Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2016/06/09

EAJ-PNVk herritarrei ohartarazi die ‘euskal agenda‘ “Euskadin erakusten” baina “Pancorboko tuneletan ezkutatzen” duten alderdien kontra

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta EBBren presidente Ortuzarrek jeltzaleen kanpaina ireki dute gaur Vitoria-Gasteizko oinezkoen kale batean: “Asko, asko dago jokoan Euskadirentzat eta EAJ abenduaren 20ko gogo eta irmotasun berberarekin, edo are handiagoarekin aurkeztuko da”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Jakin badakigu Euskadiko herritargoari ez zaiola bat ere gustatu hauteskunde hauek errepikatzeko behar hau. Baina hemen daude eta asko eta asko dago jokoan Euskadirentzat, asko. Beraz, EAJ hemen dago abenduko irmotasun berberarekin eta abenduko gogoekin… edo are handiagoekin, behar bada. Orain, lehen eta beti, gure lehentasuna Euskadi delako. Euskadi lehenik! Gure egitasmoa Euskadi da, euskal emakume eta gizonen ongizatea defendatzea. Lehenik, Euskadi. Hori da besteengandik bereizten gaituena”. Asko egongo da jokoan Euskadirentzat ekainaren 26an. Eta garrantzi hori adierazi diete gaur iluntzean Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJ-PNVk hauteskunde kanpaina abiarazteko egin duen ekitaldira hurbildu diren 500 bat pertsonei. Mitin xumea egin da Bastiturri kalean, eta Ortuzarrekin eta Lehendakariarekin batera hizlari izan dira Aitor Esteban, Mikel Legarda eta Joseba Agirretxea, Kongresurako hiru zerrendaburuak. Halaber, bertaratuen artean izan dira Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro González; Vitoria-Gasteizeko alkate Gorka Urtaran; Bizkaia eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi diren Unai Rementeria eta Markel Olano; Juan María Aburto, Bilboko alkatea eta Donostiakoa, Eneko Goia; eta Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Ricardo Gatzagaetxebarria, Estefanía Beltrán de Heredia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako sailburuak.

Bastiturri kalea ostegunero izaten da hainbat tokitan ohiko bihurtu den pintxo-potearen eszenatokirik nabarmenenetakoa Gasteizen, eta hori izan da EAJ-PNVk E26ko hauteskundeetarako kanpaina abiarazteko aukeratu duen lekua. Euskal hiritargoak deserosotasunez eta nahiko haserre egingo die aurre hauteskunde hauei. Baina hauteskundeak errepikatzeko behar hau Espainiako lau alderdiei baino ez zaie egotzi behar, abenduaren 20ko hauteskundeez geroztik hitz egiteko, adosteko eta hitzartzeko orduan erakutsi duten ezintasuna agerikoa bezain kezkagarria izan delarik. Errealitate horretatik dator, hain zuzen, talde jeltzaleak A-20rako prestatu zuen, ‘Lehenik Euskadi. Euskadi es lo que importa’ goiburuari ‘Marca la diferencia, geureari eutsi’ adierazpena erantsi izana. Euskal hiritargoak ulertzen jakingo duen mezua da: Madrilgo iskanbila giroaren, irainen eta ikuskizun-politikaren aurrean, elkarrizketa dago, akordioak eta kudeaketa ona, talde jeltzaleak euskal erakundeetan burutzen duen jardunaren ezaugarri direnak. Ezberdintasun hori Iñigo Urkullu Lehendakariak berak gorpuzten du, bere Gobernuak krisiaren zartako gogorrei aurre egiten jakin izan duelako eta ez bakarrik Exekutiboaren konpromiso sozialari eutsiz baizik eta baita konpromiso hori areagotuz ere. Urkullu bera izan da gaur iluntzeko ekitaldia ireki duena: “Gobernatzeko bi era daude: funtzioan edo jardunean; arazoetan piko eginaz edo konponbideak planteatuaz; betoak eta marra gorriak ezarriaz edo erantzunak eta marra berdeak proposatuaz. Hemen, Gasteizen, Araban, Euskadin, gobernatzen duten gobernuak ditugu, elkarrizketara irekiak; guk akordioak bilatzen ditugu, gizartearen eskari eta beharrizanei erantzuten diegu. Horra hor gobernatzeko dugun eredua. EAJ eredua da. Hemen eta han funtzionatzen duen eredua. Egonkortasuna, konfiantza, inbertsioak, hazkundea eta enplegu aukerak sortarazten dituen eredua. Eredu baikorra, Euskadiren interesak defendatzekoa”, esan du Urkulluk, eta “espainiar politikaren norabidea aldatzeaz gain, Euskadiren interesak defendatu nahi duten” pertsonei eskatu die EAJ-PNVren alde bozkatzea.

