Prentsa Aretoa

2019/03/28

Ortuzar izan da Sabin Etxean ‘Juan Ajuriagerra, el Hermano mayor‘ liburuaren aurkezpenean

EBBko presidenteak eta Eugenio Ibarzabal liburuaren egile,kazetari eta idazleak EAJ-PNVren lider historikoaren ibilbidea aldarrikatu dute euskal abertzaletasunaren ezinbesteko figura izan dela nabarmenduz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Juan Ajuriagerraren figuraren balioa azpimarratu du ‘Juan Ajuriagerra, el Hermano mayor’ izenburuko liburua jendaurrean aurkezteko gaur goizean Sabin Etxean egin den ekitaldian. “Ajuriagerra izan zen nire ume aroko eta gaztaroko pertsonaia mitikoa”, esan du Ortuzarrek, eta miresmen osoz gogoratu du Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta ezinbesteko figura izan zena Guda Zibilean, frankismo garaian, erbestaldian eta trantsizio garaian. “Zuzenean ezagutzeko zoriona izan nuen. Gure eskualdera etorri zen mitin bat ematera 1977an eta heroia gure begi aurrean gorpuztu zen”. Ortuzarren esanetan Ajuriagerra ez zen publiko aurrean hitz egiten oso trebea baina “magnetismo berezia zuen eta geroan egiaztatu nuen bezala, berdin gertatzen zitzaion leku guztietan: halako efektu berezi bat sortarazten zuen. Begirunea baino gehiago zen, miresmena baino gehiago, identifikazio politikoa baino gehiago . Hori dena baino gehiago zen. Asko pentsatu dut sentimendu hori definitzeko hitza aurkitzeko,baina ez dut aurkitu”. Jeltzaleen buruak era berean gogoratu duenez “Ajuriagerraren aita nire amamaren lehengusua zen eta bere parte hartzea erabakigarria izan zen, etxera, Ikurrina batean bilduta, Justo osabaren gorpua ekarri ahal izateko, Legutioko batailan erori zen gudari gaztearena”.

EBBko presidenteak baieztatu du Ibarzabalen liburua liburu “bikaina” dela. Pertsonaia bikaina erakusten du, baina gauza asko eta asko kontatzen ditu gure iragan hurbilaz. Azken berrogeita hamar urteotan Herri honetan gertatu diren hainbat gauza ulertzen laguntzen duen liburua da. Orain arte goreneko mailan dauden jeltzaleek soilik ezagutzen zituzten istorioak ere kontatzen ditu: Jaurlaritza-Alderdia harremanak, Agirre lehendakaria-EBB, `informazio-zerbitzu´ famatu baina ezezagunak, EGI eta EKINen arteko borrokak eta gero ETArekin, barruko alderdia eta erbesteko alderdia…. Gauza asko eta asko, eta horietan guztietan Juan Ajuriagerra izan zen dena bateratzeko `argamasa´, lotunea, anaia nagusia”, amaitu du.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU