Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2016/09/03

Urkulluk aitortu du harro sentitzen dela EAJ-PNVk Araban aurkeztu duen zerrendako buru izateaz, eta hitzeman du “Gasteizko hiriburutasun hitzarmena zabaldu eta hobetuko duela”

ABBren presidente José Antonio Susoren hitzetan, Lehendakaria “Arabako eta Gasteizko gizartearekin konpromisoa hartu duten pertsonek osatutako lantaldeko burua da eta proiektu ilusio-emaile, errealista eta egingarria ordezkatzen du”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • 20160903_Suso en Vitoria-Gasteiz
    2016/09/03

    ARTXIBOA JAITSI

  • 20160903_Urkullu en Vitoria-Gasteiz
    2016/09/03

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

“Harro nago Euzko Alderdi Jeltzaleak Arabatik aurkezten duen hautagaitzako buru izateaz. Arabak semetzat hartu nau. Hala sentitzen dut eta eskertu egiten dut. Lehendakari izatearen erantzukizunari lehen egunetik erantzuten saiatu izan naiz. Herri honekiko inplikazioa erakutsi nahi izan dut”. Hitz hauekin hasi da Lehendakari eta berraukeratua izateko hautagai Iñigo Urkullu gaur EAJ-PNVk Arabako Herrialdean irailaren 25erako Euskal Hauteskundeetarako aurkezten duen zerrendako emakume eta gizonak aurkezteko egin den ekitaldian. Topaketa Vitoria-Gasteizko Florida Parkean ospatu da eta Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok ireki du esanez Lehendakarigaiak balore dituen “lana, konpromisoa, entzuten jakitea eta ezberdina ulertzea, elkarrizketa erabakimena eta akordioak” direla Iñigo Urkullu “gure Herri honek behar duen liderra” izatea eragiten dutenak.

Urkulluk Arabaren oreka ekonomiko eta sozialaren balioa azpimarratu du “Euskadiko herrialderik industrialena eta gehien esportatzen duena den aldetik” eta, aldi berean “berdegune, topagune eta solidariotasun eta integrazio esparru gisa” duen balioa. Lehendakariak Vitoria-Gasteizen hiriburutasuna aldarrikatu du “hala sentitzen eta aitortzen dut” eta gogoratu du bere Gobernuak lehen hiriburutasun hitzarmena izenpetu duela. “Ez da kontu ekonomiko hutsa, hori ere den arren. Aitorpen politikoa ere bada, instituzionala eta soziala” esan du hurrengo legealdirako konpromisoa iragarri baino lehen. “Gasteizko hiriburutasun hitzarmena zabaltzea eta hobetzea”.

Urkulluk uste du egintzek ondo erakusten dutela EAJ-PNVk eta Jaurlaritzak Arabarekin daukaten konpromisoa: Tranbiaren hedapena, Koroatze moduko auzoetan egin diren birgaikuntza lanak; plataforma logistiko berriak Arasur, Jundiz eta Forondan; lan hidraulikoak eta Zadorraren inguruan egindakoak; Osakidetzaren zerbitzua Txagorritxun eta Santiago ospitalean hobetzeko egin den lana; lehen sektoreari eta Arabar Errioxa deiturari eman zaien babesa; gure industriari emandako bultzada,… Dena dela, lortutakoa asko den arren, Lehendakariak “are indar handiagoa”eskaini du “egitasmo partekatu baten barruan ongizate mailan aurrera egiten eta hobetzen jarraitzeko”. “Nire konpromisoa Gasteizko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin partekatzen dut. Elkarrekin lan egiteko indarra daukagu. Nire konpromisoa da egonkortasuna eta konfiantza bermatzea. AHT Gasteizerako sarreran lurperatzeko konpromisoari eusten diogu” esan du.

Urkulluk Araba eta Euskadiren etorkizunaz ere hitz egin du. Aitortu du jakitun dela “hurrengo urteko egoerak konplikatu izaten jarraituko duela”, bere hitzetan inguruan “ziurgabetasun eta ezegonkortasuna” dugulako. Hori dela eta, hiritarrak animatu ditu beren konfiantza EAJ-PNVrengan jartzera alderdi honek “esperientzia, gaitasuna, zorroztasuna, egonkortasuna, akordioak eta norabide onean aurrera egiten jarraitzeko bermea ordezkatzen duen lantaldea osatzen duelako. Gasteiz, Araba eta Euskadiren etorkizunaren alde hartu dugun konpromisoa da” esan du Urkulluk.

Ekitaldia Araba Buru Batzarreko presidente José Antonio Susok ireki du. Susok alderdikide eta alderdizaleen aurrean adierazi du harro sentitzen direla Iñigo Urkullu delako bere Herrialdeko zerrendako burua. “Urkullu lehendakariak berarekin dakar elkar ulertzea eta akordioa egingarri direlako bermea. Lana, konpromisoa, entzuten jakitea eta ezberdinari ulertzea, elkarrizketa, erabakimena eta akordioa Urkulluren DNAren parte dira. Zalantzarik gabe, gure Herriak behar duen liderra da” esan du Susok, eta Urkulluk aurreko legealdian Lehendakaritzan egin duen lana goretsi du…“Gako nagusiak izan dira seriotasuna, zorroztasuna eta konpromisoa zerbitzu publikoekin eta pertsonekin. Hitzeman zuena bete du. Hitza betetzen duen gizona da. Pertsona fidagarria, EAJ-PNV ere fidagarria den bezala”.

Arabako EAJ-PNVren presidenteak bere hautagaitzak “Araban bizi diren pertsonen alde lan egiteko, beren bizitza kalitatearen, beren ongizatearen eta beren konpromisoen alde egiteko” hartu duen konpromisoa adierazi du. Susoren hitzetan, hautagaitza egiten dakitela erakutsi duten pertsonek osatzen dutela, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen duen taldea da”. “Proiektu ilusio-emailearekin, egitasmo asmo handiko, errealista eta egingarriarekin konpromisoa hartu duten pertsonak dira. Baina, batez ere, Arabako eta Gasteizko gizartearekin erabat konprometitu diren pertsonak” azpimarratu du. Burukide jeltzaleak gogoratu du, besteak ez bezala, talde jeltzalearen konpromisoa Araban eta Euskadin hasi eta amaitzen dela. “Guk begirada ez dugu orain Eusko Legebiltzarrean, gero Ministerioan jartzen, gero `hor konpon´ esateko. Gu Madrilera ez goaz Arabako hautagaitza aurkeztera bere gehiengo absolutuaz baliatuta euskal autogobernua harriaren azpitik pasatu duen funtzioko gobernuburuaren babesarekin” baieztatu du.