Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/04/20

EAJ-PNVk Madrili eskatu dio elkarrizketa eta akordioetara iristeko borondatea, Euskadi “euskal hiritarrek” nahi dutena izan dadin

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Madrili eskatu dio elkarrizketa eta akord

ARGAZKIA JAITSI

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJren eskua luzatu du gaur, elkarrizketan eta akordioan oinarri harturik, Euskadi izan dadin euskal gizon eta emakumeen gehiengo batek nahi dutena: beste nazio bat Europa barruan. Ortuzarren hitzekin amaitu da gaurkoan EAJ-PNVk Bilboko Plaza Barrian “Euskadi Europara Begira” goiburupean 2014ko Aberri eguna ospatzeko egin duen ekitaldia. Mitin berean hitz egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta maiatzaren 25eko Europar Hauteskundeetarako hegoaldeko zerrendaburu Izaskun Bilbaok eta Iparraldeko jeltzaleen zerrendaburu Jean Tellecheak. Ekitaldiaren amaiera euripean burutu den arren jendez gainezka izan da.

 “Ez dugu inposaketarik bilatzen, eta ez dugu inposaketarik nahi. Elkarrizketa eta akordioa nahi dugu. Arazo politikoak konpontzeko soluzio demokratikoak nahi ditugu” baieztatu du Ortuzarrek. “Rajoy eta Rubalcaba jaunok, bila dezagun bizikidetza adeitsu hori. Elkar errespetatzea, gaurko garaiekin bat eginik eta errealitate nazional ezberdin izan arren elkarrengandik hurbil dauden Euskadi eta Catalunyarekiko errespetuarekin. Bila dezagun gaurko garaiekin eta jendearen borondatearekin bat datorren Estatu eredua. Zer demokrazia da jendearen borondatea indargabetzen duena? Guk eskua luzatzen dugu, eta Rajoyk eta Rubalcabak ukabila eskaintzen dute. Errealitate temati horren aurrean, Europara jotzea besterik ez zaigu geratzen. Gu ez gara Estatu kide baten barruan dagoen arazoa. Europa barruan arazo eta aukera gara, Euzko Alderdi Jeltzaleak sinesmena eta konfiantza jarri du Europan. Europara begira gaude Europa garelako. Horregatik, hain zuzen, Europari eskatzen diogu Euskadi eta Cataluyarentzako konponbidea bilatzeko orduan inplika dadila. Gu ere europarrak garelako. Europarrak izan gara, orain ere bagara eta etorkizunean ere izango gara. Inork ezin gaitu eraikitzen lagundu dugun esparru horretatik atera edo kanporatu. Ez dute horretarako argudiorik. Ez dute arrazoirik. Beldurtu egin nahi gaituzte, baina ez zaitezte beldur izan. Europa izaten jarraituko dugu” ezarri du jeltzaleen buruak 5000 alderdikide eta alderdizaleen txalo zaparradaren aurrean.

Ortuzarrek hunkituta gogoratu nahi izan ditu 1964 urte hartan Gernikan ospatu zen Aberri Egun historikoaren bultzatzaile eta parte hartzaileak. Aurten betetzen dira 50 urte. EAJren presidenteak Euskadik Eta EAJk alde batetik eta ETAk eta Ezker Abertzaleak bestetik mende erdi honetan ibilitako bide ezberdinak azpimarratu nahi izan ditu “Euskadik erakunde hurbil eta gardenak ditu gaur egun. Euskadin ez dago ustelkeriaren arazoa. Herri modernoa da, erosoa, eta etorkizun paregabea dauka. Ez dago Europako beste herrialdeengandik urrun. Herri erreferentea da egoera txarrenean daudenei ematen zaien babes sozialari dagokionez. Abangoardiako herria osasun arretari dagokionez. Euskara berreskuratu duen herria. Hori da autogobernuak eraiki duen Euskadi. Hori da EAJren Euskadi, Alderdi honen gizon eta emakumeek eraiki duten Euskadi. Eta azken 50 urteotan, zer egin dute besteek? Zer egin du Ezker Abertzaleak? Non geratu ote da beren KAS alternatiba? Non dago orain beren independentzia? Non dago iraultza? Zer ekarri du ETAk? Zertarako balio izan du horrenbesteko heriotzak,bortxakeriak eta minak? Oraindik gaude beren erantzunaren zain. Ez gaituzte aurrera egiten lagundu. Beraien laguntasunarekin, metro bat ere ez dugu aurrera egin. Ezker Abertzaleak aldi honetan guztian lortu duen arrakasta bakarra izan da euskal gizartean mina zabaltzen eta hedatzen lagundu duela. Lorpen tristea, iluntasunean eman duten mende erdi honetan. Zenbat denbora galdu den! Nola egongo litzateke Euskadi hainbeste eragozpenik gabe?. ETA izan da herri honen, euskal aberriaren areriorik handiena. Aberri Egunaren arerioa ere izan da” kritikatu du jeltzaleen presidenteak.

