Prentsa Aretoa

2018/06/04

Ortuzar: “Ikusi nahiko nuke Oyarzábal senatariak zer aurpegirekin bozkatzen duen Arabaren alde onartu ziren zuzenketen kontra”

EBBko presidenteak espero du popularrek sen onez jokatzea eta Euskadiko inbertsioen kontra ez bozkatzea. “Ez da ez adimentsua ezta bidezkoa ere PPK EAJri euskal gizartearen aurpegian zaplastekoa jo nahi izatea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur baieztatu du ez litzatekeela “ez bidezkoa ezta adimentsua” izango PPk “EAJri euskal gizartearen aurpegian zaplastekoa jo nahi izatea”. Onda Vasca eta Radio Nacional de España irratiei eskainitako elkarrizketetan, Ortuzarrek hala erantzun dio Partido Popularrak, mendeku gosez, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Kongresuko izapidean Euskadirentzako adostu ziren inbertsioen kontra bozka diezaiokeen susmoari. “Ikusi nahiko nuke, esaterako, Oyarzábal jaunak zer aurpegirekin bozkatzen duen Arabaren aldeko zuzenketen kontra”, hauen artean Forondako aireportuan 24 orduko zerbitzua berrezartzeari dagokionez.

“Ulertzen dut Partido Popularra gurekin haserre egotea, baina autokritika ere egin behar du egoera honetara nola iritsi garen ulertzeko”, baieztatu du Ortuzarrek. “Politikan, mendeku gosea ez da tresna ona izaten. Guk oroimen politiko handia daukagu. PPk, Patxi Lópezen laguntzarekin, Ajuria Eneatik eta Eusko Jaurlaritzatik bota gintuztenekoa gogoratzen dugu, EAJk orduko hauteskundeak irabazi arren. Guk ez genuen mendeku gosea izan. Izan ere, alderdi biekin lankidetzan aritu izan gara azken urte hauetan. Ez genuen euskal gizartea kaltetu. Nik espero dut gaur egun ere halakorik ez gertatzea, guk adierazpen batzuk entzun genituelako, Rajoy presidentearenak barne, halakorik gertatuko ez zela esanez. Mendeku hori litzateke EAJri zaplastekoa emateko, baina ematekotan, euskal gizarteari emango diote. Ez dut uste oso adimentsua edo bidezkoa denik”, baieztatu du. Azkenean errebantxa hori emango balitz, Ortuzarrek uste du argi geratuko litzatekeela “Partido Popularra zeinen txarto dagoen, eta etorkizunera begira alderdi gisa zer zentsutan hausnartu behar duen. Zergatik iritsi gara egoera honetara? Partido Popularrak ez duelako erakutsi bere gainean erortzen ari ziren egoera larrien aurrean erantzuteko moduko gaitasuna. Ustelkeriaren aurrean bestela erantzun behar zuten. Eta bestela erantzun behar zuen Ciudadanosek esan zionean ez zuela gehiago Partido Popularrarekin bozkatuko. Egoera hori ondo irakurri ez izana eta alternatibarik planteatu ez izana bere gabezia izan da, ez gurea. PP geldituta geratu zen. Hasiera batean uste genuen, eta hala esan nuen nik, mozioa apur bat presaka eta korrika aurkeztu zutela, baina Partido Popularrak berak lagundu dio eta denbora errekorrean izapidetzea eragin zuen eta besteoi ez digu hausnartzeko denborarik utzi, iritzi publikoaz eta herritarren erantzunaz aparte. Partido Popularrak argi eta garbi ikusi behar du kalea nola daukan”.

EBBren eta EAJ-PNVren baitan hartu den erabakiaz galdetuta, Ortuzarrek erantzun du ahobatezkotasuna izan dela prozesu osoan zehar eman den zerbait “Urkullu Lehendakariari dagokionez ere, Partido Popularraren posizioa nola narriatu den eta Sánchez hautagaiaren posizioa nola hobetu den ikusi dugulako. Osteguneko bileraren sei orduetan ez zen `baiezkoa´ bozkatzearen kontrako hitzik esan. Hori bai, guztiok kezkatzen gintuen eta gaitu gure jardunak zer nolako ondorioak izan ditzakeen, eta orain bat ikusten ari gara Aurrekontuekin, baina baita Legealdiak zenbat iraungo ote duen, zer gertatuko den, zer gertatuko ez den… Jabetzen gara gobernu honek bere hasieran daukan ahultasunaz, eta lagundu egin behar da hau guztia txarto irten ez dadin”.

Ortuzar ulerkor agertu da Kataluniako alderdi soberanistak hasiera bateko abstentziotik zentsura mozioa babestera igaro direla ikusita,baina “itzulipurditzat” jo du EH Bilduk Partido Socialista Obrero Español alderdiari bozkatzeko egin behar izan duena. “Kataluniarrek biraketa estrategikoa egin zuten abstentziotik `baiezkora´ igarotzeko, eta horren atzean mezu bat dago, hau da, Kataluniako soberanistek Madrilen behar dutela hitz egiteko eta irtenbideak bilatzeko norbait. Itzulipurdi handiagoa izan da Ezker Abertzaleak egin duena. Egunen batean azaldu beharko digu Bilduk nola uler daitekeen guk PSErekin bozkatzen dugunean traidore garela 155koekin bozkatzen dugulako eta beraiek PSoerekin bozkatzen dutenean ez dela ezer gertatzen”, hausnartu du. Jeltzaleen buruaren ustetan, Ezker Abertzaleak azken asteotan “sarraskijalearena” egin du. “ Espero dut orain herrietan gure kontra jarri dituzten kartelak kentzea edo beste batzuk jartzea `arrazoia zenuten´ esanez. Kartel horietan jarri dute iruzur egingo dugula `gezurti ´ izan garela, ez dakit norekin hitzartu dugula… Nik eskatuko nieke, Arnaldo Otegiri horrenbeste gustatzen zaion ´justizia politikoa´ badute, kartel horiek kentzea eta egin duguna baloratzeko beste batzuk jartzea”.