Prentsa Aretoa
2019/01/10
Gasteizko eraztun berdea eta Jundiz eta Krispiña lotzen dituen Zadorraren ibilbide berdearen tarte berria bukatu da
Esku hartze horri esker, gainera, lurrazal andeatu zaharrak itxuraberritu ahal izan dira ingurumen aldetik. -Txirrindulariek eta oinezkoek Natura 2000 Sareko natura gune den Zadorra ibaiaren ertzetatik doan kilometro eta erdiko ibilbide hori egin dezakete hemendik aurrera. Esku hartze horri esker, gainera, lurrazal andeatu zaharrak itxuraberritu ahal izan dira ingurumen aldetik. – Proiektuaren bukaeran, Zadorraren ibilbide berdeari esker Gasteiz eta Iruña Oka lotuko dira bizikletaz egiteko 16,2 kilometroko tartean
Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea lagun, gaur goizean inauguratu dute Arabako hiriburuko eraztun berdea eta Jundizko industrialdea eta Krispiña lotzen dituen Zadorraren ibilbide berdearen tarte berria.
Mugikortasun jasangarriko igarobide berri hori egokitzeko hainbat esku hartze egin da, hala nola zorua egokitu bizikletak, gurpildun aulkiak eta haurrentzako gurditxoak igaro daitezen; seinale berriak jarri, eta andeaturiko lurrazal zaharrak berreskuratu, zikin eta isurketekin egon baitira, eta orain natura gunean bertan txertatuak daude.
Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbidea da, hari esker herri guneak lotu ditzakegu, baita hobeto ezagutu ere gure natura balioak eta aurrerapausoa eman mugikortasun jasangarriaren alde esanez poztu da Ramiro González, eta dioenez ibilbide berde berri honek jarraitzaile asko izango ditu: ez bakarrik aisialdi osasuntsu baten alde oinez eta bizikletaz ibiltzera zaletuak direnak, ezpada beste aukera bat ere izango dute industrialdean lan egiten dutenek, bizikleta erabili ahalko baitute garraiobide beren lanetara joateko.
Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esku hartze hori kokatu du eraztun berdearen etengabeko hobekuntzan, hura ingurumen, gizarte eta turismoko lehen mailako baliabidea baita, zeinak 2018an 25. urteurrena bete baitu asmo askorekin eta erreferente berriekin; hain zuzen ere, Olarizuko parke botanikoa. Gasteizko alkateak gogorarazi duenez erakundeetan lan egiten ari gara hiri inguruetako parkeen sarea zabaldu, hobetu eta finkatzeko. Eta Zadorraren ibilbide berdearen tarte berri hori lankidetza horren ondorio da. Hiriko txirrindularientzako eta oinezkoentzako loturak hobetzeko modua ere bada, baita hirian eta lurraldean oinez eta bizikletaz ibiltzen laguntzeko modua ere azaldu du. Alkateak, era berean, esan du erakundeen arteko koordinazioa Gasteiz eta Araba hobetzeko tresna dela.
Izan ere, Gasteizko Udalak dozenaka jardun dauzka aurreikusiak eraztun berdea finkatzeko datozen urteetan. Hain zuzen ere, Larragorri parkea atontzea, Áncora irin lantegia zaharberritzea, Zadorra hidraulikoki egokitzea Gamarra eta Abetxuku artean, edo Armentiako basoa eta Zabalgana lotzea igarobide garai baten bidez.
Lotura jasangarria Krispiña, Margarita eta Lermandarako
Gaur goizean inauguratu den tartea proiektu handiago baten zati da, hari esker 16,2 kilometroko ibilbidea egin ahalko baita Gasteiz, Tresponde, Billoda eta Iruña Oka artean, eta Iruña Veleiako aztarnategira ere iritsi ahalko da. Gainera, ibilbideak –Zadorraren ur ibilgua du erreferentzia– berariazko bideak ditu Santa Katalinako lorategiraino eta Jundizko muinoraino; hau da, interes historiko eta ekologikoa duten toki horietaraino.
Ibilbide berde berriak jada irteera atsegina eta bizikletaz eta oinez ibiltzeko konexioa eskaintzen die Krispiñako herritarrei, eta ibilbide osoa amaitzen denean, Margarita eta Lermandakoei eskainiko die, zeinei Jundizko industrialdea hazteak eragin baitie; izan ere, Gasteiz eta Iruña Okarekin loturik egongo baitira Zadorraren ibilbide berdearen bidez.
Hain zuzen ere, ibilbidearen lehenengo zatia, Billoda eta Iruña Oka lotzen dituena, 2017ko uztailean jarri zen martxan, eta horretarako, 4,7 kilometro atondu ziren. Guztira, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ia 300.000 euro inbertitu ditu ibilbide horretan, eta hartarako, guztira 850.000 euroko inbertsioa aurreikusten da. Esku hartze guztiak % 50ean finantzatuta daude Europako EGEF funtsekin.
Ibilbide berdeen 1.080 kilometroko sarea
Diputatu nagusiak garrantzia eman die Arabako ibilbide berdeei, eta gogorarazi duenez, gure ibilbide berdeak estatuan ondoen kontserbatuak daudenak dira, eta elkarri guztiz konektatuta dauden bakarrak; guztira, 1.000 kilometro baino gehiago dituzte. Irmoa da mugikortasun jasangarriaren eta ez motorizatuaren aldeko gure apustua. Gainera, ibilbide berdeen bidez, herriak elkarrekin lotzea lortzen dugu, bai eta gure lurraldearen oreka sendotzea ere, gure kultura eta historia balioak indartuz.
Horretarako, agintaldia bukatzen denean, foru gobernuak 3,8 milioi euro inbertitu izango ditu azpiegitura estrategikoetan, esaterako: Vasco-Navarroren ibilbide berdearen bidea, Antoñanara doana; Amurrio eta Nerbioiko parke lineala lotzea; ibilbide berriak, hala nola Zadorraren ibilbide berdea edo etorkizunean egingo den harriaren ibilbidea, zeinaren bidez Santa Maria katedrala eta Axarteko harrobiak (Trebiñu) lotuko baitira, eta proiektu horrek Erdi Aroko antzinako bidea, 14 kilometrokoa, berreskuratuko du.
fuente - iturria: vitoria-gasteiz.org
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09