Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2020/09/24

Eusko Legebiltzarrak Estefanía Beltrán de Heredia izendatu du EAJ-PNVko senatari autonomiko

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izendatu berri duten Jokin Bildarratz ordezkatuko du Segurtasun sailburu ohiak. "Nire onena emango dut Senatuko lana emankorra izan dadin euskal interesentzat", esan du

rss Ezagutzera eman
Eusko Legebiltzarrak Estefanía Beltrán de Heredia izendatu du EAJ-PNVko senatari autonomiko

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak Estefania Beltran de Heredia senatari autonomiko izendatu du ostegun honetan EAJ-PNVren izenean, Jokin Bildarratz ordezkatuz, joan den hilaren 8an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izendatu baitzuten. Eusko Legebiltzarrak Beltran de Heredia aukeratu du lehen bozketan, eta 31 legebiltzarkideetatik 22ren babesa jaso du. Gainerakoek Tontxu Rodriguez hautagai Sozialistaren hautaketa erraztu dute; EAJ-PNVk eta PSE-EEk sinatutako koalizio akordioaren ondorioz, jeltzaleek euren botoen zati bat utzi dute senatari sozialista berrautatzeko. Izan ere, Legebiltzarreko araudiak 19 boto eskatzen ditu lehen itzulian hautatuak izateko.

Senatariak ilusioz beterik ekingo dio bere lan berriari, eta euskal berezitasuna, autogobernua eta erakundeak defendatuko ditu bertan. "8 urtez aritu naiz Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera Herri honen defentsan. Madriletik jarraituko dut, garrantzitsua baita gu egotea eta gure ahotsa eskusartzeen aurrean jartzea. Estatuarekiko harremanak berdin-berdinak izan daitezen zainduko dut, bere izaera plurinazionala bere gain hartuko duen estatu-eredu bat aldarrikatuz. Elkarrizketa politikoa abiaraziko dut eta Euskadik aurrera egitea ahalbidetuko duten akordioak bilatuko ditut", adierazi du.

BELTRAN DE HEREDIA

Estefanía Beltrán de Heredia Arabako Uribarri-Haranan jaio zen 1960an. Nekazaritzako ingeniaria da, eta azken 8 urteotan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua izan da. Iñigo Urkulluren lehen Exekutiboan sartu aurretik, Beltrán de Heredia legebiltzarkidea izan zen bi legealditan (1998-2001 eta 2005-2007), Nekazaritzako foru diputatua eta Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea. Araba Buru Batzarreko kide ere izan zen 2004 eta 2007 artean. Ertzaintza zuzendu duen lehen emakumea izan da, eta harekin lan egin dutenek "noblezia eta adeitasuna" azpimarratu dituzte, "Zuhurtzia handia eta negoziatzeko gaitasun nekaezina" izateaz gain.

Beltran de Heredia Senatuko Euskal Taldean sartuko da, azken hauteskunde orokorretan aukeratutako 9 senatariekin batera. "Ohorea izan da Urkullu lehendakariaren gobernuetan parte hartzea, eta orain ohore handia sentitzen dut nire alderdiak aukeratu nauelako ardura berri honetarako. Prest nago nire onena emateko Senatuko lana emankorra izan dadin euskal interesentzat".