Prentsa Aretoa
2014/09/25
EAJ-PNVk argibideak eskatu ditu Salburuako hezeguneen lehortzearen eta kutsaduraren inguruan
“Pixkanaka-pixkanaka espazio natural honen oreka hondatzen ari gara eta gobernu-taldeak ez du horren inguruan ezer egin”, salatu du Alvaro Iturritxak
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurumen Batzordean EAJ-PNVren bozeramailea den Alvaro Iturritxak adierazitakoaren arabera, Alderdi Popularra Salburuako hezeguneen benetako egoeraren inguruko datuak estaltzen ari da, Euskadiko espazio natural garrantzitsuenetarikoa den honen egonkortasuna arriskuan dagoela ezkutuan mantentzeko. Hezeguneei mehatxu egiten dien arriskuen artean inguruko etxebizitzen lurrazpiko garajeak daude. URA Uraren Euskal Agentziaren txosten baten arabera, hezeguneetako ura lurrazpian eraikitako garajeetara iragazten da eta horrek Batasunaren Intereseko Toki gisa hartzen den garrantzi handiko RAMSAR inguru honek oreka hidrikoa galtzea dakar. Gertaera hori 2000. urtean jakinarazi zen EHLABen (Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordea) eta Vitoria-Gasteizko Udalak azken txostenetik kentzea iradoki zuen.
“Orain arte, ur-iragazketak eragozpen hutsa baino ez ziren eta ura ateratzeko ponpen bidez estoldetara desbideratzen zituzten. Baina etengabeko ur-jarioa hezegunearen oreka hondatzen ari da. Alderdi Popularrak badaki zer gertatzen ari den URAk jakinarazi diolako, eta edozein alarma seinale isilean mantentzera mugatu da. Gauzak horrela, Ingurumen Batzordean argibideak ematera behartuko dugu”, esan du Alvaro Iturritxak. Gaiaren inguruko galdera aurkeztu dio datorren asteleheneko batzordeari.
Baina ur-iragazketa ez da hezeguneak mehatxatzen dituen arrisku bakarra. Beste faktore kezkagarri bat Arkaute gasolindegiaren zorupean sortutako kutsadura-gunea ltizateke, gasolindegiaren erregai-jarioarengatik. Gaur egun gasolindegi hori itxita dago eta ez du berriz irekitzeko lizentziarik. Lurzoruetako kutsadura kentzeko prozesu bat aplikatzeko zain dago. “Hezegune batetik metro gutxira erregai-jarioaren ondorioz kutsadura maila handia duen lurzorua dagoela jakitea eta azpiegitura hori lekuz aldatzeko irtenbide bat bilatzen ez saiatzea axolagabekeria hutsa da. Alderdi Popularrak hezeguneak mehatxatzen dituen arrisku horren aurka jarduteko erremintak ditu, baina momentuz gasolindegi horren titularra den enpresarekin jarrera jasanbera baino ez du erakutsi. Lurzoru horien kutsadura kentzeko prozedura ezin da gehiago atzeratu. Udalari proposatu diogun legez, gasolindegia itxita dagoela eta lekualdatu daitekeela kontuan hartu beharko litzateke", adierazi du Alvaro Iturritxak.
Ez da Salburuako hezeguneak mehatxatzen dituen kutsadura-arrisku bakarra. Santo Tomas eta Errekaleor ibaien arroetan dauden herrietatik eratorritako ur zikinak ere arriskutsuak dira hezeguneentzako, baliabide hidriko gehienak ematen baitizkiote. Saneamendu-sistema egokirik ez dagoenez, Arkaute, Elorriaga, Otazu, Bolivar eta Uribarri Nagusia udalerrien ur tratatu gabeak ibaietara doaz zuzenean, kutsadura-arriskua sortzen delarik. Gaur egun Arkaia erakundeak baino ez ditu bere ur zikinak Crispijanako araztegira bidaltzen, ekimen pribatu baten bidez egindako inbertsioari esker. Ez du Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntzarik izan. “Arrisku hau denbora luzez mantentzea oso hondakorra den ekosistema batekin jolastea da. Ur zikinak bertara joateak behin betiko kaltea eragin dio eta aurten gertatu dena bezalako hegazti-botulismo kezkagarria ekar dezake”, azaldu du Iturritxak.
“Alderdi Popularrak arrazoi piloa ditu egoera honen ardura hartu eta eraginkorrak diren babes neurriak hartzeko, Salburuako hezeguneetan arazo handiagoa sortu baino lehen”, ondorioztatu du Gorka Urtaran bozeramaile jeltzaleak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09