Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/09/30

EAJ-PNVk 21 Zabalgunea desegiteko ituna ez betetzea egotzi dio Marotori eta lehenbailehen egiteko eskatu dio

“Alderdi Popularra hauteskundeetan zentratuta dagoela dirudi, ez zaiola gurekin egindako itunak ez betetzea batere axola”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk 21 Zabalgunea desegiteko ituna ez betetze

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk oso kezkatuta agertu da gaur goizean, 21 Zabalgunea udal hirigintza elkartea desegiteko prozesuaren erritmo motela ikusita. “Oso astiro doa eta alkateak gaurko egunez Zabalgunea desagertuta egon zedin agiri bat sinatu zuen, hala egiteko konpromisoa hartuz. Beharrizan handiena duten hiriko eremuak leheneratu eta birgaitzeko erakunde berria martxan jartzeko konpromisoa ere hartu zuen. Dena den, ez du interesik edo prestasunik erakutsi”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Udal oposizioko buruak Javier Marotoren ez betetze hau salatu du, orain arte gobernu taldeak 21 Zabalgunea desegiteko prozesuan egindako kudeaketak ikusita. “Emandako pausoak ez dira nahikoa eta ez dira alkateak eta nik neuk pasa den abenduaren 18an sinatutako helburuak eta datak bete. Zehazki, gaur zen erakunde berriaren izendapena, estatutuak eta helburuak ezagutzeko azken eguna eta oraindik asko geratzen da hala izateko”, salatu du. Duela bederatzi hilabete sinatu zen ituna. Azken horren arabera, udalerriko hirigintza-plangintzako zereginak Udaleko Hirigintza Sailaren eskuetan egongo lirateke berriz ere, gardentasun handiagoa lortzeko. Hiria birgaitzeko zereginak, aldiz, udal erakunde berri baten eskuetan egongo lirateke.

Bozeramaile jeltzaleak prozesu honetan emanda egon beharko ziratekeen pausuak errepasatu ditu. “Aktiboen balioespena atzerapenarekin doa; ituntze batzarren likidazioa egin gabe dago (gaurko egunez 15etik 8 likidatuta egon beharko lirateke); kontu-hartzaileari ez zaizkio hirigintza-plangintzari eta kudeaketari lotutako 21 Zabalgunearen ondasunak, langileak eta jarduketa Udalari transferitzearen kostuak eta aukerak biltzen dituen txostena enkargatu; oraindik ez dira erakundearen izena eta gizarte-helburua aldatu; ez da elkarte berria izendatzea onetsi, ezta bere estatutu eta helburuak ere; oraindik ez da egun 21 Zabalgunean lan egiten dutenen lanpostuak nola bermatuko diren xedatu,…”.

Hori guztia ikusita, EAJ-PNVren ustez “badirudi Alderdi Popularrari ez zaiola gurekin dituen akordioak haustea axola, ezta aurrekontuari buruzko akordioa berrargitaratzea ere. Maroto hauteskundeetan zentratuta dago eta hori axolagabekeria hutsa iruditzen zaigu. Itunak betetzeko daude eta hala egiteko eskatzen diogu kasu honetan ere”.