Prentsa Aretoa

2019/07/04

Berriz ere aukeratu dute Ramiro Gonzalez Arabako foru diputatu nagusi, bigarren agintaldirako

Hurrengo lau urteetan “Araba erreferente eta abangoardista izango den garai berri bati ekiteko proiektu handiak” egiteko konpromisoa hartu du

rss Ezagutzera eman
Berriz ere aukeratu dute Ramiro Gonzalez Arabako foru diputatu nagusi, bigarren agintaldirako

ARGAZKIA JAITSI

Arabako Batzar Nagusiek Ramiro Gonzalez aukeratu dute berriz ere gaur arratsaldean Arabako diputatu nagusi izateko, eta horrela, Arabako foru erakundearen buru izango da bigarrenez. Inbestidura saioan berriz aukeratua izan eta gero, diputatu nagusiaren makila jaso du inbestidura ekitaldian, Arabako Batzar Nagusien presidente Pedro Elosegiren eskutik.

Diputatu nagusia izendatzeko saioa egun osoan zehar egin da Arabako Batzar Nagusietako Batzar Aretoan, eta prokuradoreek berriz ere Ramiro Gonzalez aukeratu dutenean amaitu da. Ondoren, inbestidura ekitaldia egin da.

“Hitz ematen dut Arabako Foruak, ohitura eta usadio onak gordeko ditudala, autogobernu eta askatasunaren seinale baitira, justizia handitzeko”, izan da diputatu nagusiak karguari zin egiteko erabilitako formula, eta horren ostean, Batzar Nagusietako presidenteak diputatu nagusiaren bereizgarriak eman dizkio: domina eta aginte makila.

Miñoien buruaren agurra jaso ondoren eta Agur Jaunaken interpretazioaren ostean, diputatu nagusia jarraigoarekin batera atera da Probintzia Jauregiaren kanpoaldera.

Ohorezko aurreskuaren ostean, eta Batzar Nagusietako presidenteak lagunduta, euskal foruen defendatzaile izan zen Mateo Benigno Moraza arabar agurgarriaren monumentura joan da eta lore sorta utzi du, eta Arabako Foru Aldundiko Txistularien Bandak Foru Aldundiaren Martxa jo duelarik, ekitaldia amaitutzat jo da.

Berriz diputatu nagusi hautatua izan aurreko diskurtsoan, Ramiro Gonzalezek konpromisoa hartu du hurrengo lau urteetan “Araba erreferente eta abangoardista izango den garai berri bati ekiteko proiektu handiak” egiteko, “lidergoaren, elkarlanaren eta egonkortasunaren” bitartez.

Eskua luzatuta oposizioari

Horretarako, Ramiro Gonzalezek eskua luzatu die oposizioko taldeei: “Foru gobernu hau uneoro akordioetara iristeko prest dagoela ikusiko dute”, adierazi du.

Jakinarazi duenez, Gobernuaren jarduerak hiru ardatz nagusiren inguruan antolatuko ditu: “garapen eta hazkunde ekonomiko jasangarria”, kalitatezko enpleguarekin batera; “gizarte politiken bitartez gizarte kohesioa bermatuko duen giza garapena”, arreta berezia jarriz zahartzaroan, eta Araba “lurralde bizia” izateko kalitatezko zerbitzuak, ekonomiaren dibertsifikazioa eta Arabako herriak aktiboak eta dinamikoak izateko neurriak.

Horiek lortzeko, foru gobernuaren politika guztietan zeharkako ezaugarria izango da berrikuntza, diputatu nagusiaren arabera, bai industriarekin lotutakoetan, bai gizarte arlokoetan, bai Arabako lurraldearekin zerikusia dutenetan ere, besteak beste.

Diskurtsoaren amaieran, Ramiro Gonzalezek honako hau nabarmendu du: “erronka handiak ditugu aurrean, eta xede komun bat: arabarren bizimodua hobetzea. Araba lurralde paregabea da inbertitzeko, bizitzeko eta gozatzeko. Ametsak egi bihurtzeko garaia da. Has gaitezen lanean berehala hori lortzeko”.