Prentsa Aretoa

2024/06/07

EAJ-PNVk Europako eserlekua berriz lortzeko ilusioarekin eta zazpi Herrialdeetara aurkeztuko den alderdi bakarra izateko harrotasunarekin itxi du kanpaina

Alderdi jeltzaleak Bilboko Arriaga Antzokiaren ondoan egin du kanpaina amaierako mitina, eta bertan izan dira eta hitza hartu dute Andoni Ortuzar EBBren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Oihane Agirregoitia E-9ko hauteskundeetarako zerrendaburuak, Aitana Agirre, Rakel Molinak, Amaia Arrizabalaga eta Gracianne Mirande hautagaiek eta Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatuak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Europako Ganberako eserlekua berriz lortzeko helburuarekin eta zazpi Herrialdeetan parte hartuko duen alderdi bakarra izateaz harro, EAJ-PNVk gaur eman dio amaiera igande honetan, ekainaren 9an, egingo diren Europako Hauteskundeetarako kanpaina. Alderdikide eta alderdizale ugari bertan izan direla, alderdi jeltzalearen azken ekitaldiak hainbat hizlari izan ditu, zortzik hartu baitute hitza. Bakoitzak, atrilera hurbiltzean, puzzle baten pieza bat jarri du, non azken piezarekin zazpi Herrialdeak, EAJ-PNVren eta CEUS Koalizioaren logoak eta Ikurrina Europar Batasunaren izar horiekin ikusten baitziren. Sinbolismoz beteriko keinu honi ahotsa jarri nahi izan dio Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak. “Astelehenean, ekainak 3, Sabino Aranak Larrazabalen Zinaren urteurrena bete zen. 131 urte geroago, Sabino oso pozik egongo zen bere alderdia, EAJ, euskal lurralde guztietan aurkezten den alderdi bakarra dela ikustean”, adierazi du buru abertzaleak. Ortuzarrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak, Oihane Agirregoitia zerrendaburu jeltzaleak, Aitana Agirre, Rakel Molina, Amaia Arrizabalaga eta Gracianne Mirande hautagaiek eta Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatuak hartu dute hitza.

“Erabat abertzaleak eta europazaleak gara. Gara eta izan gaitezke, gauza biak bateragarriak direlako: Euskadik merezi duen lekua lortzeko biderik onena da”, esan du Ortuzarrek. “Baina horretarako”, ohartarazi du, “Europa ere zaindu behar dugu, Euskaditik ekarpena egin behar diogu Europari, Batasunaren barruan indar batzuk daude une honetan, indar negatiboak, Europaren aurrerapena geldiarazi nahi dutenak, Estatuen berekoikeriarantz berriro atzera egin nahi dutenak, Europa itxi nahi dutenak arnasa gutxiago emanez ,izaera demokratikoa galduz”. Hori dela eta, Ortuzarrek igande honetan botoa ematera animatu ditu euskal herritarrak, eta ahal dela “beste herrialdeetan baino boto gehiago emanez. Frantziako eta Espainiako Estatuetan baino parte-hartze handiagoa lortzeko. Europaren aldeko boto gehiago, Batasunaren aldeko boto gehiago, demokraziaren aldeko boto gehiago eta bakearen aldeko boto gehiago lortu behar ditugu”, esan du buru abertzaleak, eta esker oneko hitzak eskaini dizkio Izaskun Bilbao Barandicari. Barandicak Europako Parlamentua utzi du, 15 urtez Euskadiren defentsan lan bikaina egin ondoren. “Horrek horrela izaten jarrai dezan eta Euskadik Europari ekarpena egin diezaion, Euskadik ordezkaritza sendoa, indartsua, ozen eta argia izan behar du Bruselan. Oihaneren ahotsa, Eusko Alderdi Jeltzalearen ahotsa”, amaitu du Ortuzarrek.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, bere aldetik, “gure aurrekoak” gogora ekarri ditu eta beraien ekarpena “aitortu” du. Eta gehitu du: “Garai zailenetan ere, gerran, erbestean, diktaduran... Euskal Herriaren kausa defendatzen jarraitu zuten”. “Hori da, hain zuzen ere, Europako Alderdi Demokrataren sortzaileetako bat garen aldetik dugun konpromisoa”, izan ere, “hauteskunde hauek ez daude gure interesetatik urrun. Kontrakoa. Herri eta gizarte bezala asko dugu jokoan”.

