Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/03/30

EAJk Iruñean aurkeztu du Europar Hauteskundeetarako bere hautagaitza eta lema, “Euskadi Gehiago, Europa Berrian”

EAJk, Iruñeako Baluarte Kongresu Jauregian, datorren maiatzaren 25ean burutuko diren Europar Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako hautagaitza zerrenda aurkeztu du. Zerrenda honen lehen hautagaia Izaskun Bilbao da eta zerrendako bigarrena Izaskun Goñi. Bilbao eta Goñi gaur Baluarten burutu den eta 500 barne eta kanpo kargu bildu dituen ekitaldian izan dira. Beraiekin batera eta ekitaldiari hasiera emanez izan dira baita Manu Ayerdi, Napar Buru Batzarreko presidentea eta ekitaldiari amaiera emanez, Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidentea. Bertan, besteak beste, hauteskunde kannpainiako leloaren aurkezpena egin da, ‘Más Euskadi, Otra Europa‘, ‘Euskadi Gehiago Europa Berrian‘.

rss Ezagutzera eman

Ortuzarrek slogan edo lelo honen esanahia azaldu du. “Euskadik Espainian ukatzen zaion adierazpen esparrua Europan aldarrikatzen duen neurri berean; oraingo Europak ere Euskadiri begiratu behar dio, gure ereduarik euskal ereduari. Garapen gizatiarrean eta hazkunde jasangarrian oinarritzen den eredua  Gizalegezko ekonomian. Babes sozial eredugarrian. Ekonomia produktiboaren aldeko apustua da, espekulazioa baztertzen duena. Hori da arimarik gabeko merkatuak menderatuta daukan Europak gaur behar duena, belaunaldietako lanez eraiki dugun Ongizate Estatua arriskutan jartzen duena. Euskadi Gehiago, Europa Berrian esaten dugunean, pertsonetan pentsatuko duen Europa eskatzen dugu. Eta Euskadi Gehiago esaten dugunean Euskadi eredua eskatzen dugu, gure inguruarekin alderatuta, bizitza eta lan kalitate hobea lortzea ekarri dituelako. Gure ereduak ez du inolako zerikusirik ez Venezuelarekin, ez Kubarekin ezta Ipar Korearekin ere, eta, hori da EH Bilduk Europara eraman nahi duen eredua, baina mozorrotuta, eta ez dakit nik  hori okerrena den, euskal eredu gisa eraman nahi dutelako. Horregatik esaten dugu: ez Troikarik, ezta Venezuelarik ere, ez pelotazorik ez komunarik, ezta broker edo antisistemarik ere. Euskadi eredua”.

Ortuzarrek nafar hiritarrei ere mezu bat helarazi nahi izan die. “Nafarroako hiritarren borondatea sakratua da guretzat eta hemen irmotasun osoz adierazi nahi dut inoiz ez diegula bide emango Nafarroaz hitz egin baina Nafarroa barik burutzen diren egitasmoei. EAJk nahi du Nafarren etorkizuna, nafarrek erabakitzea, nafarrek eta ez beste inork; oraingo nafar erakundeetatik edo Europa aldakor honen barruan sor daitezkeen erakunde berrietatik. Baina, gauza bat izan behar dugu argi: nafarrok gauza bat ulertu behar duzue: Nafarroaren etorkizuna, Nafarroatik kanpo ari dira orain erabakitzen. Ez da Nafarroako Parlamentuan erabakitzen; eta, begira  orain Nafarroa zein egoeratan dagoen; Europar Parlamentuan ere ez da erabakitzen. Han ere, EAJ da nafarroako interesak benetan defendatzen dituen bakarra.
Baina, UPNren egoitzan ere ez da erabakitzen, Vianako Printzea Plazan, are gutxiago PSNren egoitzan. Ez. Nafar gizon emakumeen oraina eta geroa Génova eta Ferrazen ari dira orain erabakitzen. Eta, hori ezin da horrela izan. Horrela daude gauzak Nafarroan. Eta, horrela dago jendea gaur Nafarroan. Pozik ote dago? Horrela dago Nafarroaren irudia, lurzorutik botata.
Espainia markaren mailan dago...edo okerrago. Eta horrek, mina ematen digu, min handia. Beraz, adi nafar guztiek; lelo horrekin datozenean eta “euskaldunak datozela” esanez beldurra sartu nahian datozenean, erantzun iezaiezue benetan beldurtzekoa dena Rajoy eta Rubalcaba direla. Gainera bi hauek ez daukate zertan Nafarroara etorri behar,  telefono dei ustel batekin nahikoa dute lurralde hau maneiatu eta hankaz gora jartzeko”.

Napar Buru Batzarreko presidente den Manu Ayerdik azpimarratu duenez, UPN ez da europar hauteskundeetara aurkezten, “behar bada, sakonean, Europan sinesten ez dutelako, edo behintzat guk eraiki nahi dugun Europan sinesten ez dutelako. Nahiago dute Estatuen Europa. Nahiago dute Madrilera begira jarraitzea, han daude eroso eta han egiten dituzte akordioak”. Ayerdik gaineratu duenez, “azken aldi honetan, Nafarroan hasi gara ikusten alderdikeria nagusitzen duen joko politikoa; kasu batzuetan, Nafarroatik kanpoko interesak dira. Joko politiko honetan nafar jendartearen interesen gainetik jarri da euskal abertzaletasuna joko politikotik kanpo uzteko ahalegina”.  

Euzko Alderdi Jeltzalea Europar Hauteskundeetara koalizio baten barruan joango da. Koalizio horren baitan daude ere CiU, Coalición Canaria eta Compromiso por Galicia. Koalizio edo bilkura horretako hautagaitza zerrendaren bigarren postuan, gaur egun euro-legebiltzarkide den Izaskun Bilbao joango da. Bilbaok Baluartera hurreratu diren guztiei eskatu die “arro sentitzeko. Garenaz arro, guztion artean lortzen ari garenaz, arro. Horregatik dugu nortasuna Europan. Gaur egun nortasun baikorra dugu. Badakite euskaldunok serioak, fidagarriak garela. Europan badakite Euskadik gehitzea baikor egiten duela. Horregatik guk gehiago eskatzen dugu. Euskadi gehiago Europa berrirako”.

Bukatzeko, Izaskun Goñi, EAJren hautagaitzaren bigarrena zerrendan, azaldu duenez, “Era guztietako aurkariak ditugu” eta proposatu du “zilborrera begira egotea besterik nahi ez dutenen aurrean; espainiartasunaren azpian ezkutatu nahi gaituztenen aurrean; gure foru tradizioa edo gure kultura ahuldu nahian ari direnen aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak ziur daki Europari buruz esateko asko dugula. Europa Federala eta sozialagoa eta, pertsona horientzat guztientzat, EAJ-PNV da bermea eta eraginkortasuna, esperientzia eta etorkizuna”.