Prentsa Aretoa
2015/10/13
“Madrili obeditzen dioten” hautagaien aldean, Arabaren interesak, eskubideak eta etorkizuna defendatzeko konpromisoa hartu du Legardak arabarren aurrean
EAJ-PNVk Kongresuan eta Senatuan Araba ordezkatzeko hautagaitza aurkeztu du Gasteizen. “Gauza asko arriskuan daudela” adierazi dute, tartean Ekonomi Itunaren aldeko defentsa.
-
Mikel Legarda-Almudena Otaola-Xabier Agirre Kongresu-Senatu 2015/10/19
Diputatuen Kongresuan Araba ordezkatzeko hautagaia den Mikel Legardaren ustez, datorren legegintzaldia erabakigarria da Arabaren eta Euskadiren etorkizunerako. “Orain badakigu Ekonomi Ituna kendu nahi digutela. Abantaila bat dela diote baina Konstituzioak aitortutako eskubide historikoa da, babestu eta errespetatu egiten duena. Gure gain hartu dugu alde bakarreko arriskua. Gure zerga-bilketa txarto ateratzen bada, ezin dugu inorengana jo laguntza eske eta ezin diogu gure ekarpena jaitsi edo atzeratu estatuari. Guk kontu handiz kudeatzen dugu eta ez dugu gehiegi gastatzen, badakigulako gure esku baino ez dagoela. Gaurko eta biharko ogia nahi dugu”, adierazi du Legardak.
EAJ-PNVk abenduaren 20ko hauteskundeetarako proposatuko dituen hautagaitza arabarren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek hautagai jeltzaleak. Gaur goizean Gasteizko Arka plazan egindako ekitaldian, Mikel Legardak garrantzia eman dio Madrilera Arabaren eta Euskadiren interesak, eskubideak eta etorkizuna defendatuko dituen talde parlamentario sendoarekin joateko ideiari. “Gure Aldundia eta Biltzar Nagusiak ezagutezinak izatea nahi dute, arabarrei laguntzeko dituzten gaitasuna eta baliabideak galtzea. Apaingarri hutsa izatea. Forondari jaramonik egin gabe jarraitu nahi dute. Estatuak ez badio jaramonik egin nahi edo ez badaki nola egin behar duen, utz diezagutela guri. Garoña ireki digute eta Foronda itxi digute. Gure ongizate- egoerari kalte egiten jarraitu nahi dute, mugapenak inposatuz. Ez dute nahi trebiñarrek beren etorkizuna aukeratzerik. Gehiago eta hobeto erabaki nahi dugu gure orainaren eta etorkizunaren inguruan. Solidaritatearen, ongizatearen eta bizi-kalitatearen arloan erreferente izaten jarraitu nahi dugu. Eta horretarako, gure instituzioak dira erabili beharreko tresna, gure eskubide historikoak, ez dira iragana, etorkizuna baino”, azaldu du Legardak.
Ekitaldian Senaturako hautagaia den Almudena Otaolak ere hitz egin du, euskal autogobernua defendatzeko. “Eta orain badirudi gure Ituna akabatu nahi dutela, Catalunyako Estatut-arekin egin zuten moduan. Ba argi hitz egingo dugu: Euzko Alderdi Jeltzaleko gizon-emakumeok tinko defendatuko dugu dagokiguna Madrilen: gure autogobernua, gure Ituna, gure ongizatea, oraina eta etorkizuna. Argi hitz egingo dugu: Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ez du Arabaren eta Euskadiren etorkizuna defendatuko. PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanos alderdiek ez dute hala egingo. Ez dituzte gure eskumenak eta eskubide historikoak defendatuko”.
Araba Buru Batzarreko presidenteak, Xabier Agirrek, Kongresurako eta Senaturako Arabako hautagaitzen osaera aurkezteko ardura duenak, honako hau azpimarratu du: “Inoiz baino gehiago, EAJ-PNV Madrilen egoteak sekulako garrantzia izango du. Hurrengo legegintzaldian helduko zaie Konstituzioaren balizko erreformari, Hauteskunde Legearen aldaketari edo Ekonomia Itunaren berrikuspenari. Gauza gehiegi daude jokoan Madrilera politikagintzan gora egitera doazen horien eskuetan uzteko; ez dute atzera begiratuko euren jatorrizko lurraldeari jaramon egiteko. Saltsa gehiegi, egoitza nagusia Madrilen daukaten alderdiak ordezkatzen dituztenentzat. Tutoretzapeko ordezkariak dira, beste era bateko interesei men egin behar dietenak, horretarako geureari, hemengoari, kalte egin behar badiote ere. Araban asko dakigu horretaz. Badituzte izen-abizenak. Alonso, Maroto, Oyarzabal... Kameleoiaren antzera dabiltza guztiak. Hemen arabazale eta Gasteiz zale larruarekin agertzen dira. Han, berriz, inguruan mozorrotzen dira, edo are gehiago, hemengoei isiltzeko agintzen diete”.
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09