Prentsa Aretoa
2013/11/25
Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
EAJ-PNVren Adierazpena
AZAROAREN 25a, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO EGUNA - 2013/11/25
Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabaki zuelako, azaroaren 25a "Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna" ospatzen dugunetik, EAJ-PNVren aldetik, beste behin ere, emakumeen kontra egiten den indarkeria (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa) adierazpen ororen kontrako gaitzespen irmoa adierazi nahi dugu.
Emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten dugu, genero desberdintasun eta diskriminazioaren adierazpenik larrienetakoa delako. Gaitzespen hau gero eta argiagoa da erakunde publiko, pribatu eta erakundeen aldetik zein mugimendu zibil eta hiritargoaren aldetik.
Hartara, EAJ-PNVren aldetik azken urteotan emakumeen mugimenduen eta talde feministen aldetik egin izan den ekarpen eta lana aitortu eta baloratu nahi dugu, lan horren bidez lortu baita emakumeen kontrako bortxakeria ezabatzeko ekimenak agenda politiko guztietan egotea.
Genero desberdintasuna dago emakumeen kontrako indarkeriaren sorburu eta oinarrian eta, beraz, bortxakeria mota honen kontrako borroka eraginkorrak balore aldaketara lotu beharra dago ezinbestean. Horregatik, EAJ-PNVren aldetik gizontasun eta emetasun ereduen aldaketaren aldeko apustua egiten dugu eta, era berean, emakume eta gizonen artean harreman afektibo eta sexualak eraikitzen diren modua aldatzeko aldarria egin nahi dugu. Hortik dator, prebentzioa gero eta gehiago lantzeko beharra, behar besteko ahalegin eta baliabideak jar ditzagun gazteei errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarrituko diren harremanak eraikitzen laguntzeko.
Prebentzioa da, guretzat, mutil eta gizonei neska eta emakumeen gainetik daudela pentsaraziko dien pribilejio eta nagusitasunik emango ez dien erreferente eta ereduak sortzea.
Belaunaldi gazteenen artean, emakume eta gizonen arteko desoreka eta emakumeen kontrako bortxakeria gaindituta daudelako ustetik urrun, errealitateak behin eta berriz erakusten digu benetan kezkagarria dela gazteen eta adingabeen artean ematen den bortxakeria matxista.
Zentzu honetan, gure babes eta atxikimendu osoa adierazi nahi diogu EUDEL, hiru Foru Aldundiek eta Emakunde erakundearen Berdinsareak sustatzen duen Beldur Barik Programari, gazteen artean bortxakeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko eta prebenitzeko tresna egoki eta erabilgarria delako.
Hartara, EAJ-PNV ordezkatzen dugunok emakumeen kontrako bortxakeriaren aurrean dugun ardura sozial eta politikoa aitortzen eta aldarrikatzen dugu, lehenengo eta behin gure eguneroko aurreiritzi, rol eta jarrerak berraztertzeko jarduna eginez; erantzukizun horiek guztiak geureganatuz, gauzak aldatzen lagunduko dugulakoan gaude.
EAJ-PNV:emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, tolerantziarik ez.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09