Prentsa Aretoa
2017/06/17
José Antonio Susok EAJ-PNVk lan egiteko eta adostasunera iristeko duen gaitasuna aldarrikatu du, zentsura mozioen bidez egiten den “ikuskizun-politikaren” aurrean
Araba Buru Batzarreko presidente José Antonio Susok aditzera eman duenez, “politikagintzan formula magiko bakarra hauxe da: akordioak gehi lana berdin hiritarren poza. Batzuek beren konspirazio eta ikuskizunekin eta iruzur hutsak diren zentsura mozioekin denbora galtzen duten bitartean, guk gogor lan egiten dugu adosteko, hori delako euskal hiritargoak eskatzen diguna”
Arabako Alderdikide Egunaren bigarren edizioan, gaur bertan Argantzunen EAJ-PNVko 400 bat alderdikide eta alderdizale hartu dituen honetan, Jose Antonio Susok bertan bildutakoen aurrean azpimarratu du EAJ-PNVk politika esparruko talde guztiekin akordioetara iristeko duen gaitasuna. “Horrela ari gara Eusko Legebiltzarrean, Aldundietan eta Udaletan. Madrilen ere, jakina. Batzuekin hitzartu dugu han eta besteekin hemen. Negoziaketa guztiak dira baliagarriak onuraduna euskal gizartea baldin bada. Euskal erakundeetan PSErekin hitzartu dugu bertan behar genuen egonkortasuna bermatzeko. Madrilen PPrekin hitzartu dugu, Arabako Aldundian eta Vitoria-Gasteizko Udalean EH Bildurekin hitzartu dugu. Azken finean, akordio politika da guk egiten duguna, EAJ-PNVren patentearekin, euskal eta arabar gizarteak aukera bakar bat ere gal ez dezan”.
EAJ-PNVren Araba Buru Batzarreko presidenteak gizarte elkartua eraiki beharra aldarrikatu du, hau da, gatazkarik gabe aurrera egingo duena. Era berean baztertu ditu EAJ-PNVk aste honetan politikaren mutur banatan kokatuta dauden alderdien aldetik jaso dituen kritikak. “Batzuek esan dute Gasteiz erradikalen eskuetan utzi dugula. Besteek aurpegiratu digute abertzale izateari utzi diogula eta Marotoren denboretara bueltatu garela. Ea ados jartzen diren. Horren muturreko diren salaketek bakarrik adieraz dezakete egon behar dugun lekuan gaudela, gauzak ondo egiten ari garela” esan du Susok. “Abertzaletasuna gure ADNan daramagu, baina batzuk moskeatu egiten dira gure batzokiei egiten zaizkien erasoak gaitzesten ez dutenen eta Euskadirentzat horrenbesteko zama handia suposatu izan zuen indarkeria gaitzetsi ez zutenen eskuliburuaren arabera jarduten ez dugulako. Ez naiz ni izango horiei guztiei lezioak emango dizkienak, eurek bakarrik ikas ditzatela, hazita daude horretarako. Gu abertzaleak gara, gero eta askeagoa izango den Euskadi eraikitzeko borrokan ari gara, gero eta askeagoa baina aldi berean gero eta bidezkoagoa eta orekatuagoa. Gizarte batua eraikitzetik baino ez da lortuko krispaziorik gabe aurrera egitea. Erakunde guztietan egiten dugun lana da gizarte elkartu eta kohesionatua eraikitzea“ azaldu du.
Trebiñoko Argantzungo La Puebla udalerrian ABBko buruak berriro erreklamatu du barrendegia Araban integratu behar dela. “Urteak daramatzagu mahai gainean aukera ezberdinak planteatzen Trebiñoko 222 kilometro koadroko zabalera hau Arabaren barruan integra dadin. Barrendegiko 47 herri hauetako 2000 biztanleok gaurko egoera ulertezina bizi beharrik izan ez dezazuen, hau da, Gasteiztik 10 kilometrora egon arren hemendik 100 kilometrora dauden erakundeen mende egon behar izatea. Gasteizera begira baina administratiboki Burgosen mende egotera eramaten zaituzten kontraesana da. Arabarrekin partekatzen dituzue kultura eta jaiak, Alaves eta Baskonia taldeak animatzen dituzue, zuen seme eta alabak Gasteizko ospitaletan jaiotzen dira eta horietara joaten zarete tratamendu espezializatuak jasotzera eta erabiltzen dituzuen autobusak Gasteizko geltokiraino iristen dira. Arabako erakundeak eguneroko arazoak hitzarmenen bidez konpontzen saiatzen dira baina behar-beharrezkoak izan arren, ez dira nahikoak. Ezbai amaigabea, benetan aspergarria. Eta, hori bezain aspergarria da Madrilen burugogorkeria, PPk Gaztela-Leonen ezartzen duen irizpide berbera hartu duelako. Horren kontra borrokatzen ari gara, hau da, gelditasunaren kontra eta gure ahotsa errespetatua izan dadin” azaldu du.
Arabar alderdikideen jaira hurbildu dira erakundeetako hainbat herri kargudun, hauen artean Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea.
Argantzungo La Pueblako Udaleko EAJ-PNVko zinegotzi den Eulalia Salmónek eskaini ditu ekitaldi hasierako hitzak eta ondoren hitz egin du Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek, foru exekutiboan legealdiaren erdialdera iritsita egiten duen balantzearen nondik norakoak azaltzeko. “Azken urte biotan Arabak aurrera egin du. Atzean geratu da aldi grisa, lidergorik gabea, Madriletik zetorrenaren mende eman dugun aldia eta Madriletik zetorren guztia, txarra zen askotan edo, ia beti. Politika egiteko molde berriak ezarri dira, politika hurbila. Herri bakoitzean izan gara, herrialde honetako txoko guztietan tokian tokiko arazoak hobeto ezagutzeko eta konpondu ahal izateko” esan du, eta balantze hori arrazoitzeko zioak azaldu ditu. “Urte biotan Araban logistika enpresa berriak ezarri dira. Urteotan geldituta egon diren azpiegiturak desblokeatu ditugu. Legutioko zeharbidea, edo N-124 errepidea dira horietako bi, eta lanak hasi dira dagoeneko. Saratxoko zeharbideko lanak ere desblokeatu ditugu. Azpiegitura hidraulikoetako inbertsioak desblokeatu ditugu, urtetan geldituta egon dira eta benetako arazoa suposatzen zuten Arabarentzat. Foru Aldundiak eman duen bultzadarekin, erakunde guztien artean egingo diren 100 milioi euroko inbertsioak hitzartu dira. Halaber, suhiltzaileen partzuergoa eratu dugu eta SISEU guztiak egunean 24 ordutan egongo dira zabalik” azaldu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09