Iñigo Urkulluk “harrotasun osoz” gogoratu nahi izan du duela 100 urte Lausanan eta 50. Hamarkadako urteetan ere, Jose Antonio Agirre Lehendakaria parte aktibo izan zela Europar Erkidegoa eratzeko eman ziren lehen mugimenduetan. “Europan dago Nazio gisa dugun erronka. Europaren Batasun osoak eta europar guztientzako egiazko Gobernuan islatzeak izan behar du Estaturik gabeko Nazioen helburua. Gure arazoek konponbidea izango dute Europa barruan. ‘Euskadi, Nazio Europan‘ hori da Herri gisa dugun erronka. Gure etorkizuna da autogobernu maila haztea eta Europa barruan haztea. Bakea eta Bizikidetza finkatzea. Euskadin elkarbizitzan bizi nahiko duten pertsona guztiekin, arrazoirik ez dago inor erbestera joan dadin eta arrazoiak badaude askatasunean oinarritutako bizikidetza aldi berrirako”baieztatu du Urkulluk. Lehendakariak era berean adierazi du Madrilek Eusko legebiltzarrak edo Catalunyako Parlamentek abian jarri dituzten ekimen demokratikoei ematen dizkieten zartakoek ez dituztela Euskadi edo Catalunyako aldarriak isilduko. “Argi dago Espainian arazo bat dutela: ‘ez’erantzuten baino ez dakite. Gu ez gara geldituko. Ez dugu amore emango. Halakorik pentsatzen duenak ez du Herri hau ezagutzen. Orain, Estatus Politiko Berria planteatuko dugu. Elkarrizketa eta negoziaketa aldia da, aldi berri honen mailan egongo den akordio politiko bat lortzeko. Madrilen bi alternatiba dituzte: lehena ezagutzen dugu ‘ezetza’. Hori da ‘konponbidea ez dena’. Arazoa handitzea da, gerorako uztea eta handiago egitea . Bigarren alternatiba da entzutea, begiak errealitatera zabaltzea. Espainia ‘bat’ ez dela onartzea. ‘Bat, handia,askea’ aldarrikatzen zeneko denborak atzean geratu direla onartzea. Nazio errealitate ezberdinak daudela onartzea. Herri hau bizirik dagoela onartzea, Aberri Eguna diktadura garaian zein askatasun aldian ospatzen duela Euskadi euskotar emakume eta gizonen aberria dela aldarrikatzeko. Euskal nazio errealitatea onartzea eta errespetatzea. Eta, hortik aurrera, formula demokratikoa onartzea: ‘Elkarrizketa, Negoziaketa, Akordioa, Berrespena’. Hori da euskal alternatiba. Europa oinarritik hazten delako alternatiba, Herrietan oinarrituta. Eskoziako alternatiba da Eskozian, Flandriakoa Europan, Catalunyakoa eta Euskadikoa Europan”, aldarrikatu du Lehendakariak.

Izaskun Bilbao eurodiputatuak baieztatu du EAJk proposatzen eta gorpuzten duen ‘Euskadi ereduak’ Europar Legebiltzarrean aho bateko aitortza jaso duela, eta europar herritarrek Espainiako gobernu eta politikariak identifikatzen duten pelotazo eta adreiluaren eredutik kanpo uzten gaituztela. “EAJkook traba egiten diegu. Badakizue zer esaten ziguten: aldeanoak dira, ez dute gobernatzen, jendearen arazoengandik urruti daude. Beren aberrigintzaz baino ez dira arduratzen. Ba, bai, hori esaten zuten. Europar komisarioek legegintzaldi honetan esan dute guk egiten duguna egin beharko dutela Espainian hobetu nahi badute. Traba egiten diegu gure emaitzak eta pertsonentzat egiten ditugun politikak ez direlako pelotazoaren eta adreiluaren gobernuek egiten dituztenak. Orain Bruselari leporatzen diote beraien hutsegiteen errua. Europako langabezi tasarik gorenenak dituzten hamar erregioetatik zazpi Espainian egotea eragin duten arduradunak. Horrek bai mugak sortzea ekartzen duela eta populista eta euroeszeptikoak elikatzen dituela” salatu du Bilbaok.

Jean Telletxea izan da hitz egiten lehena “Iparraldetik nator, ilusioarekin eta harrotasun handiarekin. Euskadin eta Europan aldi berria bizitzeko harrotasuna. Hitzaren eta bakearen aldia. Gaur egun ilusio handiz esan dezakegu gure helburu politikoak hitzaren bidez planteatzen ditugula. Guk guztiok partekatzen dugun ‘euskaldunaren hitzarekin’. Europa berrira begiratzeko ilusioa ere badugu. Bertan geratzeko etorri naiz, Euskadi garelako,iparraldean eta hegoaldean. Norabide berean begiratzen dugun Herria garelako”.

Ekitaldi politikoa amaituta, EAJ-PNVk Aberri Eguneko ospakizunekin jarraitu du Bilboko Areatzan herri bazkarian batu dituen 1.100 lagunekin eta bazkalostean ‘Joselu ta Anaiak’ taldearekin egin den erromeriarekin.

Jean Tellechea

Izaskun Bilbao

Iñigo Urkullu

Andoni Ortuzar