Prentsa Aretoa
2018/11/17
Ortuzarrek Bilduri eskatu dio “gehien behar duten pentsiodunei, larrialdi egoeran dauden familiei eta langabeei laguntzearen… ala PPri laguntzearen artean” aukeratzeko
Iruña Okan gaur ospatu den Arabako Alderdikide Egunean, EBBko presidenteak aldarrikatu du atzo Azpiazuk Ezker Abertzaleari mahaigaineratu zion proposamena, eta Ramiro González eta Gorka Urtaranek eginiko kudeaketa lana nabarmendu du
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Bai, hori bezain sinplea da. Bilduk gauza bat ala bestea aukeratu behar du: gehien behar duten pentsiodunei, larrialdi egoeran dauden familiei eta langabeei laguntzea… ala PPri laguntzea”. Horrela bezain zehatz azaldu du gaur Andoni Ortuzarrek Euskadiko aurrekontuen negoziaketa, Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk atzo Ezker Abertzaleari pentsio txikienak jasotzen dituzten euskal erretiratuen sarrerak osatzeko, egoera latzean dauden familiei laguntzeko eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko 80 milioi euroko partida eskaini ondoren. “Bilduk gauza bata ala bestea aukeratu behar du: Aurrekontuak ala PPren aliatu taktikoa izatea”, nabarmendu du Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Arabako EAJ-PNVk gaur Iruña Okan hainbat alderdikide eta alderdizale jeltzaleren artean ospatu duen Alderdikide Egunean.
Ortuzarrek era berean aldarrikatu nahi izan du Ramiro Gonzálezek eta Gorka Urtaranek azken legealdi honetan Arabako Foru Aldundian eta Vitoria-Gasteizko Udalean egin duten lana, erakunde bietan “PPren oinordetza astuna” atzean utzi ahal izateko. “Monumentu bat egin beharko genieke biei eta beren lantaldeei, egiten ari diren lanagatik eta aurre egin behar izan dioten egoerari. Sartu ginenean Aldundia bertan behera zegoen eta Gasteizko Udalean hirian dagoen errotonda kopurua baino zor handiagoa, eta bien artean egoera horretatik ateratzen ari dira. Ekinaren ekinez, ahalegin handia eginez, arazoei aurre eginaz, imajinaziotik irtenbide onak atereaz, jendearekin egonaz, kalerik kale ibiliaz…. Gorka, Ramiro: eskerrik asko egiten ari zareten lanagatik eta ekin gogotsu, ekin gogor datorrenari. Alderdi osoa zuekin dago. Eta esango nuke Arabako hiritargoaren zati handi bat ere, hasitako bide honi ekin nahi diona”.
Aurrekontuei buruzko eztabaidari ekitean, Ortuzarrek Partido Popularraren jarrera gaitzetsi du. “Ez dute Aurrekonturik nahi Madrilgo zentsura mozioa babesteagatik zigortzeko. Mendeku gose hutsa. Baina ez dira konturatu, EAJri egurra eman gurean, zaplastekoa Herrialde honi eta Herri honi eman nahi diotela”, baieztatu du EBBko presidenteak zera galdetu baino lehen: “Halako jokaerekin izango al dute hurrengo udal eta foru hauteskundeetan Arabako etorkizuna direla esateko aurpegi gogorra?”. Halaber, jeltzaleen buruak bertaratu guztiei ohartarazi die PPk, Araba eta Euskadi osoko hiritargoak datorren maiatzean hautestontzietan zigortuko duela jakinda “begirune politikoaren muga guztiak gainditzeko prest dagoela”. Adibide bat emateko, “atzo, PPko buru batek Hitlerrekin konparatu gintuen”, esan du Ortuzarrek. “Hau da marka: nork eta PPk besteoi nazi esaten. Franco ukitzerik nahi ez dutenek faszista esan digute faszistek eta naziek jazarriak eta errepresaliatuak izan ginenok. Otsoak ardiak salatzen. Zentzugabekeria honi ez diogu garrantzi handiagorik emango. Oso urduri daude. Zergatik ote? Zer datorren susmatzen dutelako. Zorionez, Herrialde honentzat, PP alderdia ez da etorkizuna, iragana da, iragan beltza, atzean geratu den iragana, zeinetara arabarrok inola ere itzuli nahi ez duten”, baieztatu du.
