Prentsa Aretoa
2016/06/03
Ortuzar: “Elkarrizketarako gaitasuna duten sei diputatu `ezetzean´ tematuta eta Genovan atrintxeratuta dauden 120 diputatuak baino eraginkorragoak dira"
EBBk Vitoria-Gasteizen aurkeztu ditu gaur hauteskundeei eta posta bidezko botoa emateko prozedurari buruzko informazioa emateko eta hiriburuko herritarren zerbitzurako jarriko diren bi bulego ibiltari.
Andoni Ortuzarrek Euskadiko emakume eta gizonei oro har, eta bereziki gasteiztarrei eskatu die ekainaren 26ko hauteskundeetarako botoa erabaki baino lehen hausnarketarako denbora hartzea. Estatuko panorama politikoak, zarata,gatazka eta iskanbilaz beteak, ez du hausnarketara gonbidatzen. Baina hausnarketa hori ezinbesteko gertatzen da porrot berria saihesteko . “Gonbidatu nahi zaituztet ekainaren 26an boto benetan probetxugarria zein izango den hausnartzera. Nik argi daukat: sei diputatu, denak hitz egiteko, adosteko eta hitzartzeko prest" esan du EAJ-PNVko diputatuak gogoan “Genovan atrintxeratuta dauden 110 edo 120 diputatuek baino gehiago balio dute, kanpoko mundutik isolatuta daude, `ezetzean´ tematuta" esan du Ortuzarrek Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren Enparantzan hauteskundeei eta posta bidezko botoa emateko prozedurari buruzko informazioa emateko irekiko diren bulego ibiltariak aurkezteko egin den ekitaldian. Zerbitzu honen bidez, EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizko herritarren botoa bermatu nahi du. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Araba Buru Batzarraren presidente José Antonio Suso; eta Kongresu eta Senaturako zerrendaburu diren Mikel Legarda eta Almudena Otaola.
“Gaur ez genuke hemen egon behar, hauteskunde ekitaldi batean. Hauteskunde hauek ez lirateke eman behar. Lau alderdi handien porrotaren ondorio dira. Beste gauza batzuetara egon beharko genuke eta Madrilen Gobernuak eratuta beharko luke honezkero" deitoratu du Ortuzarrek. "Lau magnifikoek adosteko orduan erakutsi duten ezintasunaren aurrean" jeltzaleen buruak gogora ekarri nahi du EAJ-PNVk ezberdinen artean adosteko duen berezko gaitasuna . “Eta horren adibiderik onena hementxe dago, Vitoria-Gasteizen. Jakin badakigu Udalean zer nolako ordezkaritza dugun,baina aurten argi baino argiago geratu da denekin adosteko gai garela. Horren adibide dira Gasteizeko aurrekontuak 2016 urterako. Horra hor ere PSErekin duela gutxi lortutako akordioa" esan du EBBren presidenteak akordioak lortzeko ezintasuna duen alderdi bakarra, Vitoria-Gasteizen ere, Alderdi Popularra dela gogoratuz. Hortik aurrera gogoratu duenez "hitz egiteko, adosteko eta hitzartzeko prest dauden sei diputatuk Genovan atrintxeratuta, kanpoko mundutik isolatuta eta `ezetzean´ tematuta dauden 110 edo 120 diputatuk baino balio handiagoa dute”.
Ortuzarrek baieztatu duenez EAJ-PNVk ekainaren 26ko hauteskundeei ekin nahi die ahal duen irmotasunik eta konfiantzarik handienarekin "Hauteskunde hauek EAJrengan ez dute ez nagirik ezta beldurrik eragiten. Guztiz alderantziz. Gu martxan gaude. Gu mugitu egiten gara. Beste batzuek beren gabeziak estaliko dituen parte hartze txikiagoarekin amesten duten bitartean,guk nahi duguna da gasteiztar guztiak, arabar emakume eta gizon guztiak eta euskal herritar guztiak bozkatzera joan daitezela Euskadirentzat asko dagoelako jokoan. Eta erraztasunak eman nahi dizkiegu horretarako" esan du gaur bertan martxan jarri den zerbitzua gogoan.
Gaurko ekitaldian aurkeztu diren bulego ibiltari biak Gasteiz hiriko auzo ezberdinetatik igaroko dira posta bidezko botoa eskatzeko epea amaitzen den ekainaren 16ra arte. Gasteizeko hautesleen zerbitzura jarri diren bi ibilgailuekin osatzen da EAJ-PNVk Landaburu Etxean, Araba Buru Batzarrean, posta bidezko botoa izapidetzeko ematen duen zerbitzua. Laguntza-zerbitzu berbera ematen da Arabako herrialdeko beste gunetan,besteak beste Oionen, Labastidan eta Biasterin Arabar Errioxan; Iruña Oka eta Rivabellosan Añanako Koadrillan; Kanpezun Arabako Mendialdean; Araia eta Dulantzin Arabako Lautadan; eta Aiala Koadrillako bost udalerrietan. Posta bidezko botoa izapidetzen laguntzeko bulego ibiltariak zabalik egongo dira astelehenetik ostiralera bitartean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20.00etara.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
ABB
2023/03/28
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25