Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/09/26

PPk tratu txarren biktimei eskainitako arreta zerbitzua 24 ordura luzatu nahi ez duela salatu du EAJ-PNVk

“Axolagabekeria hutsa izateaz gain, arreta espezializatua eskaintzeko ereduaren porrota ere bada”, ohartarazi du Nerea Melgosak

rss Ezagutzera eman
PPk tratu txarren biktimei eskainitako arreta zerb

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Alderdi Popularrari egotzi dio tratu txarren biktimak berehala hartzeko zentroan 24 orduko arreta zerbitzua ezarri nahi ez izatea, zerbitzu horren kontratazio berriaren harira. Talde jeltzaleak eta gizarteko hainbat kolektibok hala eskatu ondoren konpromisoa hartu bazuten ere, gobernu taldeak berriz ere lehiaketara atera du arreta-zentro honen kudeaketa, 8:00etatik 22:00etara doan ordutegi mugatuarekin eta beraz, 24 orduko zerbitzu presentzialik gabe.

“Hau axolagabekeria hutsa izateaz gain, egun osoz arreta espezializatua eskaintzeko ereduaren porrota ere bada. Biktimak gaueko arreta gabe uztea eta irtenbide bakarra CMAS gizarte-harrera zentroa izatea zentzugabekeria da eta gure gizarteko akats handienetariko batek kaltetutako pertsonekin jolasten ari dira. Izan ere, gizarte-harrera zentro hori ez dago biktimen eta askotan haiekin doazen haur eta nerabeen egoeraz arduratzeko prestatuta. Emakume batek tratu txarrak salatzen ditueneko lehen momentu hori oinarrizkoa da. Gauez egin beharrez gero arreta espezializaturik eskaini ezin bazaio, Udala pertsona horri huts egiten ari zaio", adierazi du Gizarte Gaietako bozeramaile jeltzalea den Nerea Melgosak.

Berehalako arreta eskaintzen duen zentroan 24 orduz aurrez aurre laguntzeko aukera galtzea zerbitzu hau kontratatzea lortzeko egindako azken zentzugabekeria da. Uztailean lehen aldiz atera zen lehiaketara eta akatsak egon ziren baldintza-agirietan, EAJ-PNVk gertaera hori salatu zuelarik. Enpresa batek aurkeztutako errekurtsoak prozedura bertan behera uztera eta abuztuan lehiaketa berri baterako deialdia egitera behartu zituen. Azken lehiaketa horretan Alderdi Popularrari ahaztu egin zitzaion zentroaren zerbitzuan beharrezkoa den kultura-bitartekaritzari dagozkion baldintzak sartzea. Ondorioz, bigarrenez gelditu zen kontratazioa.

Azkenean, urrian berehalako arreta eskaintzeko zentroa martxan jarri behar denez, gobernu taldeak lau enpresarekin prozedura bat negoziatzearen alde egin du. Kontratazio-agiri batean aurkeztu ditu lau enpresa horiek eta bertan xedatutakoaren arabera, zerbitzua 8:00etatik 22:00etara eskainiko da.  “Alderdi Popularrak nahi adina denbora izan du eta behar duen aurrekontua dauka zerbitzu hori behar bezalako baldintzetan kontratatzeko. Berriz ere ordutegi mugatua proposatzea zentzugabekeria handiena da egin dituen akats guztien artean”, azaldu du Melgosak.

Pasa den asteartean gobernu taldeak egoera honi lotutako beste arazo bat aitortu zuen. Negoziatutako prozedura honen baitan, momentu honetan berehalako zerbitzua eskaintzeko zentroa kudeatzen duen enpresak ez ditu zerbitzu honen lan-kostuen inguruko zalantzak argitu. Ondorioz, gainerako enpresek ezin dute baldintza berdinetan parte hartu.

“Hondamendi honetan okerrena Udalak indarkeria matxistaren biktimei eskaini behar dien arretari kalte larria egiten diola da: emakumeak, haurrak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak. Hau bezalako zeregin delikatu bat ezin da horren modu lardatsean kudeatu”, ondorioztatu du Nerea Melgosak.