Prentsa Aretoa
2018/02/08
Ortuzar: “Inork ere ez, ezta Ezker Abertzaleak ere, ez du Espainiarekin apurtzeko prozesua proposatu, baizik eta geratzekoa, elkarrekiko errespetuan eta aldebitasun harremanetan oinarritua”
EBBko presidenteak PPri ohartarazi dio Katalunian 155.aren aplikazioa kentzea baino “eragozpen” handiagoa gainditu behar duela 2018ko Aurrekontuak negoziatzen hasi orduko: “Ciudadanosen boto gosea, boterea kosta ahala kosta hartu nahi duen UTEarena”
“Madrilgo leze-zuloetakoak ez dira konturatzen Estatus Berrirako egiten dugun proposamena edo Ezker Abertzaleak berak egin duen planteamendua zertan dautzan. Baloratu beharko lukete inork ere ez duela mahai gainean apurketa prozesu bat jarri. Geratzeko prozesu bat jarri dugu, Espainiako estatuan baldintza zehatz batzuekin geratzeko prozesua. Nik uste dut hori Espainiako klase politikoak baloratu beharko duela. Buru apur bat dutenek horixe egingo dute eta papera kontu eta arreta handiagoz irakurriko dute”. Hitz horiekin baloratu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk Euskal Autogobernua eguneratzeko proposatzen duen oinarri eta printzipioen agiria atzo aurkeztu ondoren Espainiako medio nagusiek egin duten interpretazio neurrigabea.
Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek jeltzaleen proposamena benetan ezagutu nahi dutenak gonbidatu ditu “halako titular eta adierazpen maximalistak alde batera uztera eta agiria irakurtzera. Madrilen ‘Cid Campeador` pertsonaiaren izpiritua berpizteko giroa dago orain, nazionalismo espainiar oldarkorra, dena kutsatzen ari dena; eta alferrikakoa da handik esan nahi duguna ulertarazten saiatzea, ez dutelako ezer ulertu nahi”, deitoratu du jeltzaleen buruak. “Nik espero dut hau dena laster igarotzea. Orain euskaldunoi dagokigu hemen akordio batetara iristea, eta espero dudana da Euskadin akordio hori lortzen dugunean Madrilera joatea eta han bestelako giro bat egotea, giro lasaiago batekin, gauzak ondo pentsatuta eta hitz egiteko aukera izan dezagun, guk proposatzen duguna errealista delako, lege oinarria duelako, apurketarik planteatzen ez duelako. Gure proposamenak bilatzen duena da elkarrekiko aitortzan eta aldebiko harreman batean oinarritutako zerbait, denak gustura egon gaitezen, gure arteko harremanak indartzeko. `Campeadorren´ grina hori” laster amaitzea espero dut, gauzak beren onera itzul daitezela eta politikaz hitz egin eta politika egiten has gaitezela, hori delako gaur egun Espainian egiten ez den zerbait. Espainia aldean batzuek adierazpen politikoak bai, baina politika ez du inork ere egiten”.
Ortuzar jabetuta dago jeltzaleen proposamena “Eusko Legebiltzarrean emango den eztabaidaren ardatza” izango dela “elementu onak dituzten beste proposamen batzuk egon dauden arren, oso labur geratzen direlako eta beste batzuk, guztiz errespetagarriak izan arren, gaurko markoa gainditzen dutelako. Gureak ez. Uste dugu hori abiapuntu interesgarria dela,baina hitz egiteko eta iritziak eta planteamenduak kontrastatzeko prest gaude. Atzoko bileratik bi gauza atera ditut, biak onak. Lehenengo eta behin, inor ere ez, ezta PP ere, ez zela prozesua blokeatzeko tentaldian erori. Eta gero, hori baino garrantzitsuagoa eta positiboagoa dena, proposamen guztien artean eztabaidatzeko, negoziatzeko eta proposatzeko elementuak daudela eta horrek lan emankorra egiteko aukera emango digula. Elementu guztiak mahai gainean daude orain. Gu denekin hitz egiteko prest gaude”.
