Prentsa Aretoa

2018/11/08

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 408 lanpostu sortzeko indarrak batuko dituzte

338 kontratu sinatuko dira Vitoria Gasteiz Enplegu Lanari esker eta Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bitartez 70 gazteentzako enplegu sortuko dira. 2,82 milioi euro Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren bitartez 338 enpleguren sorkuntza bultzatzeko izango dira 1,13 milioi euro toki-erakundeek 70 gazte kontratatzera zuzendutako enplegu-sustapenaren arloko jardueretarako Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa osatuko du Gasteizko Udalak, 752.000 eurorekin

rss Ezagutzera eman
Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 408 lanpostu sortzeko indarrak batuko dituzte

ARGAZKIA JAITSI

Gorka Urtaran alkateak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurkeztu dituzte gaur goizean, enpresa eta ekonomia-eragile lokalen aurrean, enplegu-sustapenaren eta gazteen kontratazioaren esparruetan —Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren eta Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bitartez— elkarrekin garatuko dituzten jarduerak, guztira 408 enplegu berriren sorkuntza ekarriko dutenak.

Azken lau urteetan bilakaera positiboa izan duen lan-merkatuaren testuinguruan kokatu ditu Urtaranek enplegu-plan horiek, 5276 pertsona gutxiago baitaude langabezian, 9356 afiliazio gehiago Gizarte Segurantzan, eta langabezia-tasa % 10etik behera baitago, 2015eko % 15,9aren aldean. “Hobetu egin da egoera, besteak beste enplegu egonkor eta kalitatekoaren sorkuntza bultzatzeko politikak garatzeko erakundeen arteko lankidetzari esker. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren konpromiso ekonomikoa erabakigarria ari da gertatzen, 12 milioi eurotik gorakoa izango baita agintaldi honetan”, azpimarratu du alkateak.

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzen programaren barruan sartzen den Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planari dagokionez, Lanbideren aurrekontuko 2,82 milioi euro baliatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hartara 338 enpleguren sorkuntza bultzatuko. 92.000 euroko finantzaketa osagarria jarriko du Udalak.

Lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboekiko konpromisoa da plan horren ildo estrategikoetako bat. Honako hauek sartzen dira kolektibo horietan: diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, 35 urtetik beherako gazteak, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa gutxieneko denbora bat daramaten 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak, langabezian luzaroan daramatenak eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak oro.

Kontratazio-kopuruan izango duten eragin handiagoagatik, hauek nabarmentzen dira: natura- eta hiri-espazioak birgaitzearekin zerikusia duten proiektuak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak lanean txertatzeko laguntza, eta hondakinen kudeaketaren arloko hainbat jarduera.

Garapen ekonomikoaren aldeko apustua

“Eusko Jaurlaritzak garapen ekonomikoa sustatu eta enplegu lokala sortzeko egindako apustu estrategikoaren barruan sartzen da Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Plana”, azpimarratu du Beatriz Artolazabalek. “Enpresa-ehun lokalaren jarduera dinamizatzeko balio izango du, eta iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak sustatzeko”, adierazi du sailburuak.

Tokiko eta eskualdeko enplegu-planetarako nahiz autonomia-erkidego osoan enplegua sustatzeko ekintza lokaletarako diru-laguntzak emateko Lanbidek kudeatzen duen deialdia 22 milioi eurora iritsi da aurten.

Artolazabalen iritziz, “bai tokiko eta eskualdeko enplegu-planetako jarduerak, bai toki-erakundeek gazteak kontratatzeari dagozkionak —Gazteentzako Enplegu-Plana— oso baliagarriak dira langabeziak bereziki eragiten dien zonetan enplegua sustatzeko, eta enplegurako aktibatzeko politiken barruan sartzen dira.”

338 enplegu berrietatik, 175 enpresa lokalek egingo dituzten kontratazioak izango dira, eta gainerako 163 kontratazioak, berriz, Gasteizko Udalak hartuko ditu bere gain.

Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planean sartzea

Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren barruan kontratatzen diren pertsonek Gasteizko bizilagunak izan beharko dute, langabezian egon eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon.

Hartara, tokiko eta eskualdeko enplegu-planekin zerikusia duten enplegu-eskaintzak aurkezten zaizkio Lanbideri, eta Euskal Enplegu Zerbitzu hori arduratzen da lehenengo hautaketa egiteaz, eskainitako enpleguak oinarritzat harturik, eskatzen diren profiletara egokitzen direnen artetik.

Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren bitartez sinatzen diren kontratu guztiek gutxienez sei hilabeteko iraupena izango dute.

Gazteei laguntzea

Gazteen Enplegurako Programa Eragileari dagokio Lanbideren bigarren ildoak, eta 1,13 milioi euro bideratuko dira horretara, hots, gazteak 12 hilabeterako kontratatzera. Kasu honetan, 600.000 eurorekin osatuko du Udalak  programaren finantzaketa.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza, esparru honetan, 70 pertsonaren kontratazioan gauzatuko da —beren kalifikazio-mailetarako egoki diren lanpostuetan— Gazte horiek azaroan bertan lanean hastea aurreikusten da.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 30 urtetik beherakoei lehenengo lan-esperientzia eskuratzera zuzenduta dago programa hori, nahiz eta errenta hori jasotzea ez den nahitaezko betebeharra.

Horrela, hiri-proiektuetan lan egingo duten gutxienez 70 gazte kontratatzeko konpromisoa hartzen du Udalak bere gain, hala nola ikastetxeetako patioen hobekuntza estetikoan, hiriko lorategien zaintzan eta Olarizuko lorategi botanikoan, udal baratzeetan konposta egiteko lanetan eta bide publikoko hondamenak konpontzen, besteak beste.

Horrela, enplegu-aukera bat emango zaie gazteei, lan-merkatura sartzerik izan dezaten. % 48tik % 17,4ra jaitsi da gazteen langabezia-tasa agintaldiaren hiru urte hauetan, eta bilakaera hori sendotu nahi da gaur aurkeztu denaren gisako ekimenen bitartez.

iturria:vitoria-gasteiz.org