Prentsa Aretoa
2014/11/13
Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeetan hotz egiten duenerako operazioa aktibatu ez dela salatu du EAJ-PNVk
“Hiru egunetan hotz egitea nahikoa da protokoloa aktibatzeko, Alderdi Popularrak egin ez badu ere", ohartarazi du Nerea Melgosak.
Vitoria-Gasteizko Udaleko EAJ-PNVk udalerrian dauden etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeetan neguko arretarako operazioa betetzen ari ez direla salatu du. Hotza hemen bada ere, harrera zentro horiek ez dituzte irekitzeko irizpideak aldatu eta beharrezkoa da hala egitea erabiltzaileek tenperatura baxuekin kalean lo egin behar ez izateko. Azken asteotan, meteorologia-datuen erregistroan bost gradutik beherako gutxieneko tenperaturak bost aldiz bildu dira eta horren aurrean ez da neurririk hartu. “Funtzionamenduaren protokoloaren arabera, hiru egunetan hotz egitea nahikoa da neguko operazioa martxan jartzeko, Alderdi Popularrak hala egin ez badu ere. Edonola ere, gobernu taldea bigarren astelehenean aterpetxeen ordutegi berezia martxan jartzera behartuta dago eta ez du agindu hori ere eman. Ez dakigu zeri begira dauden”, adierazi du Nerea Melgosa zinegotzi jeltzaleak.
Neguko arretarako operazioa ez aktibatzeaz gain, Alderdi Popularra etxerik gabeko pertsonei laguntzen dieten kolektibo guztiekin lankidetzan aritzeko aukera oro baztertzen ari da. “Ez dago inolako koordinaziorik Bizitza Berria edo Bultzainen tankerako elkarteekin. Elkarte horiek Udalak egiten ez duen lana egiten ari dira eta neguan % 100ean betetzen dituzte beren lokalak. Bitartean, udal aterpetxeetan jende gutxiago daukate. Udalak informazioa ematea besterik ez du egin behar, hain arazo larria den gizarte-bazterkerian nahastutako pertsona ororen lana eraginkorragoa izan dadin. Pasa den urtean prentsaren bidez izan zuten neguko operazioan egondako aldaketen berri eta hori ez da batere logikoa”, gehitu du Melgosak.
Talde Jeltzaleak neguko arretarako operazioa martxan jartzeko irizpideen eta negu honetarako funtzionamendu-aurreikuspenen gaineko azalpenak eskatuko dizkio Gizarte Politiken hurrengo batzordean. “Oraindik ez dakigu hotzari aurre egiteko aterpetxeak irekitzeko operazioa non eta nola abiaraziko den eta hori ez da batere logikoa urteko sasoi honetan. Sinets dezakezue urteko sasoi honetan ez dagoela elurteetarako planik eta ez dela gatz- edo pala-bilketarik egin? Badirudi Alderdi Popularrak garrantzi handiagoa ematen diola bide publikoaren egoerari bertan lo egiten dutenei baino”, bukatu du Nerea Melgosak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09