Prentsa Aretoa

2025/10/10

Jone Berriozabal: “Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak Araban negoziatuko dira”

ABBren presidenteak argi adierazi du EAJ-PNVk borondatea duela aurrekontu egitasmoak talde politiko guztiekin negoziatzeko, inori lehentasunik eman gabe eta betorik jarri gabe

rss Ezagutzera eman
Jone Berriozabal: “Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak Araban negoziatuko dira”

ARGAZKIA JAITSI

“Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak Araban bertan negoziatuko dira, ez beste lurralde batean ezta beste multzo baten barruan ere”. Hitz horiekin baztertu du Araba Buru Batzarraren presidenteak , irratian egin dioten elkarrizketan, EH Bilduk aurrekontuen inguruko akordioa blokean adosteko egin duen proposamena.

“EH Bilduk ez du lehentasunik izango aurrekontuen negoziaketan, eta legebiltzarreko beste taldeei ez diegu betorik jarriko. Argi dago Vox-ekin ez garela akordioetara iritsiko, baina denekin negoziatzeko prest egongo gara eta denon aldetik espero dugu borondate ona ikustea,  lurraldean eta udalerri bakoitzean diren beharrei erantzuteko moduko kontu publikoak izan ditzagun 2026. urteari   proiektu egokiekin heltzeko, estrategia berriekin eta lan ildo berriekin”, adierazi du.

ABBren presidenteak era berean adierazi du Foru Aldundien aldetik dirubilketan antzematen diren aurreikuspen onek ahalbidetuko dutela aurrekontu onak prestatzea. “Dirubilketa ona da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietan egin den lan onaren emaitza, eta horrek ondorio garbiak izango ditu euskal erakundeetan, aurrekontu egitasmo ona egin ahal izateko”, nabarmendu du. “Abiapuntu ona izan daiteke aurrekontuen inguruko akordioa izateko. Ikusiko dugu, oposizioko alderdiek  negoziaketarako eta akordioetara iristeko erakutsiko duten borondatearen araberakoa izango delako” gogoratu du  eztabaida horri “lasaitasunez eta patxadaz, zuhurtasunez  eta mahaiz mahai, erakundez erakunde” egin beharko litzatekeela azpimarratuz.

Berriozabalek era berean adierazi du talde jeltzalea prest dagoela “gure onena emateko, akordio on bat lor dezagun. EAJ-PNVren aldetik talde guztiei eskua luzatzen diegu aurrekontuen negoziaketa honetan akordio batetara iristeko”.

Aranan errefuxiatuentzat planteatzen den makrozentroaz galdetu diotenean, ABBren presidenteak adierazi du  berak ezin duela ulertu  PSOE horren tematuta egotea “gizartearen arbuioa” jaso duen proiektua Vitoria-Gasteizera ekartzearekin. “Aldebakartasun osoz hiriari inposatu nahi zaion proiektua da. Ez zait buruan sartzen alkateak hiriari halako proiektu bat inposatu nahi izatea, jende guztia kontra daukanean”, adierazi du. Jarraian gogoratu duenez EAJ-PNVk ez du proiektua onartzen “planteatzen den moduan”. “ Eredu hori ez dator bat Euskadiko harrera ereduarekin. Betidanik eskua luzatuta izan dugu Aranako zentroaz hitz egiteko . Ez 350 ezta 200 ere. Ematen du zocoa dela, eta EAJ-PNVk ez du horretan parte hartuko”, amaitu du.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!