Prentsa Aretoa

2018/12/21

Udalak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala eraikitzeko lehiaketa onetsi du

Proiektuak 900.000 euroko aurrekontua du, eta datorren udazkenerako egingo da

rss Ezagutzera eman
Udalak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala eraikitzeko lehiaketa onetsi du

ARGAZKIA JAITSI

Gaur onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala eraikitzeko kontratazio-dosierra abiaraztea. Proiektuaren aurrekontua 900.000 euro da, eta datorren urteko udazkenerako gauzatuko da.

Adinekoentzako zentro berria Vera-Fajardo Margolariaren kaleko 3.etik 7.era bitartean Udalak dituen hiru lonjatan kokatuko da; duela gutxira arte udalaren ekipamendu eta sistema informatikoez arduratzen zen zerbitzuak erabiltzen zituen horiek.

San Martineko AZSK-k ia 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, elkarren artean konektatu egon arren erabilera zehatz eta autonomoa izango duten hiru aretotan banatuta.

Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da. Bigarrenak 740 m2 hartuko ditu, eta zentroko zerbitzu jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.

Hirugarren espazioak (488 m2) elkartze aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua hartuko ditu; jantokirako sukaldondoa eta biltegia ere jarriko dira.

“San Martineko zentroa leku aparta izango da adinekoak elkartzeko. Han aurkitzen dituzten zerbitzu eta baliabideek bizitza erosoagoa eta errazagoa egingo diete eta, batez ere, aktibo jarraitzen lagunduko dieten jarduera ugari egin ahalko dituzte, lagunak egin eta bizi-kalitate hobeaz gozatu, zahartze aktiboaren bidez”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Zentro soziokultural berria udal sareko 16.a izango da; orotara 33.000 bazkidetik gora ditu sareak. Enpresa esleipendunak gehienez 6 hilabeteko epea izango du gauzatzeko. Lanak datorren apirilean hastea aurreikusi da.

iturria: https://www.vitoria-gasteiz.org/we001/was/we001Action.do?idioma=eu&esIntranet=false&nuevaPag=&uid=u19e30542_167c4eb5452__7e9c&aplicacion=wb021&id=&tabla=contenido