“Eskerrak emateko eguna da, azken egun hauetako lanari amaiera ona jartzekoa”, nabarmendu du Oihane Agirregoitia hautagai jeltzaleak. “Gaur goizean aste hauetan egindakoaren errepasoa egin dugu: 8.000 kilometro, 35 elkarrizketa, 8 eztabaida, 28 kanpaina-ekitaldi...”. Zenbaki horiek “esker ona merezi dute, baina proposamenena; Eusko Alderdi Jeltzaleak aste hauetan mahai gainean jarri dituen 160 proposamenak, astelehenetik aurrera Bruselan bultzatuko ditugunak”, aurreratu du. Ondoren hitzeman du lan egingo duela “berdintasunezkoa, eraldatzailea eta gure kanpoko dependentziak ezabatuko dituen Europa baten alde; bakearen bermatzaile izango dena eta munduko leku guztietan pertsona guztien giza eskubideak defendatuko dituena; kalitatezko enplegu-aukera berriak eskainiko dituena, batez ere emakumeentzat eta gazteentzat; Europako ekosistema industrialaren garapena aldarrikatuko duena, euskal industria delako gure lehentasuna; lehen sektoreari arreta eskainiko diona eta arrantzaleen eta nekazarien beharrak aintzat hartuko dituena; aniztasunean batuta eta elkartuta dauden eta euskal herria bezalako herrien aniztasuna errespetatuko duena, eta, jakina, euskara Europako erakundeetan hizkuntza ofizial bihurtzeko lana egingo duena. Hau da gure konpromisoa”, amaitu du.

Rakel Molina Arabako hautagaiak alde batera utzi ditu ohiko hitzaldiak, eta bakarrizketa dibertigarria egitera ausartu da. Bakarrizketa horretan, tonu lotsagabeagoan eta umoretsuagoan, “Europan ordezkaritza izateko beharra” azaldu du, euskal herritarren interesak defendatzen jarraitzeko, baita Bruselan eta Estrasburgon ere.

“Euskadiko eredu soziala sendotasunez finkatzeko dago, Europar Batasuneko proiektua bezala, eta oso garrantzitsua da gure ahotsa, Euskadiren ahotsa, erabakiguneetan egotea. Guk gure interesak defendatzen ez baditugu, ez ditu inork defendituko!”, baieztatu du Aitana Agirre hautagai gipuzkoarrak. “Herri txikia izango gara tamainaz, baina Europari egiten dizkiogun ekarpenek egiten gaituzte handi. Europar Batasunean egin dugun lana ere ezaguna eta aitortua da. Izaskunen iturri zaharretik edaten duen ur berria da Oihane. Indar berria da, baina aurrekoek eginiko lan guztiaren babesarekin joango da Bruselara. Katea ez da eten!”, aldarrikatu du EGIkideak.

Amaia Arrizabalaga Geroa Baiko Nafarroako hautagaiak bere aldetik berretsi duenez, “nahi dugun Europa indartsua da, batua eta egungo erronkei aurre egiteko prest egongo dena; ezbeharren aurrean amore emango ez duen Europa, nazioartean lidergoa berreskuratzeko indar gehiagorekin altxatuko dena”. Horregatik, “gaur eskatzen dizuet igandean bozkatzera joan zaiteztela, boto bakoitzak balio duela. Boto bakoitza Europarekiko konpromiso-adierazpen bat da. Elkarrekin Europa babestu dezakegu eta etorkizuneko belaunaldientzat aurrera egiten jarraituko duela ziurtatu “, esan du.

Gracianne Mirande EAJ-PNBko hautagai eta Écologie Positive et Territoires koalizioko kideak Iparraldeko ahotsa eraman du Bilbora. “Europa eraginkorragoa eta herritarrengandik eta eskualdeetako eragileengandik hurbilago dagoena defendatzen dugu, nahi dugun Europaren eredua erabaki ahal izateko. Europa honek, gure autogobernu indartuarekin batera, nahi dugun Euskadi eraikitzeko aukera emango digu: Euskadi aske, bateratu eta erresilientea, kontinenteko ekonomia birsortzaile eta aurreratuenean oinarrituko dena”, aldarrikatu du.

Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatuak hizlarien tokia erabili du gaur “zorionak eta eskerrik asko” esanez agurtzeko, “benetako plazerra, ohorea eta harro egoteko moduko gauza izan delako Bruselara eta Estrasburgora Euskadiren ahotsa eramatea, Europan izar propioa balu bezala distiratzen duen herria”. “Eta merezi izan du, Euskadi hondamendi industrialetik gaur egun garenera eraldatu delako, eta hori Europan eredugarria delako”, azaldu du, eta Europan “argi eta garbi identifikatzen dute prozesu hau lan kolektibo ikaragarri bati esker, ideia eraldatzaile batzuei esker, berreskuratu eta eraikitzea lortu genuen autogobernu-erakundeei esker egin ahal izan dela. Eta, ez dezagun ahaztu, lidergo argi bat: EAJ-PNVren lidergoa“, aldarrikatu du.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU