Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2016/09/18

Urkulluk Agurainen hitzeman ditu “apaltasuna eta lana”, Euskadirentzako onena oraindik “heltzeko dagoelako”

Lehendakariak alderdikideak, hautesleak eta alderdizaleak ohartarazi ditu azken inkesten argitalpenaren ondoren eman daitekeen erlaxazioaren aurrean: “Kanpainako aste bete geratzen zaigu, azken hasperena egin arte lan egin behar da”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Altxatu egin gara, gure norabidea berreskuratu dugu eta bihotzaren erditik dakigu herri honentzat, Euskadirentzat, onena heltzeko dagoela. Apaltasuna eta lana, lana eta lan gehiago”. Iñigo Urkulluk, lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak  hurrengo urteotan bere ahalegin eta esfortzu guztiak eskainiko dituela hitzeman du Euskadik suspertze bidean aurrera egiten jarrai dezan, azken hiru urteotan egin duen bidetik, hain zuzen. Hori izan da Arabako zerrendaburuak, gaur 55 urte egiten dituen egun honetan, EAH-PNVk Agurainen egin duen ekitaldian elkartu direnei helarazi dien hiru mezuetako bat. Beste biak, langabezia %10etik jaisteko konpromisoa eta ohartarazpen bat: ezin gara erlaxatu irailaren 25eko hauteskundeei begira egin diren inkestek garaipena EAJ-PNVri ematen diotelako.

Urkulluk, asteburu zaratatsuaren ondoren, gaurko igande honetan Euskadin nagusitu den isiltasuna aprobetxatu nahi izan du. “Madriletik hegazkinez datozenek” eragindako zarataren ondoren. “Euskadin dituzten hautagaiekin argazkiak egin… eta gero benetan interesatzen zaienaz hitz egiten eta eztabaidatzen dute: beren blokeo politikoa, Espainian horren arrakasta handiarekin ezarri dutena. Eta orain, horrenbesteko zaratarik gabe, euskal herritarrei interesatzen zaienari buruz hitz egin dezakegu, gure ideiez eta gure konpromisoez”. Lehendakariak gogora ekarri ditu EAJ-PNVk hartutako konpromiso nagusiak, konpromiso errealistak eta aldi berean asmo handikoak. Nagusiena, langabezia %10etik jaistea. Nola? “Biztanleko BPGa Europar Batasuneko portzentajearen %125ean jarrita; 100 berrikuntza egitasmo estrategiko garatuaz; PBG industrialaren %25ra iritsiaz; 20.000 gazteri beren lehen lan esperientzia emanaz” azaldu du hautagai jeltzaleak. “Lehentasuna da haztea eta enplegua sortzea. Politika sozialik onena enplegua da. Euskadiko politika sozialak bermatu ditugu eta  geroan ere horrela izango da. Euskadiko txirotasun tasa %20 murriztuko dugu. Bizitza osasungarria urte bete igotzeko lana egingo dugu. Eskola-uzte tasa %7 azpitik murriztuko dugu. Familiei ematen zaizkien laguntzak %50 areagotuko ditugu. Genero Berdintasun alorrean Europa mailan aurreratuen dauden lau herrialdeen artean egongo gara. 25 urtetik beherakoen %75 elebiduna izatea lortuko dugu. Negutegi efektuko gasen jaulkipena %20 murriztuko dugu. Eta, horiez gain, funtsezko erronka bi jasotzen ditugu gure agenda politikoan: ETAren behin betiko armagabetzea eta disoluzioa eta bizikidetzan aurrera egitea; eta Estatu Politiko Berria onartzea, hobeto bizi ahal izateko”.

Urkulluk jakin daki oraindik zer egin handia dagoela “Ezagun ditut arazoak, ezagun ditut beharrizanak”. Baina, bide onetik goazela aitortzen du. “Duela lau urte baino hobeto gaude. Eta  Euskadirentzako une esanguratsuan aurkitzen gara. Asmo handiak ditugu, gehiago nahi dugu Euskadirentzat. Haztea eta enplegua sortzea dira lehentasuna. Ekonomiak, enpresek, hazkundeak egonkortasun politikoa eta instituzionala behar dute. Euskadi ezin da blokeo politikoan erori eta ezin da ezegonkortasun instituzionalean erori. Funtsezkoa da Eusko Jaurlaritza sendo eta egonkorra izatea. Enpresei, familiei, ekintzaileei eta langile autonomoei segurtasuna emango dien gobernua. Akordioetara iritsiko den gobernua, politika ekonomikoak bermatuko dituena, hauteskundeak behin eta berriz errepikatuko ez dituena. Euskal gizarteak argi izan behar du Euskadik une honetan gobernu sendoa behar duela. Eta EAJ gobernu sendo eta ireki horren bermatzailea dela”  amaitu du.

Arabako Lautadaren bihotzean, José Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteak omendu nahi izan ditu “ahalegin handia eginez, gure nekazaritza bizirik  mantentzeko esfortzua egiten dutenak; hiriguneetako gehiengoen gainetik ere, nekazaritza sektoreari eusteko lana egiten dutenak”. Susok Urkulluren Gobernuak  suspertze ekonomikoaren alorrean, gizarte ongizatean, aukeren berdintasunean, jasangarritasun eta autogobernu esparruan lortu duen aurrerapena azpimarratu du “ Madriletik inposatzen dizkiguten oztopoen gainetik”. ABBren presidenteak arabar gizarteari eskatu dio irailaren 25ean,  duela lau urte egin bezala, Iñigo Urkullu eta Euzko Alderdi Jeltzalearen konfiantza berrets dezala. “Egiten dena bezain garrantzitsua da nola egiten den. Horretan, Urkullu Lehendakariak eta EAJ-PNVk eredu propioa dute eta oinarri nagusiak dira akordioa eta esandakoa betetzea”, esan du Susok.

Ekitaldia irekitzeko hitzak esan ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta arabar hautagaitzako hirugarren Estefanía Beltrán de Herediak,  eta batzuek euskal autogobernuarekiko erakutsi duten beligerantzia salatu du. “Bukatu  egin behar dira Ertzaintzaren barruan belaunaldi berriak sartzeari  oztopoak  jartzeko ekimen horiek. Bukatu behar dira horrenbeste lan eta ahaleginez lortu duguna mezprezatzeko jokaera horiek. Gurea etengabeko konpromisoa da, eguneroko konpromisoa autogobernuarekin, Ertzaintza integralarekin, Europako polizia guztiekin soinez soin lan eginez. Polizia modernoa nahi dugu etorkizuna duen herriarentzat. Gurea eraikitzea da. Ez diogu inola ere uko egingo horren lan eta ilusio handiarekin eraiki dugunari” esan du.