardentasunetik, ezagutzatik eta berrikuntza politikotik aurrean ditugun erronka handiei irtenbideak emanez. Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa dugu Europa bat, bere proiektu politikoan eta integrazioan nabarmen aurrera egingo duena; bere egituraketa instituzionala eraberritu eta birsortuko duena Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren ondorio nagusietatik abiatuta, Tratatuen Erreformatik bertatik hasita; hedapen-politika bat garatuko duena, demokraziarekin, bakearekin eta Giza Eskubideekin erantzungo duena; bertan bizi garen Herri eta Nazioei ahotsa emango diena. Azken batean, Europak “Aniztasunean bat eginda” goiburuari balioa emango dio, bere barne-aniztasuna errespetatuko du eta, horrekin guztiarekin bat etorriz, lekua, ahotsa eta espazioa emango dizkio gure euskal errealitate nazionalari.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09