Prentsa Aretoa

2024/05/18

EAJ-PNV Europako Hauteskundeetara joango da “Europan Euskadiren ahotsa” izaten jarraitzeko eta populismoak borrokatzeko borondatearekin

Tabakaleran egin da gaur talde jeltzaleak Ekainaren 9ko hauteskundeetarako osatu duen hautagaitzaren aurkezpena: “Europa sendo batean sinesten dugu, pertsonen ondoan egongo dena eta demokrazia defendatuko duena: Europa hori denon artean eraikitzera gonbidatzen zaituztet”, adierazi du Oihane Agirregoitia zerrendaburuak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“1933ko Aberri Eguneko goiburua ‘Euskadi-Europa’ izan zen. Europar Batasunaren aldeko kontzientziarik ez zegoen garai hartan, guk bai, guk argi genuen Europarrak ginela. Alderdi gutxi dira gurea lako ibilbide europarra eta europazalea egiazta dezaketenak. Beraz, EAJ-PNVk bere gain hartzen du berriz ere euskal herriaren ahotsa izateko erantzukizuna, euskal herriaren benetako ahotsa. Europako Erakundeen aurrean Euskadiko interesen defentsa egingo duen ahotsa eta, horri lotuta, Europa politikoki batua aldarrikatuko duena, Estatuak difuminatuz eta beren indarra galduz joan ahala. Munduarentzat eredugarri izango den ahotsa demokrazian, integrazioan, justizian eta hiritarrentzako ongizatean. Mundura irekita egongo den Europa, etxe berri bila datorrena hartuko duena. Bake eta adiskidetasun eragile izango den Europa, desegonkortasunerako bide arriskutsuan doan munduan, samin handiz Ukrainan eta Gazan, eta azken egunetan Eslovakian egin den atentatuan, ikusi dugun bezala. Batasunez biziko den Europa, herri eta nazioen aniztasuna errespetatu, indartu eta balioetsiko duena, bereziki beren hizkuntzak eta kultura; eta horien artean daude gureak, euskara eta euskal kultura. Aniztasunean batuta biziko den Europa”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak esan dituen hitz hauek borobiltzen dute EAJ-PNVk Ekainaren 9ko hauteskundeetara daraman asmoa. Hauteskunde horietara joango da CEUS-Europa Solidarioaren aldeko koalizioarekin, Coalición Canaria, Geroa Bai eta Proposta per les Illes Balears-El Pi alderdiekin batera. Talde jeltzaleak gaur bertan Tabakaleran (Donostia) eman du ezagutzera bere hautagaitza, Oihane Agirregoitia zerrendaburua izango delarik. Hautagaiaren esanetan, “Europa sendo batean sinesten dugu, pertsonen ondoan egongo dena eta demokrazia defendatuko duena. Europa hori denon artean eraikitzera gonbidatzen zaituztet”. Ekitaldi berean hartu du hitza Europako Parlamentuan eserlekua utziko duen Izaskun Bilbao Barandicak, eta ziurtatu du EAJ-PNVk hurrengo hauteskundeei begira eskaintzen duela ibilbide zehatz bat eta emaitzak egiazta ditzakeen ahotsa, konprometitua eta positiboa, bozgorailuarekin, aliatuekin eta proiektu batekin, eta konplexurik gabe ari dena ‘ez’eta ‘sekula ere ez’ esaten duten ahotsen aurrean. Gaurko aurkezpenean parte hartze esanguratsua izan du Sandro Gozik, Ekainaren 9ko hauteskundeetarako Renew Europe Now taldeak aurkeztuko duen zerrendaburu eta Europako Batzordearen presidentziarako hautagaiak. Gozik ostegunean parte hartuko du ‘bost handien artean’ egingo den eztabaidan Ursula von der Leyen-ekin (PPE), Nicolas Schmit-ekin (PSE), Walter Baier-ekin (The Left) eta Terry Reintker-ekin (Berdeak). “EAJk du Europako Alderdi Demokrataren DNA berbera: erdigunean dagoen alderdia gara, konponbide zehatzak ematen dituena, biziberritze berde eta digitala ahalbidetuko duena, hiritarren eskubideak babestuko dituena. Gu gara mutur bien benetako alternantzia”, esan du Gozik.

Mehatxu horri aurre egiteko, buru abertzaleak lan egiteko deia egin du “euskal gizartea lozorro horretan eror ez dadin eta botoa ematera joan dadin. Europa ez da urrun dagoen eta garrantzirik ez duen zerbait: neurri handi batean gure bizimodua arautzen duen erakundea da, gure eskubideak eta gure betebeharrak, gure ekonomia, gure industria, gure lehen sektorea. Beraz, Europako Parlamentuko gehiengo berriak muturreko posizioetara hurbiltzen badira, jarrera euroeszeptikoetara, gure bizimoduan eragina izango du, txarrerako. Borroka latza izango da eta hautestontzietan irabazi behar dugu. Euskadik bere hondar alea jarri behar du misio handi horretan. Europako txoko txiki bat gara baina, aldi berean, egonkortasun instituzionalik handienetakoa duena ere, eta ondo egiten dakiguna eskain dezakegu”, amaitu du.

