Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/07/11

Urtaranek iragarri du 300.000 euroko hobekuntza obrak egingo direla “urrezko auzoetako” bide publikoetan

rss Ezagutzera eman
Urtaranek iragarri du 300.000 euroko hobekuntza ob

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNV-k gaur goizean iragarri du laster 300.000 euroko obrak egingo direla “urrezko auzoetako” bide publikoetan -urrezko auzoak esaten zaie 50 urte baino gehiago dituztenei-. “Auzo horietako bizilagunentzat garrantzi handia duten eraberritze obrak dira: aparkalekuak, umeentzako eta nagusientzako jolastokiak, argiztapenaren hobekuntzak edo gune degradatuen lehengoratzea, besteak beste”, azaldu du Gorka Urtaranek.

PPk eta EAJk 2014rako sinatutako aurrekontu itunak barruan hartzen ditu -EAJ Taldearen ekimenez eta legegintzaldirako ekipamendu eta zerbitzuen planaren barruan- 1,5 milioi euro, hobekuntzak egiteko urrezko auzoetan (Abetxuko, Zaramaga, Adurtza, Coronación eta Ariznabarra). Milioi bat euro jarriko dira etxebizitzak zaharberritzeko, eta gainerako milioi erdia bide publikoetako obretarako izango da. Etxebizitzei dagokienez, bai irisgarritasuna bai eraginkortasun energetikoa hobetzeko laguntzak emango dira. Urte hasieratik hona jada 700.000 euro baino gehixeago bideratu dira helburu horretara.

Orain kaleko obrak hasiko dira. Gorka Urtaranek lehenengo obra-multzoaren xehetasunak aletu ditu; guztira 300.000 euro erabiliko dira horietan. Bigarren txandan erabiliko dira gainerako 200.000 euroak. “Bai jarduketa hauen bitartez bai etxebizitzetako jarduketen bitartez iraunkortasun hirukoitzaren helburua lortu nahi dugu auzo hauetan, hots, iraunkortasuna lortu nahi dugu gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik”, zehaztu du udal oposizioaren buruzagiak. Abetxukon izan ezik, auzo horietan guztietan %10-20ko beherakada demografikoa gertatu da azken hamarkadan. Horrek, jarduera ekonomikoaren motelaldiarekin batera, eragin txarra izan du haien erakarmenean, eta inbertsio hauen bidez hain zuzen ere eragin negatibo hori berdindu nahi da.

Obretariko bi Abetxukon egingo dira. Arriagana kalean aparkaleku bat egokituko da. Horretarako gaur egungo hormigoizko zolata kendu behar da, oso egoera txarrean baitago, eta gainazala asfaltatu. Lan horietarako hasierako aurrekontua 45.000 eurokoa da. Auzo horretan bertan nagusientzako jolastokia jarriko da haien gizarte eta kultura zentroaren ondoan. Gutxi gorabehera 50.000 euroko kostua izango du obra horrek.

Zaramagan gune publiko bat libre utziko da antzinako ama-eskolaren lurzatian -Aguraingo Kuadrilla eta Guardiako Kuadrilla kaleen arteko ertzean-, eta auzoko biztanleentzako lorategi bihurtuko da. Horretarako, pilatutako materialak kendu eta eserlekuak eta kale-argiak jarriko dira. Halaber, zuhaitzak ikuskatu eta lorezaintzako lanak egingo dira, inguruko hesia pintatuko da eta umeentzako jolasak instalatuko dira. Jarduketa horrek 70.000 euroko kostua izango du.

Adurtza auzoan, bestalde, azkenean ere Zendaguren kaleko biltegi zaharrak eraisteari ekingo zaio. Pabiloia lurreratzeaz gainera, zolata berria egingo da eta hesia jarriko da inguruan. Obra horiek irailean hasiko dira. Lizitatu dira dagoeneko, 40.000 euro baino gehixeagoko zenbatekoan. Auzo berean aurreikusita dago Uruñuela eta Herminio Madinabeitia kaleetako argiztapena hobetzea, eta 20.000 euro gorde dira horretarako. Gainera, lan mahaia sortuko da, Adurtzako kale batzuetan oraindik airetik jarrita dauden kable elektrikoak behin betiko kentzeko urratsak koordinatu ditzan.

Coronación auzoak ere aurrekontu-partida honen onura jasoko du. Zehazki, hobekuntzak egingo dira Zaldiaran plazan, umeen jolas berriak eta argiak jarriz. Guztira 70.000 euroko kostua izango dute.