Prentsa Aretoa

2025/11/14

EAJ-PNVk herritarren segurtasunaren arloan dituen erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari

Talde jeltzaleak "ostrukaren teknika" praktikatzea leporatu dio EH-Bilduri, arazoak ukatuz eta eztabaida diskurtso antzuekin desbideratuz

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk herritarren segurtasunaren arloan dituen erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNV udal taldeak EH-Bilduko Udal Gobernuari eskatu dio bere gain har ditzala herritarren segurtasunaren arloko erantzukizunak, Laudioko bizilagunen artean kezka eta ezinegona sortzen ari diren lapurretak, ebasketak eta okupazioak ugaritu egin direlako. Alderdi jeltzalearen ustez, Ainize Gastaka alkatearen taldeak erantzunik eman ez izanak zigorgabetasun eta segurtasun gabezia sentsazioa areagotzen ari da udalerrian.

"Laudion ukatu ezin den errealitate bat dago: etxebizitzetako lapurretak, kaleko lapurretak, legez kanpoko okupazioak eta adinekoekin eta gazteekin izandako istiluak areagotzen ari dira", adierazi du Ander Añibarro bozeramaile jeltzaleak. "Udal Gobernuaren erantzuna ezin da izan burua hegalaren azpian ezkutatzea, ostrukaren teknika aplikatzea errealitatea ukatzeko eta, jendea kezkatzen denean eta neurriak eskatzen dituenean, haizagailua piztea arreta desbideratzeko eskuin muturreko ustezko diskurtsoak argudiatuz. Jarrera hori arduragabea bezain onartezina da".

EAJ-PNVk gogorarazi du udalerriko hainbat tokitan, hala nola Aretan, Ellakurin, Isasin, Virgen del Carmenen eta Motxotekalen, lapurretak eta ebasketak izan direla azken asteetan, eta beste toki batzuetan, Laudioalden esaterako, legez kanpoko okupazioen inguruko kezka areagotu egin dela. "Eguneroko bizikidetzari, segurtasunari eta bizilagunen konfiantzari eragiten dieten gertaerak dira. Kontua ez da alarma sortzea, baizik eta dagoen eta erantzun serioak behar dituen arazo bati aurre egitea", adierazi du Añibarrok.

Izan ere, "EAJ-PNVtik joan den hileko osoko bilkuran Udaltzaingoan errefortzuak, baliabide tekniko gehiago eta Ertzaintzarekin koordinazio estuagoa eskatu genituen, segurtasuna ez baita diskurtsoekin bermatzen, baliabideekin eta plangintzarekin baizik", gaineratu du.

Bozeramaile jeltzaleak herritarren segurtasunaz, etxebizitzaz eta okupazioaz arduraz, lasaitasunez eta aurreiritzirik gabe hitz egiteko beharra defendatu du: "Hori egin behar da, nahiz eta deserosoa izan, ultraeskuinaren gehiegikerian, populismoan, onkerian eta muturreko ezkerraren ukazioan erori gabe. Segurtasunak eta errespetuak eskutik joan behar dute. Gure erantzukizuna da arazoak onartzea eta horiek konpontzeko benetako neurriak planteatzea".

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk udal-gobernuari eskatzen dio beste aldera begiratzeari utz diezaiola eta behingoz bere gain har dezala egoera horren kudeaketan duen erantzukizuna. "Udal Gobernuaren buru direnek auzokideen konfiantza berreskuratu behar dute. Ez da nahikoa beste batzuk seinalatzea edo ebidentzia ukatzea: lidergoa, entzute aktiboa eta ekintza behar dira. Laudion kezka dago, eta laudioarrek espero dutena irtenbideak dira, ez justifikazioak edo aitzakiak", bukatu du Añibarrok.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!