Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/09/18

EAJ-PNVk aurtengo aurrekontua lehenbailehen gauzatzeko eskatu du 2015eko kontuak negoziatzeari begira

“Hiru hilabete barru amaituko da ekitaldia eta PPk hor jarraitzen du, enplegua eta bizi kalitatea hobetzeko tresna nagusia erabili gabe”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk aurtengo aurrekontua lehenbailehen gauzat

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren udal bozeramaleak, Gorka Urtaranek, aurtengo aurrekontua lehenbailehen gauzatzeko eskatu dio Marotoren kabineteari, 2015eko kontuen negoziazioa ahalbidetzeari begira. “Hiru hilabete geratzen dira urtea amaitzeko, eta gastuen eta diru-sarreren exekuzioa ez da behar adinakoa. Uste dugu neurri eraginkorrak hartu behar direla aurreikuspenak ahalik eta osoen bete daitezen eta 2014ko Aurrekontua onetsi genuenean PPk eta EAJ-PNVk hartu genituen erronka guztiei aurre egin ahal izan diezaiegun. Alderdi Popularrak hor jarraitzen du erdizka erabiltzen aurrekontua, enplegua eta bizi kalitatea hobetzeko daukagun tresna nagusia”, ohartarazi du.

Udal oposizioaren buruzagiak adierazi du jeltzaleen taldea prest dagoela akordioa egiteko Alderdi Popularrarekin eta nahi duten talde politikoekin, 2015eko Aurrekontuari begira. “Hori ez da berria, azken urteotan berdin jokatu izan dugu, eta jakina da EAJ-PNVk nahi duela gasteiztarrek euren hiriaren gobernurako tresna nagusia baliatu ahal izatea. Gure apustua arlo honetan irmoa da eta ez da aldatuko, laster izango dugun hauteskunde prozesua gorabehera”, azaldu du.

Bestalde, udal aurrekontuak egiterakoan parte-hartzea gero eta handiagoa izatearen alde agertu da Urtaran. “Defizit hori betetzen joan behar dugu. Parte-hartzea hobetu egin daiteke, hasteko, aintzat hartzen bada Gizarte Kontseiluaren txostena, sektoreetako eta lurraldeetako kontseiluen iritzia bildu ondoren egina. Ezinbestekoa da haren balorazioa eskuratzea zuzenketak aurkezteko epea amaitu aurretik, talde politikook haren ekarpenak sartu ahal izan ditzagun. Horrez gain, proposatzen dugu Gizarte Kontseiluaren ordezkariak gonbidatzea aurrekontu-proiektuaren aurkezpen orokorrera eta arlokako aurkezpenera; horrela, lehenengo minututik hasita organo horrek dokumentua aztertzeko gako guztiak edukiko ditu”.

Orain, irailaren erdialdean, eta gobernu taldeak aurrekontu-proiektua gutxi gorabehera urriaren 15erako aurkeztu nahi duela ikusita, EAJ-PNVk egutegi bat proposatu du, urriaren 16an hasten dena eta hiru hilabete geroago amaitzen dena, aurrekontua indarrean jartzen denean, urriaren 16an edo 19an. Prozesuan zehar, EAJ-PNVk aurreikusten du hilabete eta erdiko epea ezartzea Gizarte Kontseiluak bere iritzia azal dezan, eta eztabaida Gabonak aurretik amaitzea. Bi inguruabar horiek oinarrizkoak dira jeltzaleentzat.

2015eko Aurrekontuaren negoziazioa abian jarri ahal izateko, EAJ-PNVk ezinbestekotzat jotzen du 2014rako itundutako kontuen gaineko informazioa edukitzea. “Itun horren betetze maila handia izatea funtsezkoa da. Orain egun batzuk, ordea, enplegua sortzeko partiden betetze maila urria salatu dugu, eta arlo horrek erabateko lehentasuna du EAJ-PNVrentzat. Izan ere, Industria Politikako Planerako, Industriaren Kontseilua sortzeko edota berrikuntzari laguntzeko aurreikusita zeuden diru kopuruetatik oraindik ez da euro bat ere inbertitu. Enpresei laguntzeko funtsetatik, berriz, %3,16 baino ez da erabili, eta Ekintzaileen Enplegurako Eskualde Planari dagokion aurrekontuaren %8,11 bete da. Enplegu Txostenaren kasuan, aurrekontuaren %12,89 erabili da. Antzera gertatu da ekonomia biziberritzeko eta merkataritza biziberritzeko programekin: hurrenez hurren, inbertsioa %23,84ra eta %18,71ra baino ez da iritsi.

Marotoren kabinetearen bultzada falta jasaten duten beste departamentu batzuk Hezkuntza (%38,8), Gazteria (%45,1), Berdintasuna (%27) eta Osasun Publikoa (%40) dira, adibide batzuk aipatzearren.

Ekitaldi honetarako aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez, EAJ-PNV kezkatuta agertu da oraindik ez direlako salgai jarri Iradier Arenako aparkaleku plazak, behin oztopo burokratikoak gaindituta. “Gobernu taldeak aparkalekuko plaza horien salmenta bultzatu behar du, 2 milioi euro daudelako aurreikusita eta diru kopuru hori Udalaren kutxan sartu behar delako inbertsio jakin batzuk egin ahal izateko”, azaldu du, adibide gisa. Plaza Berrian dagoen ARICH sozietatearen eraikina ere aipatu du. Horren salmentarako bi milioi euroko aurrekontua dago, baina gobernu taldeak ez du inolako mugimendurik egin salmenta bizkortzeko. Bultzada faltagatik oraindik gauzatu gabe dagoen beste ondare-besterentze bat gogorarazi du: Juan Bautista Gámiz kalean, Olarizuko sektore berrian dauden udal etxebizitzen salmenta.

Diru-sarreren atalean bereziki mingarria da, urte sasoi honetan egonda, Gobernu Zentralak ekitaldirako agindu zituen 140.000 euroetatik %10 baino eman ez izana. “Diru kopuru osoa barregarria zen, eta orain arte egindako ekarpena, berriz, iraingarria: 14.000 euro baino ez. Horixe da PPko alkateak Madriletik ekarri ahal izan duena. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, 2014rako aurreikusitako 33 milioietatik 23 milioi baino gehiago transferitu ditu honezkero Udalaren kutxara”, erantsi du EAJ-PNVren bozeramaleak.

Urtea amaitzeko hiru hilabete falta direla, benetako egoera zein den argitze aldera, EAJ-PNVk eskatu du aurrekontuaren jarraipenerako bilera egitea irailaren 30a baino lehen, PPk orain arteko betetze maila eta abenduaren 31rako aurreikuspenak aurkez ditzan, aurrekontuaren gauzatze maila ahalik eta handiena lortzeko neurriak hartzeari begira.