Prentsa Aretoa

2019/01/17

Argi berdea Vitoria-Gasteizen abiadura handiko linea lur azpian sartzeari

Lur azpitik joango den tarteak 3.610 metroko luzapena izango du Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean, eta gainazalean 90.000 metro karratuko azalera utziko du libre hiri erabileretarako Geltoki berria egungo eraikinaren moldaketa izango da; bolumen osagarria gehituko zaio eta lur azpiko bi solairu izango ditu

rss Ezagutzera eman
Argi berdea Vitoria-Gasteizen abiadura handiko linea lur azpian sartzeari

ARGAZKIA JAITSI

 Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten “Vitoria-Gasteiz Abiadura Handia” sozietate publikoaren administrazio kontseiluak baieztatu duenez, abiadura handiaren Vitoria-Gasteizko sarbideak egungo Madril-Hendaia linea konbentzionalak hiritik pasatzean eratzen duen igarobidea baliatuko du, hirian zehar lur azpitik joateko, Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean. 3.610 metro luze den lur azpiko tarteak gainazalean 90.000 metro karratu utziko ditu libre, hiri erabileretarako.

José Luis Ábalos Sustapen Ministroak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Sustapen Ministerioaren (ADIF) eta Eusko Jaurlaritzaren (ETS) artean, trenbidea Arabako  hiriburuan integratzeko proiektuari buruz prestatu duten soluzioaren aurkezpen ekitaldian hartu dute parte gaur goizean. Administrazio horiek osatutako erakunde arteko batzordeak 2018ko irailaren 13an berretsitako soluzioa da.

Jarduketaren hasiera Jundizko zentro logistikoaren ondoan egongo da, eta amaiera Euskal Y-aren hasieran, Arrazua/Ubarrundia-Legutiano tartean, hain zuzen ere. Hori dela eta, 14,3 kilometroko luzera izango du. Horrez gain, azterlanaren barruan Iruñerako abiadura handiko linearekin Arkauten egingo den lotunea ere jasotzen da.

Abiadura handiaren Gasteizko sarbidea, zabalera estandarreko (UIC) bi trenbiderekin bidaiarientzat eta trenbide misto batekin (hiru harikoa) merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako, proiektatu da. Lehenengo 3 kilometroetan hiru trenbideak paraleloan joango dira, aire zabalean. Pedro Asua kalearen inguruan linea 1.126 metroko tunel faltsu batean sartuko da, geltokira heltzeko.

Epeen aurreikuspenaren arabera, aurten informazio azterlana onetsi eta jende aurrean aurkeztuko da, eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzen den bitartean, 2020an amaitzeko. Obrak egiteko aurreikusten den epea 36 hilabete ingurukoa da. Jarduketaren aurrekontu osoa 724 milioi eurokoa da, BEZ barne. Horietatik 434 geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio, 206 Arkauteko lotuneari, 41 Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den konexioari eta 42 proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.

Eraikuntzaren ezaugarriak

Eraikiko den geltokia, lur azpian egongo den gainerako tartea bezala, pantailen babesean egindako hondeaketa bitartez egikarituko da (cut&cover izenez ezagutzen den eraikuntza sistemaren bitartez) eta 17 metro ingurura egongo da kaleko kotaren azpitik. Merkantzien trafikoak nasen gunetik fisikoki bereizita egongo dira.

Geltokia gainditu ondoren, trazatuak 1.460 metroko tunel faltsuan jarraituko du, Salburuako Bulebarraren azpitik igaro arte. Ondoren, trenbidea gainazalera irtengo da, gorako arrapalan, Errekaleor errekaren gainetik bide-zubi bitartez gurutzatu arte.

Obrak egiten ari diren bitartean trenbideko trafikoei eutsiko zaie, eta horrek garestitu egingo du operazioaren kostua. Hartutako soluzioaren barruan konexioa ezarriko da Jundizeko portu lehorrarekin eta etorkizunean eraikiko den trenbideko autopistarekin, eta, gainera, 750 metroko bazterbidea eraikiko da, zabalera estandarreko merkantzien trenentzat.

Geltoki berriaren xehetasunak

Geltoki berria Dato kaleko egungo eraikinaren moldaketa izango da. Kanpotik erabat kristalezkoa izango den bolumen berria gehituko zaio. Horrek 3.140 metro karratuko azalera gehituko du, eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Instalazioek bi sarbide izango dituzte, egungoa eta Unibertsitateko pasealekutik egongo den beste bat. Higiezinak hainbat zerbitzu jasoko ditu, itxaroteko gunea, sarbideen kontrola, salmentarako eta herritarren arretarako gunea eta baita komun publikoak eta merkataritza lokalak ere.

Minus bat solairura eskailera mekaniko, eskailera finko eta igogailu bitartez helduko da, eta bertan egongo dira abiadura handiko ontziratze aretoa eta aldirietarako sarbidea. Solairu horretan 400 plazako aparkalekua dago aurreikusita.

Minus bi mailan hiru nasa egongo dira (bi erdian eta bat alde batean) eta zabalera estandarreko bost trenbide abiadura handirako, eta baita beste nasa bat ere, aldirietarako trenbide batekin, zabalera mistoko (hiru hari) aldirietako trenbidetik bereizita.

Aukera gune berria

Trenbideak hartzen duen hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko tartea lur azpian sartzeak hiri erabileretarako libre utziko ditu gainazaleko 90.000 metro karratu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean. Horrela, gurpil gaineko trafikorako ahalmen handiko ekialde-mendebalde luzexkako beste bide bat eraikitzea planteatzen da, bi errailekin noranzko bakoitzean, Gaztelako Atetik abiatuta Carmelo Bernaola Pasealekuaren hegoaldera lurgainetik joango dena, egungo trenbide igarobidetik, 200 metrotan. Musikaren Pasealekuko glorietan bidea lur azpian sartuko da, eta San Kristobal kalearen azpitik igaro eta gero berriro ere azaleratu egingo da.

Gaur egun lur azpian edo trenbide gainean dauden zeharkako kaleak gainazalera irtengo dira (Senda pasealekua, San Antonio, Foruak, Errioxa eta San Kristobal), trenbidearen trintxera desagertu egingo da eta. Halaber, Unibertsitateko pasealekuan egokitzapen lanak egitean, tranbiaren geralekua egokitu ahal izango da geltokiko eraikin berriaren ondoan, eta horrek intermodalitatea erraztuko du.

iturria- fuente: vitoria-gasteiz.org