Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/12/09

Beatriz Artolazabal: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak gizarte-kohesioa areagotzen du”

“Pobrezia- eta gabezia-tasak hamabosten Europar Batasunean baino baxuagoak izatea lortu du pobreziari, gabeziari eta desberdintasunei buruzko ia adierazle guztietan”

rss Ezagutzera eman
Beatriz Artolazabal: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak gizarte-kohesioa areagotzen du”

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek  azaldu duenez, “Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak gizarte-kohesioa areagotu du eta pobrezia- eta gabezia-tasak hamabosten Europar Batasunean baino baxuagoak izatea lortu du pobreziari, gabeziari eta desberdintasunei buruzko ia adierazle guztietan”.

Artolazabalek esku hartu du Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitatean Euskadiko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) esperientzia azaltzeko, Kanarietako Gobernuak gonbidatuta, Jornadas sobre la futura Renta de Ciudadanía de Canarias jardunaldien baitan. Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitateko paraninfoan bihar asteartera arte egingo den jardunaldian Rafael Robaina Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitateko errektorea, Ángel Victor Torres Kanarietako Gobernuko presidentea eta Noemí Santana kontseilaria izango dira. Topaketan Lanbideko zuzendari nagusiak, Borja Belandiak, parte hartu du. Bestalde, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariak, Carmen Maeztuk, gizarteratzearen eta eskubideak bermatzearen arloan Foru Erkidegoak duen esperientzia eta egiten duen kudeaketa azaldu ditu.

Ekitaldia Kanarietako Gizarte Eskubide, Berdintasun eta Gazteria Sailak antolatu du, beharrezkoa dela-eta “zuzenean jakitea zer den Euskadiko DBE, eta abian jartzeko zer zailtasun izan ziren eta zein den bere filosofia eta funtzionamendua”. Kanarietakoa da pobrezia eta gizarte-bazterkeria arriskurik handiena duen autonomia-erkidegoetako bat, Estatistika Institutu Nazionaleko Baldintzen Inkestaren arabera. 2018an irletan % 36,4koa zen pobrezian edo gizarte-bazterkeria arriskuan zegoen biztanleria (AROPE), eta iturri beraren arabera pobrezia-arriskuaren tasa % 32,1ekoa zen. Bertako Autonomia Estatutua berriki erreformatu da, eta 24. artikuluan Herritartasunaren Errentarako eskubidea jaso zen.

Enplegua sustatzea

Artolazabal sailburuak aipatu duenez, “DBEren printzipioak dira irauteko eskubidea sendotzea, enplegua pizgarri-politiken bidez sustatzea, pobrezia kronikoari aurrea hartzea eta ahalik eta gizarte-kohesiorik handiena lortzea. Nafarroarekin batera, gabezia-egoeran biztanleriaren ehuneko txikiena duen lurraldea da gurea: 201.437 pertsona”.  

“Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak, gizarte-kohesioko erreminta gisa, lortu du krisiak Estatuan baino pobrezia gutxiago eragitea Euskadin. Biztanleko BPGa antzekoa izan arren, krisiaren aurretik Euskadiko egoera baliabide gehiago dituzten beste autonomia-erkidego batzuena baino hobea izan da pobreziari aurrea hartzeari dagokionez”, azpimarratu du Artolazabalek.

Bere esku-hartzean, sailburuak azpimarratu du “lorpenik handienetako bat izan da diru-sarrerak bermatzeko errenta 2016an pobrezia-arriskuan zeuden biztanleen % 69,3rengana iristea. DBEri esker, 71.494 pertsona benetako pobreziatik kanpora geratu ziren, hau da, EAEko biztanleriaren % 3,3, eta 2016an arrisku-egoeran zeuden biztanleen % 36,8”.

Beatriz Artolazabal sailburuak DBE eguneratzeko eta hobetzeko jarraitu den lan-metodologia ere azaldu du, eta adierazi du Lanbideko, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udaletako (EUDEL) teknikariek osatutako Batzorde Tekniko batek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin zerikusia duten alderdiei buruzko diagnostiko-txostena egin duela.

Iturria: Irekia

Next Euskadi
Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU