Prentsa Aretoa

2024/05/25

"Ekainaren 9an Europako Hauteskundeak izango dira, eta beraz, Euskal Hauteskundeak"

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, Oihane Agirregoitia zerrendaburu jeltzaleak eta Arabako hautagai Rakel Molinak Vitoria-Gasteiztik bidali dute euskal nekazariei ulermena, konpromisoa eta itxaropena helarazteko mezua: “Inork ekainaren 9an bozkatzeko indarra egin behar badu, horiek dira gure baserritarrak”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

“Pertsona batzuek pentsatzen dute Europa urrun dagoela, Bruselan gertatzen dena interesatzen ez zaiela. Eta, botoa ematera ez joatea pentsatzen ari dira. Hauteskunde hauetan paso egitea, ezer ere ez dagoelako jokoan. Eta, ulertzen dut nekea, horrenbeste hauteskunderekin, bata bestearen segidan. Baina, kontuz, ekainaren 9an asko daukagulako jokoan, bereziki hemen, Araban. Hemen oso garrantzitsuak dira nekazal politika eta ingurumen politika, bai eta energiari buruzko arauak ere. Hori dena, Bruselan erabakitzen da. Beraz, argi izan ezazue: ekainaren 9an Europako Hauteskundeak egingo dira. Europakoak eta, beraz, Euskal hauteskundeak, Arabako Hauteskundeak. Bozkatzera joan behar da. Eta botoa emateko orduan, Europa buruan eta Euskadi bihotzean”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur Europako Hauteskundeetako kanpainan EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizen egin duen mitinean luzatu nahi izan den mezua. Gaurko ekitaldi politikoan, euskal nekazariak, gure baserritarrak, oso presente egon dira entzun diren hiru diskurtsoetan, bai Ortuzarren hitzetan bai Oihane Agirregoitia jeltzaleen zerrendaburuak esan dituenetan, bai eta Rakel Molina arabarrak esandakoetan ere. Industria-politika eta energia-politika ere izan dute hizpide hiru hizlariek.Izan ere Araba da Euskadiko lurralderik industrializatuena eta energia berriztagarriei baldintza onenak eskaintzen dizkiena. “Gasteiz hiri modernoa, eraginkorra, iraunkorra eta ondo antolatua da. Eta bide horretatik jarraituko du garraio elektrikoarekin, 5.0 industriarekin, logistikarekin edo digitalizazioarekin”, esan du Agirregoitiak. “EAJ-PNVri botoa ematea da burokrazia itogarria eta gure nekazariek eta abeltzainek egunero jasaten dituzten karga administratiboak murriztea”, ziurtatu du Molinak.

 “Inork ekainaren 9an bozkatzeko indarra egin behar badu, horiek dira baserritarrak, nekazariak”, esan du Ortuzarrek. “Ondo dago aldarrikapenak egitea, hainbat eskaritan arrazoia eman diegu euren alde gure onena eman dugu erakundeetan. Beren ekintzak, traktore-martxak eta manifestazioak ulertu genituen Baina, hura egin zuten modu berean, orain botoa ematera joan behar dute, botoa ematea eskatzen diegu. Oraingo honetan beren botoarekin aukeratu ahal izango dute Bruselan nork ordezkatzea nahi duten, beren aldarrikapenak Estrasburgora eta Europako Batzordera nork eramango dituen. PAC famatua, Nekazaritza Politika Bateratua, erabakitzen den tokian erabakitzen da eta funtsezkoa da arabar nekazarientzat. PAC horrek zuzentarau batzuk edo beste batzuk erabaki, horren arabera joango zaie Arabako nekazal ustiategiei. Eta nik, gaur eta hemen hitzematen diet EAJ-PNV aukeratzen badute, Europan ordezkatuak eta defendatuak izateko Oihane aukeratzen badute, ondo joango zaiela”, esan du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek era berean aipatu du europar erakundeen garrantzia ingurumen politikak erabakitzerako orduan, hauen interesak hainbatetan nekazaritzaren interesekin talka egiten baitute. “Horregatik da garrantzitsua ekainaren 9an bozkatzera joatea. Araba orekatua lortu behar dugulako, Euskadi orekatua, Europa orekatua. Gure ingurunea zaintzea eta errespetatzea bateragarri egiteko lurralde garatu eta aberatsak izatearekin, hiritarrei ongizatea emango dietenak”. Ortuzarrek ez du euskal industria bazterrean utzi. “Horretan ere bilatu behar dugu garapen industrialaren eta deskarbonizazioaren areko oreka; energia berde gehiago eta hobea produzituz eta nekazal produkzioa bermatzeko beharko diren laborantza arlo nahikoak landuz. Eta oreka horretarako behar dira aukera politiko orekatuak. Muturretatik ez da oreka hori etorriko. Baina bai etor daiteke EAJ-PNVren alde bozkatzetik”, amaitu du.

EAJ-PNVren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak Vitoria-Gasteiz aurkeztu du “europar hiri aurreratu” gisa. “Gasteiz hiri modernoa, eraginkorra, iraunkorra eta ondo antolatua da. Eta bide horretatik jarraituko du garraio elektrikoarekin, 5.0 industriarekin, logistikarekin edo digitalizazioarekin”, esan du. Agirregoitiak Francisco Javier Landaburu ekarri du gogora, Arabako jeltzalea, eta “gure alderdiaren politika europeistaren adierazle nagusietako bat”, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera Les Nouvelles Équipes internationales izenekoaren sorreran parte hartu baitzuen, Europako Mugimenduaren sorburua. “Landaburuk aurreratu zuen gaur defendatzen dugun eredu federalista, Europak behar duen eredua. Soziala, bidezkoa, oparoa, anitza eta irekia”, azpimarratu du. Azkenik, Agirregoitiak EAJ-PNVk defendatzen duen Osasunaren Europa azaldu du. “EAJ-PNVren aldetik gogor lan egin dugu pertsonen alde. Baita osasun-arloan ere. Europan ere bai. Eta Bruselatik euskal herritarren osasuna hobetzen jarraitzeko lan egingo dugu, neurri zehatzekin”, esan du.

Rakel Molina Arabako hautagaiari egokitu zaio gaur lehen hitzak esatea eta ekainaren 9ko hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du. “Han, Bruselan, onartzen den araudiaren % 80k eragin zuzena du hemen, Euskadin”, adierazi du. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren munduarekin duen lotura gogora ekarri ondoren, Molinak lehen sektorera jo du ondorengoa nabarmenduz: “EAJ-PNVri botoa ematea euskal nekazaritzarako hobekuntzak ziurtatzea da, balio-katea hobetzeko lan egitea da, ustiategiak errentagarriak izatea eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzea. EAJ-PNVri botoa ematea ere bada burokrazia itogarria eta gure nekazariek eta abeltzainek egunero jasaten dituzten karga administratiboak murrizteko urratsa ematea. Eta Nekazaritza Politika Bateratuaren izapideak sinplifikatzea ere bada. EAJ-PNVri botoa ematea da gure ekoizpen-arauak betetzen ez dituzten produktuak gure merkatuetan sartzen ez direla bermatzea. EAJ-PNVri botoa ematea da merkatuan gure ardoak defendatzea”, ziurtatu du.