Prentsa Aretoa
2015/10/26
EAJ-PNVek adierazi du asmo sendoa duela “mekanismoak bideratzeko”, Trebiñu Arabaren zatitzat har dadin
Ramiro Gonzalezek dei egin die Burgosko Diputazioari, Gaztela eta Leongo Gorteei eta Espainiako gobernuari, “oztopoak jartzeari utzi” eta trebiñarren nahia aintzat hartu eta errespeta dezaten.
“Asmo sendoa dugu, indarrean den araudiak eskaintzen dituen aukeren barruan, mekanismoak bideratzeko, Trebiñuko udalak, herriak eta herritarrak gure lurraldearen zatitzat har daitezen, alegia, Arabako Lurralde Historikoko zortzigarren kuadrillatzat jo dadin”. Gaur goizean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Pedro Elosegi Biltzar Nagusietako lehendakariarekin eta Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo alkateekin Aldundiaren Jauregian bildu aurretik, irakurri duen erakunde adierazpenaren zatia da hori.
Ramiro Gonzalezek, adierazpen horretan, hasteko, esan du alkate horiekin bilera egin izanak gogobete duela: “bi alkateei eurena ere baden etxearen ateak irekitzen dizkiet: Arabako Foru Aldundiaren jauregiarenak”. Ondoren, iragarri du aipatutako bileraren bidez hasiera eman zaiola “lankidetza, elkar ulertzea eta senidetzea oinarri dituen harremanari”. Jarraian, diputatu nagusiak nabarmendu eta argi utzi duenez, bai Arabako Foru Gobernuak bai Arabako Biltzar Nagusiek “asmo irmoa dute laguntzeko eta beharrezko den guztian lankidetzan aritzeko, arabar gehien-gehienek duten eta trebiñarrek hainbat aldiz adierazi duten desira gauza dadin: hain zuzen, Trebiñuko enklabea Arabako Lurralde Historikoan sartzea”. Helburu hori betetzeko, Arabako agintari nagusiak, orobat, jakinarazi du Aldundiak “modu demokratikoan landu eta bultzatuko dituela ekimenak”, Trebiñuk, Arabako Biltzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak berak ere adierazi duten nahiari bide emateko. Ildo horretan, Ramiro Gonzalezek jakitera eman duenez, “asmo sendoa dugu, indarrean den araudiak eskaintzen dituen aukeren barruan, mekanismoak bideratzeko”, Trebiñu eta trebiñarrak Arabako Lurralde Historikoaren zatitzat har daitezen. Orobat, Ramiro Gonzalezek adierazi du uste osoa duela “Trebiñuk Araba izan nahi duela eta aldarrikapen demokratiko horri bide eman behar zaiola”. Eta desira hori egi bihurtzeko, Arabako diputatu nagusiak amaiera eman dio adierazpenari dei eginez Burgosko Probintziako Diputazioari, Gaztela eta Leongo Gorteei, Gorte Nagusiei eta Espainiako Estatuari. “Utz diezaiela oztopoak jartzeari, eta aintzat har eta errespeta dezatela Trebiñuko herritarren nahia. Azken finean —erantsi du—, Trebiñu Arabara sartzea ahalbidetu dezatela”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
ABB
2023/03/28
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25