Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/12/03

EAJ-PNVk hainbat ekimenekin ospatuko du gaur Euskararen Nazioarteko Eguna

EAJ-PNVk hainbat ekimenen bidez ospatu nahi izan du gaur, abenduaren 3 honetan ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk hainbat ekimenekin ospatuko du gaur Euska

ARGAZKIA JAITSI

Goizean, lehen orduan, Euzkadi Buru Batzarrak adierazpen ofiziala egin du  "euskararen balio unibertsala eta euskarak beste hizkuntzen artean duen tokia" aldarrikatzeko. Adierazpenean, EAJ-PNVren erakunde gorenak ospatu egiten du euskarak azken hogeita hamar urtetan bizi izan duen hazkundea “bereziki ezagutzari dagokionez. Izan ere, 0,5 puntu urteko hazi da euskara azken urteotan, modu egonkor eta iraunkorrean. Baina erabilerari dagokienez ere, garbi hazi da euskara aldi berean, eta, are garrantzitsuagoa dena,  lehen erabat arrotz zituen eremuetan erabiltzen da gaur euskara”. EBBK era berean azpimarratu du euskarak aurrera egin duela gizarte kohesioan ere "iparrorratz hartuta egin du, ez beste hizkuntza baten aurka, are gutxiago beste hizkuntza baten hiztunen aurka". Horren aurrean EBBk aitortu egin du kezkatuta dagoela Euskal Autonomi Erkidegoan ezagutzan eta erabileran lortu den aurrerapena ez dela Nafarroan eta Iparraldean eman. Amaitzeko, EAJ-PNVk  euskal gizon eta emakume guztiak gonbidatu nahi izan ditu euskara erabiltzera eta euskara etorkizun oparora eramateko beharko den adostasun zabal eta sakona lortzeko lan egitera. “Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, ezinbestekoa duen erabilera dugu, batez ere, gogoan. Euskara gurea baldin bada, gurea da, neurri berean, euskara erabiltzearen erantzukizuna, euskarak euskal hiztunongan baitu arnasbide bakarra. Gutariko bakoitzak bere gain hartu behar duen konpromiso hori, euskara gero eta gehiagotan, gero eta eginkizun gehiagotarako erabiltzekoa, berresteko eguna dugu, baita ere, Euskararen Nazioarteko Eguna”.

11:30ak aldera, EAJ-PNVk bere web gunean eta gizarte sareetan hiru minutu eta erdiko bideoa publikatuko du zeinetan EBBko kide diren Andoni Ortuzar, Pilar García de Salazar, Koldo Mediavilla eta Nekane Alonsok beren lekukotasuna adieraziko duten euskara denon eskura dagoela erakusteko, ama hizkuntza izan ez dutenen kasuan ere. Ortuzar, García de Salazar, Mediavilla eta Alonso laurak dira eukaldun berriak eta euskal hizkuntza ikasteko arrazoia azaltzen saiatuko dira. “Euskara ikasten hasi nintzen 19 urte nituela. Abertzale, jeltzale sentitzen nintzelako egin nuen eta euskara nire Herriaren hizkuntza zela eta delako" esan du Pilar García de Salazar Euzkadi Buru Batzarreko Idazkariak. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan duenez "aitite-amamak, laurak , euskaldunak ziran. Orduko denborak bereziak zirelako eta debekatuta zegoelako nire gurasoek ezin izan zuten ikasi eta galdu egin genuen. Nire ardura zen  hizkuntza berreskuratzea, ez bakarrik gure aitite-amamengatik baizik eta baita gure seme-alabengatik ere".

Bideoa

Eguerdi aldean, EAJ-PNVko hainbat ordezkarik  parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak Twitter bidez abian jarri duen #mundiala kanpainan. Agintari jeltzaleek mundu osoko euskaldunekin jardungo dute Itsaso Atlantikoa zeharkatuz Amerikaraino helduko den eta Indiako Ozeanotik Asiara iritsiko den katean. EAJ-PNVk aukeratutako mezua izan da Koldo Mitxelenaren testutik ateratakoa “Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean”  eta Andoni Ortuzarrek mezu hori bidaliko dio  Maritxu Baqueriza, Tandilen  ( Buenos Aires) bizi den alderdikideari. Itxaso Atutxa, Manu Ayerdi, Izaskun Bilbao, Markel Olano, Aitor Esteban, Sabin Anuzita, Jokin Bildarratz, Ramiro González, Joseba Agirretxea,Amaia del Campo, Iñaki Anasagasti, Gorka Urtaran eta Eneko Goia izango dira,besteak beste   #mundiala Belgika, Argentina, Chile, AEB eta Txinara bidaliko duten ordezkari jeltzaleak.

Amaitzeko, Iñigo Urkullu lehendakaria gaur arratsaldean izango da Eusko Jaurlaritzak Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz  Lehendakaritzan egingo duen ekitaldian. Bertan omenduko da Jean Haritschelar duela gutxi zendu den Euskaltzainburu ohia. Hitzaldiaren ondoren, Lehendakariak ere#mundiala kanpainan parte hartuko du .