Oihane Agirregoitiak, bere aldetik, hitza hartu du EAJ-PNVren babesa eskertuz eta datorren ostegunean hasiko den hauteskunde kanpainari begira duen ilusioa adieraziz. “Erronka bikaina dugu aurretik, baina berriro dagokigu laneko jantzia janztea. Funtsezkoa da EAJ-PNVk Europan Euskadiren ahotsa izaten jarraitzea”, eta beharrezkoa da “euskal hiritargoa defendatzeko, gure ongizatea, gure aurrerabidea eta gure etorkizuna”. “Kontinente Zaharrean gero eta espazio handiagoa hartzen ari diren populismoen aurrean”, ziurtatu du. CEUS koalizioaren zerrendaburuak adierazi du ekinean arituko dela, besteak beste, europar erakundeetan euskara hizkuntza ofiziala izan dadin; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak artatzeko europar estandarra bultzatzeko; etxebizitza eskuratzeko aukerak errazteko; txirotasun energetikoaren eta porrot sozialaren kontra egiteko, talentuaren alde egiteko eta migrazio politikak erabakitzeko prozesuetan erregioak era hiriak integratzeko. “Europa sendo batean sinesten dugu, pertsonen ondoan egongo dena eta demokrazia defendatuko duena: Europa hori denon artean eraikitzera gonbidatzen zaituztet”, amaitu du Agirregoitiak.

Izaskun Bilbao Barandicak bere aldetik eskertu du euskal herritarren eta erakundeen lan eta konpromisoari esker hamabost urtez Europan “Europar Batasunak eredu arrakastatsutzat jotzen duen Euskadi” ordezkatzeko izan duen aukera. “Europan interesa pizten duen herria gara, ia denon artean eraiki duguna, denok batera arraun eginez, esparru publikotik eta pribatutik. Garapen ekonomikoa eta garapen soziala uztartzen dituen ereduarekin”. Eurodiputatu jeltzaleak azpimarratu eta aitortu du, era berean, euskal eragile eta sektore mota guztiekin harremanetan izan dela, ehunka euskal ekimen, proposamen eta ideia gaur egun Europako lege izan daitezen. “Horrela eraman genuen Euskadiren ahotsa Europaraino, eta horrela jarraituko dute Oihane Agirregoitiak eta EAJ-PNVk. Hauteskunde hauetan euskal ahotsa eskaintzen dugu, ibilbidea eta emaitzak dituena, konprometitua eta positiboa, bozgorailuarekin, aliatuekin eta proiektuarekin. Konplexurik gabe ‘ez’eta ‘sekula ere ez’ esaten duten ahotsen aurrean. Datuek egiaztatzen dute funtzionatzen duen eredu bat dugula. Entzun, hitz egin, proposatu, ebatzi, konprometitu, erabaki eta lortu egiten duelako. Hemen eta Europan”, amaitu du Bilbao Barandicak.

Renew Europe Now alderdiaren ordezkari gisa Europako Batzordeko presidente kargurako aurkezten da Sandro Gozi, eta gaurko ekitaldian ziurtatu du ordezkatzen duen alderdia populismoen eta estremismoen aurkako eustorma izango dela. “Muturrekoek eskubideekin eta legeekin amaitu nahi dute: haientzat, gehiengoa izateak esan nahi du nahi dutena egin ahal izatea eta printzipio eta balioekin amaitzea. Baina gu demokrazia liberalaren, askatasunaren eta zuzenbide-Estatuaren alde egongo gara beti. Belaunaldi bakoitzak bere borroka egin behar duela uste dugu, ditugun eskubideak babesteko eta eskubide zibilen kausa aurrera eramateko”, ziurtatu du. Eta asmo handiko proposamen interesgarri baten berri eman du. “Europar Batasunaren barneko eta kanpoko segurtasuna gure lehentasunetako bat da mehatxu hibridoen aurrean, horiek erronka garrantzitsua baitira segurtasunerako. Baina guretzat ez dago benetako segurtasunik kulturaren eta gazteen alde gehiago egin gabe. Hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza gehiago behar dugu! Horrela, gure Europak aukerak biderkatzen ditu. Erasmus programari esker, 11 milioi pertsona mugitu ahal izan dira Europan 1987tik. Europa askoz gehiago nahi dugu, eta horregatik eskatzen dugu Erasmusen aurrekontua 10 aldiz biderkatzea. 20 urtetan 100 milioi europarrek bizi badute esperientzia hau, Europako hiritartasuna errealitate bat izango da guztiontzat”, ziurtatu du Gozik.