EBBko presidenteak begi onez ikusi du Ezker Abertzaleak, 40 urte geroago, “gauza onak baloratzera -baita okerrak ere-, eta duela 40 urte, guk EAJkook soilik hartu genuen eta eurek baliabide guztiekin borrokatu zuten Estatutuaren bidearen garrantzia onartzera etorri izana. Orain, eskema horretan sartzera datorren Ezker Abertzalea daukagu”. Ortuzarrek, era berean, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriarteri lasaitzeko mezua adierazi nahi izan dio “EAJren atzera pausuek kezkatzen zutela” esanez egin zuen baieztapenari erantzunez. “Egon dadila lasai, EAJk ez baitu atzera pausurik emango, baina bera ere arduratu dadila beraiek aurrera eman behar dituzten pausuekin, oraindik pausu batzuk ematea geratzen zaielako”. Baina titularren gainetik ere, “batzuek prozesu honek bideragarritasunik ez duela esan arren” Ortuzar “baikor“agertu da Autogobernu Lantaldearen lanen etorkizunarekin. “Uste dut hitz egiteko markoa egon badagoela Euskadin ahalik eta akordiorik zabalena lortzen saiatzeko“ baieztatu du.
Ortuzarri galdetu diote Katalunian 155. aren aplikazioa kentzea nahikoa izango ote den EAJ-PNV Gobernu Zentralarekin 2018ko Aurrekontu Orokorrak negoziatzera eser dadin. “PPk lehenagotik datorkion arazo bat dauka” ohartarazi du jeltzaleen buruak, “eta hori da Ciudadanosek egiten duena eta Ciudadanosek bidelagun nagusi gisa nolako jokaera duen. EAJk PPri azken bost eserlekuak eman ahal dizkio,baina horiek baino lehenago askoz gehiago behar dira, eta nik uste dut Ciudadanos dela ehiza nagusiko txakur horien antzekoa, odola dastatu dutenean, gero ez dutela harrapakina askatu nahi. Nire sentsazioa da Ciudadanos esneketariaren ipuinarena egiten ari dela eta Rajoyren Gobernua botatzea lortuko balu zenbat eserleku lortuko ote lituzkeen irudikatzen ari dela. Eta uste dut erabateko arduragabekeria dela hori, baina Ciudadanosek egiten duen ia guztia arduragabekeria da eta, beraz, hori ere ez litzateke harritzekoa izango”.
PP eta Ciudadanosen arteko ezbaiek bere alderdia Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzetik libratzen ote duen galdetuta, Ortuzarrek zera erantzun du “guk hau ez dugu liberaziotzat jotzen. Guk beti esan dugu eta hemen ere esaten dugu: Madrilera negoziatzera joateko moduko baldintzak emango ahal dira. Nik ez dut hori esateko inolako arazorik; uste dut egonkortasuna ona dela guztiontzat, eta Euskadirentzat ere bai. Kataluniarentzat ere egonkortasuna oso ona izango litzateke. Han ere hauteskundeetatik irten den gobernua egingo ahal dute. Gertatzen dena da han egoera bat eta giro politiko bat dagoela, eta Madrilgo politika oso nahasi dagoela. Negoziatu ahal izateko baldintzak emango ahal dira, baldintza horiek ematen direnean, gu negoziatzera sartuko garelako. Baina horiek eman behar dira eta ezin diogu gure buruari iruzur egin: gaur egun 155a kendu baino lehen eta EAJ esertzeko moduko baldintzak sortu baino lehen, hori baino eragozpen handiagoa dago,hau da, Ciudadanosen boto gosea. Ciudadanos ez da alderdi bat, UTE moduko bat da, pertsona batzuen aldi baterako batasun bat, boterea kosta ahala kosta lortzeko osatu dutena”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09