Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2019/05/16

Ortuzarrek Laudion aldarrikatu du “Bilduren marmota eguna atzean uztea” Gasteiz eta Araba osoa aurrera daramatzan ‘Euskadi egitasmoa‘rekin bat egiteko

EBBko presidenteak salatu du Ezker Abertzaleko alkateen proiektu bakarra dela “beren ezintasunaren errua EAJri leporatzea”, talde jeltzaleak lau urtetan Euskadiko hiriburua eta Herrialde osoa “goitik behera” aldatzea lortu duelarik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EH Bilduk gobernatzen duen udaletan ezarri duen “marmotaren eguna” hurrengo lau urteotan bizitzen jarraitzea edo EAJ-PNVk lideratzen duen eta Vitoria-Gasteizek eta Arabak daramaten ‘Euskadi egitasmora’ igotzea. Hori da maiatzaren 26an jokoan dagoena, Laudion eta Euskadiko udalerri guztietan. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak argi eta garbi planteatu nahi izan ditu aukera bi horiek EAJ-PNVk gaur arratsaldean Laudion egin duen ekitaldi politikoan. Laudio da Ezker Abertzalearen udal kudeaketaren ezaugarri diren paralisia eta gatazka giroa bizi dituen udalerrietako bat. “Laudiok jokoan du orain haztea, modernizatzea, Euskadiren erritmora transformatzea… edo Bilduren marmota egunean jarraitzea, egunero altxatzea ezer gertatu gabe, proiekturik gabe, herria hobetu gabe”, ohartarazi du jeltzaleen buruak. Konponbidea? EAJ-PNV bozkatzea “Laudio aldaketa positibora eramateko, ‘Euskadi mugimendura’, Araba osoa eta Vitoria-Gasteiz aurrera daramatzan egitasmora”.

EH Bilduren “aitzakiak” agerian uzteko, zeinen alkateen gobernu jarduna errua aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari leporatzera mugatzen den, Ortuzarrek Laudioko herritarrak gonbidatu ditu gogoratzera 2015an, PPren gobernuen ondoren, Vitoria-Gasteiz eta Araba nola zeuden eta EAJ-PNVk Herrialde osoan eta Euskadiko hiriburuan egin duen eraldaketa. “Erabateko paralisi politikoa aurkitu genuen, elkar ulertzeko ezintasuna, porrot ekonomikoa eta zorrak, konpondu gabeko arazoak… eta lau urtetan egoera hori goitik behera aldatu dugu. Gaur Araba saneatuta dago ekonomikoki eta etorkizunerako proiektuak ditu. Gauza bera esan genezake Gasteiz hiriaz. Marotoren garaia iragana da; EAJren kudeaketari esker, berriro itzuliko ez den garai beltza.

Arabak eta Gasteizek EAJk erakunde guztietan sustatu duen garapen ereduarekin bat egiten jakin izan dutelako. Eta Laudiok ere bat egin behar du”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek Ander Añibarro Laudioko alkate jeltzaleari adierazi dio ulertzen duela “herrian animoak ilun egotea eta atzean geratzearen sentsazioa zabaltzea, Udalean ez dietelako kasurik egiten, ez merkatariei ezta enpresei ere; eta kaleak bertan behera utzita daudelako. Horixe delako Bilduren kudeaketa eredua. Ematen du gobernatu beharrak indigestioa sortarazten diela”. Eta Laudio goitik behera aldatzera animatu du “Alkate arduratsua izanez, fakturak ordainduz, herria ondo zainduz, proiektu onak kultura eta kirol jardueretarako ekipamenduekin, gazteria dinamizatuz, kalitatezko gizarte zerbitzuak eskainiz… Hori da EAJko alkateek eskaintzen dutena. Herria zaintzea ere bada bere etorkizun ekonomikoaz kezkatzea, kalitatezko enpleguaz eta jarduera ekonomikoaren hazkundeaz. Merkataritza babestea. Enpresez arduratzea, lanpostuak enpresek sortzen dituztelako. Eta gainera, lantaldea egitea Ramirorekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, Lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta Izaskun Bilbaorekin ere, Europako Parlamentuan”.

Ramiro González Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagaiak,bere aldetik baieztatu duenez, “Araba sendoa eraikitzeko zutabeak jarri ondoren, saihestu behar dena da eraikitako hori guztia inork arriskutan jar ez dezala. EAJk eraiki duena ez dezatela beste batzuek suntsitu, hemen Laudion gertatzen den bezala”. Gonzálezek gogora ekarri du EH Bilduk Laudioko udalean egin duen “kudeaketa ezin okerragoa”, ez baitu Aurrekonturik aurkeztu ez 2018an ezta 2019an, ez ditu azken urteotako zabor tasak kobratu eta aldundiak ematen duen 300.000 euroko diru-laguntza galdu du “proiektua burutzeko gai ez delako”. “Horrek izena eta abizena ditu: ezintasuna eta utzikeria. Erantzule bat ere badu: EH Bildu”, azaldu du. “Laudiok alkate eta lantalde egokiak behar ditu, dena emateko prest daudenak. Laudiok Ander Añibarro eta bere lantaldea behar ditu”, baieztatu du.

Ildo beretik, Laudioko alkatetzarako hautagai Ander Añibarrok, Andoni Ortuzarrek egin duen bezala, “paralisi” hitza erabili du EH Bilduren udal taldeak azken zortzi urteotan Laudioko udalean egin duen kudeaketa deskribatzeko. Horregatik, Añibarrok baieztatu du Laudioko EAJ-PNVren lantaldeak Euskadiren abiadura berean aurrera egiteko proiektua aurkeztu duela: “Laudiok Aiaran, Araban eta Euskadin dagokion lekura itzuli behar du. Laudiok potentzia ekonomiko izatera bueltatu behar du; eta hori soilik lortuko dugu gure udala lantalde sendo batek lideratzen badu, esperientziarekin, arduraduna eta konpromisoduna, kalitatezko udal kudeaketa bat aurrera eramateko behar den guztia burutzen jakingo duena. Iratzarri Laudio. Denbora luzeegia daramagu geldituta. Laudiok denbora luzeegia darama lozorroan, eta bada iratzartzeko ordua”, esan du.

Lehenago, Mariam Olabarrietak, Arabako Batzar Nagusietarako Aiarako zerrendaburuak, balioan jarri ditu EAJren eredua eta Foru Gobernuaren aldetik egin den lana, “pertsonak helburu dituen egitasmoa, beren beharrak aintzat dituena, proposamenekin eta lantaldean eginez Arabarentzat asmo handiak dituen programa betetzeko, Arabarentzat ona den egitasmoa gauzatzeko. Eta, hori dena, lidergoa duen pertsonaren lidergopean. Pertsona langilea da, gure oraingo eta hurrengo Ahaldun Nagusia, Ramiro Gonzalez. Horrela funtzionatzen du EAJ-PNVk Araban”, aldarrikatu du.