Prentsa Aretoa

2019/06/03

2020ko abuztutik aurrera emango du zerbitzua autobus elektriko adimentsuak, puntako teknologiarekin, 14 auzo konektatzeko

Kontratua sinatu du Udalak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin, sistema ezartzeko.

rss Ezagutzera eman

BEA autobus elektriko adimentsua ezartzeko kontratua sinatu du Gasteizko Udalak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin. Dokumentuan jasotzen diren epeen arabera, 2019ko azaroan baliozkotuko du Arabako hiriburuko udalak ibilgailuaren prototipoa, eta 2020ko abuztuan hasiko da funtzionatzen. 18 eta 12 metroko luzerako abangoardiako 13 autobus elektriko berriek 10 kilometroko trazadura izango dute, eta 24 geltoki noranzko bakoitzean. Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, eta erosoagoak, herritarrentzat. TUVISAk eskainiko du zerbitzua, zortzi minutuan behingo maiztasunarekin, errei esklusiboak baliatuz ibilbidearen parte handi batean, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia.


 2020ko abuztuan hasiko da funtzionatzen BEA 

 Maiatzaren 29an formalizatu zen kontratua, eta 65 asteko epea ezartzen da bertan autobus elektriko adimentsuaren proiektua, azpiegitura, hornikuntza, abian jartzea eta mantentzea gauzatzeko. Gauzatze-epe partzialak ere finkatzen dira kontratuan. Kargatze-sistema elektrikoa, esate baterako, otsail bukaeran burutuko da, kontratuaren 38. astean. Txartelak erosteko makinak 2020ko ekainerako jarriko dira, hots, 51. asterako. 2020ko ekainaren erdialdera jasoko dira 13 ibilgailuak, 54. astean. Urbanizazioa eta geltokiak operatibo egongo dira 2020ko uztailerako. Nolanahi ere, esleipendunari gauzatze-lanak mailakatzeko eskatzeko eskubidea izango du Udalak, edo epeen egutegia aldatzekoa. 

Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Udalak —finantzaketaren % 17,5—, Arabako Foru Aldundiak —beste % 17,5 bat— eta Eusko Jaurlaritzak —% 65—. Autobus berri txikiek gutxienez 65 pertsona hartzeko lekua izango dute —21 eserita—, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona —30 eserita—. Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira. 

Orobat, hiru led pantaila eramango dute, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidariari laguntzeko sistemaz hornitutako joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte. 

Geltokiei dagokionez, markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango dira, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balioztatzeko makinez gain, informazio multimedia eskainiko da, denbora errealean. Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira; esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat egingo baita.