Prentsa Aretoa
2019/04/16
"Errespetatu gaitzaten aldarrikatzen dugu, gure herriaren erabakiak defendatu ahal izateko"
Euskal Talde “indartsu eta koherente” baten aldeko aldarria egin du Egibarrek, “zentzu zabalenean zama” den Espainiaren aurrean
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak “errespetua” aldarrikatu du, Euskadik ber einteresak eta beharrak defendatzen jarraitu dezan. Errenterian jeltzaleek egin duten ekitaldi politikoan egin ditu adierazpen horiek, eta berarekin batera izan dira Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Agirretxea, Senaturako zerrendaburu Maribel Vaquero eta Maite Peña, datozen udal hauteskundeetako Errenteriako alkategaia.
Egibarren ustez, Espainia “zama bat da zentzu zabalenean”, arlo ekonomikoan eta politikoan. Argudiatu du Espainia “buru” dela Europako defizit publiko estrukturalean, “bilioi bat euroko zorptzea duela”. “Pentsio sistema Espainian abandonatuta dago, lurralde eredu politikoa krisian dago, eta ez bakarrik Katalunian. Sanchezek berak mehatxu egin du Katalunian 155. artikulua berriro ezarri lezakeela. Eta Euskadiri dagokionez, ez digute atxikipen libreko formularik eskaintzen, elkarbizitza errazteko”. Horregatik guztiagatik, “Euskal Talde sendoa eta koherentea behar dugu Madrilen, Kongresuan, Senatuan eta baita Bruselan ere, euskaldun guztien, ez soilik nazionalisten, interesak defendatzeko”, esan du. Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak esan du EAJ-PNVk “Euskadiren etorkizuneko oinarriak finkatzeko bide politikoa eta demokratikoaren aldeko apustua” egiten duela. Zentzu horretan, gehitu du “gure kontzertu ekonomikoa, autogobernua, Nafarroako konbenioa defendatzeko ordua da”. Errealitate horren aurrean, aurrera egiteko eta etorkizunean begirada jartzeko beharrean jarri du azpimarra, “bai ekonomian bai politikan, aurrera egiten ez bada, atzera egiten delako”.
EAJ-PNVri leporatzen zaion zilborkeriaz mintzo, Egibarrek gogarazi du 1986ko urtarrilaren 1az geroztik, Espainiako BPG %68koa zenean Europako batez bestekoari zegokionez, Europako Batasunak “168.000 milioi euro jarri dituela Espainiarako; Euskadirako, aldiz, 3.845 milioi”. Gaineratu du, bitarte horretan, Espainiako BPG delakoa “68tik 92ra pasa dela; eta hori kontuan hartuta batez bestekoa jaitsi egin zela Malta eta Ekialdeko herrialdeak Europako Batasunean sartu zirelako. Euskadin, berriz, BPG %121ean dago, alegia, bakarrik Alemania eta Suedia daude gure aurretik, 123 eta 122rekin”.
Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaia den Joseba Agirretxeak defendatu du EAJ-PNV dela “Euskadiko errealitatean antz gehien duen alderdia”, eta azaldu du “argazki bat aterako bagenio Euskadiko errealitateari, ongien islatzen eta ordezkatzen duena EAJ-PNV dela”. Hautagai jeltzaleak esan du “han eta hemen” jarraituko duela EAJ-PNVk “herritarrei hitza ematen, dituzten beharrak asetzen eta, batez ere, gai bakoitza behar den lekura eramaten”. “Baina –jarraitu du Agirretxeak-, ez gara mezulari hutsak. Alderdi bezala gizarte erantzukizuna dugu eta eskari guztiei erantzuna ematen saiatzen gara”.
Beste alde batetik, jeltzaleak PSOEko hautagaiari erantzun dio: “Odon Elorzak esan zuen sozialistarik gabe ez dagoela autogobernurik. PSOE mugitu dadin atzean egon behar du EAJ-PNVk eta mugiarazteko”, defendatu du Agirretxeak, eta amaitu du esanez “daukagun autogobernua EAJ-PNVren ahalegin nekaezinaren ondorio da”.
EAJ-PNV Gipuzkoako Senaturako zerrendaburuak, Maribel Vaquerok, hauteskunde orokor hauetan “Euskadik jokoan asko duela” azpimarratu du. Besteak beste, aipamena egin dio autogobernuari, euskal gizarte babes sistemari, osasungintzari, ekonomia garapenari eta kalitatezko enpleguari, hauteskunde programaren ardatz nagusietako bati, hain zuzen ere. “EAJ-PNV ez du Espainia gobernatzeko asmorik”, Vaqueroren hitzetan, eta jarraitu du esanez “mugitzen gaituena Euskadi dela, bere interesak eta herritar guztien ongizatea”. Hala eta guztiz ere, esan du “PSOEri Espainiak bakarrik axola diola, eta ez Euskal Agendak”. Senaturako hautagaiak pasa den asteburuan estatu hainbat alderdi politikoek Euskadin egindako ekitaldiak aipatu ditu, eta Vaqueroren ustetan “bere kanpainaren mesederako erabili dute Euskadi, gure kontura, gurearen kontra”. Horren harira, helburu horretan “ez laguntzeko” eskatu die euskal herritarrei.
Lehendakari Agirre plazan antolatutako ekitaldian ere Hitza hartu du Maite Peñak, maiatzak 26ko udal hauteskundeetan Errenteriako EAJ-PNVren alkategaia izango denak. Peñaren ustetan, Errenteria “etorkizunera begira dagoen udalerria da” eta herriak bizikidetza arloan eman dituen aurrerapauso sendoak azpimarratu ditu. Hautagai jeltzaleak herria “bizia eta anitza” dela esan du eta EAJ-PNVk giza eskubideei dagokienez duen konpromisoa berretsi du, “atzerapausorik ez duen konpromisoa”, hain zuzen ere.
Dena den, Peñaren hitzetan Errenterian “hobetzeko gauza asko daude” eta errealitate horren aurrean, ekonomiaren suspertzean eta babes sozialean oinarrituta proiektuaren alde agertu da. “Errenteriak behar duen lidergoa bere gain hartuko duen talde trebea dugu”, gehitu du. Hala ere, pasa den asteburuan herrian gertatutakoaren inguruan mintzatu da. “Proban jarri gaituzte”, esan du, eta gehitu du “boto gutxi batzuk eskuratzearren, gorrotoa, indarkeria eta liskarra berpiztu eta batzuk lehenaldiko Errenteria ekarri dute gogora”, baina horren aurrean Peñak esan duenez, “argi gera dadila Errenteriak etorkizunean duela begirada jarrita”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09