Prentsa Aretoa
2014/04/13
Izaskun Bilbaok Legution iragarri duenez, “demokraziari beldur izanez ezin da Europan Euskadi defendatu”
Izaskun Bilbao Barandica euskal eurodiputatuak gaur baieztatu du EAJ-PNVrena dela eskaintza politiko bakarra “Euskadik eragina izango duen Europa hobea lortzeko egingo duena, pertsonen alde egingo duena, Europa sozialago eta anitzagoa, nazio guztien Europa. Txarto egingo dute hori, hogeita hamar urtetan herriaren garapena boikotatzen edo Estatutua osorik bete gabe utzi dutenek. Azken finean, jendeak bakean eta demokratikoki erabakitzeari beldur diotenek”. Bilbao gaur goizean izan da Arabar Buru Batzarrak Legution ospatu duen Alderdikide Egunean. Jai horren inguruan elkartu dira Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Xabier Agirre Arabar Buru Batzarreko presidentea eta Ramiro Gonzalez, 2015eko hauteskundeetarako foru ahaldun nagusirako hautagaia dena.
Alderdikide Eguna Zuia 2014 Izaskun Bilbao
MINTZALDIA - 2014/04/13Alderdikide Eguna Zuia 2014 Ramiro Gonzalez
MINTZALDIA - 2014/04/13Alderdikide Eguna Zuia 2014 Xabier Agirre
MINTZALDIA - 2014/04/13Alderdikide Eguna Zuia 2014 Andoni Ortuzar
MINTZALDIA - 2014/04/13
Eurodiputatu jeltzaleak azaldu duenez ahalegin handia egin du Europan “ETAk euskaltasunarekin zerikusirik ez duela erakusteko. Haiek dena ezabatzen ari ziren bitartean, gutako gehienok eraiki egiten genuen. Eta gure Herria defendatzeko lanean ezer gutxi espero dezakegu hogeita hamar urtetan bere garapena boikotatzen egon direnen aldetik”. Bilbao Barandica konbentzituta azaldu duenez, Estatutua bete ez dutenek “txarto defendatuko dute Bruselan Itun Ekonomikoa edo Hitzarmena, Ertzaintza, euskara… Ez dute Estatutua defendatuko Lehendakaria iraintzen dutenek eta Ardatz Atlantikoa lideratzen dutela diotenek, ‘euskal Y’ trenbiderako txakur txikirik jartzen ez duten bitartean, edo Foronda ixten eta Hezkuntza departamentuan murrizketak egiten duten bitartean”.
Andoni Ortuzarrek arabar errealitatean errotutako diskurtsoa egin du, eta hori baino lehen argitu du Izaskun Bilbao dela berme bakarra “Euskadik Europan eragina izan dezan”. EBBren presidentea poztu da Ramiro González ahaldun nagusirako aukeratua izan delako. “Ramiro da Arabaren oraina eta etorkizuna. Ramirok ideia asko ditu Araba aldatzeko eta hobetzeko. Lan egiteko gogoa dauka. Gehiago egiteko gogoa. Eta, ilusioa ere badauka. Baita burdinazko konpromisoa ere arabar gizon eta emakumeekin. Eta, gainerako beste euskaldunekin ere. Ez Ramirok, ez EAJk ez dugu nahi Araba beste herrialdeengandik banatutako lurraldea izatea, ez dugu PPk nahiko lukeen kortijoa izaterik nahi. Martxan dago,jada, Arabar aldaketarako atzerako kontua”, esan du Ortuzarrek.
Arabar alderdikideei berarengan jarritako konfiantza eskertu ondoren, Ramiro Gonzalezek bere kezkarik gorenena identifikatu nahi izan du “Araban langabeziako zerrendan dauden 28.777 pertsonak. Hori da gure kezkarik nagusiena. Pertsona bakoitzaren egoera hobetzea. Hori izan beharko litzateke ere Foru Gobernuaren ardurarik nagusiena, Javier de Andrésen kezka. Baina ez da, edo behintzat ez du ematen. Araban foru gobernu pasibo, geldi eta nagia dago. Ez du ezer egiten gauzak hobetzeko. Hiru urteko gelditasuna daramagu Foru Gobernuan”, deitoratu du. Gonzalezek defendatu duenez, “Araban pentsatuko duen Foru Gobernua behar dugu, ez dugu behar Madrilen pentsatzen duen gobernua. Aldaketa behar da, eta aldaketa hori EAJren eskutik baino ezin da etorri. Ez dago beste alternatibarik. Arabak foru gobernu serioa behar du, krisitik ateratzeko ahaleginean murgilduta egongo dena. Pertsona prestatuak eta gaituak behar ditu, suspertze ekonomikoaren alde lan egingo dutenak. Lantalde hori lideratzeko konpromisoa hartu dut. Araban sinesten dudalako. Uste osoa dudalako arabar gizon eta emakumeengan. Eta jakin badakit denon artean Araba erreferente bihurtu ahalko dugula”.
Xabier Agirrek bere aldetik azpimarratu du Arabak “premiazko aldaketa” behar duela, eta aldaketa hori EAJrengan dago. Baliabideak ditugu. Horiek baliabide guztiak ditugu lantalde prestatu, gaitu eta eraginkorrak ditugulako, eta besteak ez bezala, Madriletik datozen interesen mende ez gaudelako”. Zentzu honetan eredu gisa aurkeztu ditu Ramiro Gonzalez eta Izaskun Bilbao. “Haiek ordezkatzen dute EAJren berezitasuna: Herri honekin eta herritar hauekin dugun konpromisoa”. Horregatik guztiagatik arabar jeltzaleen buruak ahalegin bikoitza eskatu die arabar alderdikideei. “Lehenengo eta behin arabar erakundeak berriz abertzaleak izan daitezela”, eta bigarrena, “maiatzaren 25ean Europarako azken hauteskundeetan lortu genituen 210.000 botoak gainditzea. Euskadik Europan egon behar du bere indar guztiekin, ahots propioarekin. Ahots hori Izaskun Bilbao Barandicarena izango da, Brusela eta Estrasburgon euskal gizon eta emakumeen interesak defendatzeko altxatuko dena”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09