Ortuzarrek erantzun nahi izan die Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak berrikitan egin dituen adierazpenei, ”kezkatuta” agertu zelako EAJk ez ote dituen Euskadiko elkarbizitzaren eta aniztasunaren oinarriak suntsituko. “PSEko idazkari nagusia banintz”, esan dio jeltzaleen buruak “herri honetako alkate sozialistaren kudeaketa kaotikoagatik arduratuko nintzateke, Udala hankaz gora daukalako; edo Irun eta Barakaldon bete gabe utzi dituzten akordioengatik; edo, kezkatuta egongo nintzateke Espainiako gobernuak Euskadirekiko akordioak eta Estatutuko eskuduntzen transferentziak bete gabe dituelako. Hori bai dela kezkatzeko modukoa. EAJk egingo duenagatik, egon dadila lasai Mendia andrea. Eta koalizioagatik, baita ere, `apustu arriskutsua´ baino, guztiontzako apustu errentagarria izan delako ,bereziki elkarrekin gobernatzen ditugun Herrialdeetan”.
Iruña Okako zinegotzi eta udalerriko alkategai Jesús Mª Guinea izan da ekitaldi politikoa abiarazteko eta bertaratuei ongi etorria emateko hitzak esan dituena. Jarraian, José Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak Arabako Foru Aldundiko eta Vitoria-Gasteizko Udaleko gobernu taldeek hurrengo ekitaldirako aurkeztu dituzten aurrekontuen garrantzia ekarri du gogora. “Etorkizunerako benetako apustua dira, arabar eta gasteiztar guztien beharrizanei erantzun nahi dien Arabak etorkizunerako benetako urratsa eman dezan”, azpimarratu du. Susok era berean deitoratu du “jardun politikorako tresnarik nagusiena diren aurrekontuak” “jaurtikitzeko arma gisa” baliatu izana, 2019ko maiatzeko hauteskundeak horren hurbil ditugula ikusita. Zentzu horretan kritikatu duenez “berriro ere EH Bildu eta PP joko zelai berean elkartu dira eta taldea eta estrategia partekatzen ari dira. Harrigarria da helburu eta diskurtso berbera partekatzen dutela ikustea. Batek harriak jartzen ditu bidean eta besteak zotzak sartzen ditu gurpiletan, eta biek gobernua ahultzeko helburuarekin. Hauteskundeen aurrean daukaten helburu horri baino ez diote begiratzen, gizartearen interesa albo batean utzita”, gaineratu du.
Arabako jeltzaleen buruak “aurrekontuen motorea indartzeko eskaria” egin du “herrialde osoarentzako eta hiriburuarentzako proiektu nagusi berriei ateak ireki ahal izateko. Gainerako talde politikoek kontu publikoak babesteko prest egon ala ez, erakundeen motorea ez da geldituko. Eskua luzatuta daukagu oposizio arduratsuaren zain. Herrialde anitza da gurea. Zatiketa politikoa agerikoa da. Ez da gauza berria,ezta legealdi honetako gauza bat ere. Talde ezberdinen batura behar da gehiengoak osatu ahal izateko. Egoera honetan, aspalditik datorrena eta denboran luzatuko dena, EAJ-PNV da gobernagarritasunerako giltza”, esan du. Susok, amaitzeko, legealdiaren balantze positiboa egin du eta esan du oso ona izan dela “erakundeen artean eman den koordinazioagatik eta egin den planifikazio onagatik, zorroztasunez eta adostasun politiko bidez aritu direlako”eta horregatik lortu dela “Araban finkatu den biziberritze prozesua aurrera eramatea”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09