Ortuzar, bere aldetik, pozik agertu da duela hilabete batzuk EAJ-PNVk Madrilera eraman zuen ‘euskal agenda’ mesprezatzen duten alderdi berberek, gaur egun euskal agenda hori errespetatzeaz gain, aipatzen eta defendatzen dutela ikustean. EBBren presidenteak, hori bai, euskal hiritarrei ohartarazi nahi izan die talde hauen joko bikoitzaren kontra, Euskadin gauza bat esaten dutelako eta Diputatuen Kongresuan kontrakoa bozkatzen dutelako, Kongresuan talde hauetako diputatuak Parlamentuko talde baten baitan urtzen direlako Espainiaren interesak beti lehenesten dituen boto diziplinaren mende jartzeko, eta sarri askotan interes horiek ez dute Euskadiko interesekin bat egiten .“Ongi etorriak izan zaiteztela euskal agendara”, esan die Ortuzarrek beste talde politikoei. “Orain denek aipatzen dute euskal agenda, baina guk baino ez dugu Madrilen ateratzen eta defendatzen. Batzuek hemen, Euskadin, erakusten dute, baina motxilan ezkutatzen dute Miranda Ebroko scalextrisera iristerakoan, eta Pancorboko tuneletara iritsitakoan ‘hor konpon, Marianton’. Nik ez dakit zein den beste alderdien ‘euskal agenda’, benetan. Nahiko nuke jakin. Baina jakin badakit gure euskal agenda zein den”, esan du EAJren ‘euskal agenda’ zehatz-mehatz azaldu baino lehen: “Euskal agenda da geureari eustea; euskal agenda da inoren mende ez egotea, inork guri dagokiguna ez erabakitzea; gure jarduera ekonomikoa defendatzea, gure enpleguei eustea; gure industrien arazoen aurrean besoak gurutzatuta geratzen direnak mugiaraztea; Espainiar gobernuak eta Bruselakoak gure altzairu lantegien alde eta Txinako dumping-aren kontra laguntzea lortzea ; gure gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, ematen dituen bekak inork arriskutan ez jartzea; inork ere hezkuntza eredurik inposa ez diezagula, ez osasun eredurik ezta administrazio publiko eredurik ere; inork euskal herritarren pentsioak jokoan jar ez ditzala; gure eskuduntza esklusiboek esklusibo izaten jarrai dezatela; inork ere Euskadirentzako bake iraunkor eta bidezkoa bilatzeko ekimena eragotzi ez dezala; euskal agenda da Euskadi nazio gisa aldarrikatzea; euskal agenda da gure kabuz erabakitzeko dugun eskubideari eustea”.

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak, ‘lau magnifiko’ izenez ezagutzen direnek “beren eginkizunei aurre egiteko eta negoziatzeko orduan erakutsi duten ezintasuna” salatu du eta alderdi horietako liderrak hedabideetan etengabe agertzen direla aurpegiratu die. Zentzu honetan Estebanek zera deitoratu du, “hauteskunde hauetan beraiek soilik aurkezten direla sinestarazi nahi digute”, eta ohartarazi duenez, “eskuindarrekoak, PP eta C´s, eta ezkerreko alderdiak, PSOE eta Podemos, ondo ezagutzen dugun txori berbera dira: Madrilgo txoria, hauteskundeetarako etorri ohi da eta, gero hor konpon, Marianton”. Horregatik baieztatu duenez, “gure interesak eguneroko gaietan agertzea nahi badugu eta txarto ulertutako berdintasunaren izenean, gure ekonomia, gure babes sozialak eta gure hezkuntza Estatuko beste lekuetako berberak izateari ‘ez’ esan nahi badiegu, orduan, ekainaren 26an, geureari eutsi behar diogu eta EAJ-PNV bozkatu behar dugu”.

Mikel Legardak , Kongresurako Arabako EAJ-PNVren zerrendaburuak, hautesleei eskatu die EAJ-PNVren aldeko boto probetxugarria ematea. “Madrilen euskal interesak defendatzen ditugunon eta halakorik egiten ez dutenen arteko ezberdintasuna markatuko duen botoa behar dugu. Politika bestela egitearen aldeko botoa, marra berdeen aldekoa eta marra gorrien kontrakoa. Euskal agendaren aldeko botoa. Gure gauzak aldezteko botoa, geureari eustekoa”, esan du Legardak.

Joseba Agirretxeak,Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, euskal emakume eta gizonei eskatu die “beren herriaz kezkatzen denari begiratzea”, horren sinonimoa baita “beren beharraz kezkatzea, beren erabakiak errespetatzea, berena eskatzea eta beren nortasuna, hizkuntza eta izateko modua aldeztea”. Agirretxeak baieztatu duenez, “bakoitzaren botoa funtsezkoa da herri honek Madrilen ahotsa izan dezan, baina ahots horrek propioa izan behar du eta ez inoren mende dagoena”. 

Next Euskadi
Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU