Prentsa Aretoa

2023/10/17

Abertzaletasuna ‘itotzeko‘ ‘alderdi nazional handien batasunerako‘ deia egin izana gaitzetsi dio Beltran de Herediak PPri

EAJ-PNVk kontra bozkatu du balizko amnistia baten aurkako ekimen berri bati eta popularrek "azpiratuta eta pentsamendu bakarreko Estatu baten menpe nahi gaituztela” deitoratu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Estefania Beltran de Heredia Senatuko Euskal Taldearen bozeramaileak abertzaletasun subiranista ‘itotzeko’ ‘alderdi nazional handien batasuna’ eskatu izana gaitzetsi dio Alderdi Popularrari. Horrela jasotzen du Goi Ganberan gehiengoa duen taldeak onartu duen Kataluniako proces auziaren balizko amnistia oztopatzeko onartu duen mozioak. "Ez dituzte nazionalistak, subiranistak eta independentistak Espainiatik kanpo nahi, barruan nahi gaituzte, azpiratuta eta pentsamendu bakarreko estatu baten menpe", adierazi du.

Beltran de Herediak "alderdi minoritarioak gutxiestea" leporatu dio Alderdi Popularrari, "herritar abertzaleen borondatea ordezkatzen dugun alderdiei entzuteari uko egiten diozue, gure lurraldeetan gehiengoa duten alderdiei, alegia", gogorarazi du. Beste behin ere, arazo politikoek erantzun politikoak behar dituztela errepikatu du; ez dira horiek judizializatuz konpontzen, ezta kode penala gogortuz ere", azaldu du jeltzaleen ezezkoa jakinaraziz "Kataluniako prozesuaren gatazkari adostutako konponbide bide guztiak lehertarazteko duzuen ahaleginari". Espainiako Estatua "estatu monolitiko" bihurtzeko "popularren ahalegina" deitoratu du bozeramaile jeltzaleak. Gatazka enkistatu bat dago, eta ez da konpontzen ez zokoratuz, ez kode penal gehiagorekin, ez iragarki mehatxagarri eta katastrofistekin. Bada garaia Katalunia eta Euskadi Estatuan nola kokatu erabakitzeko ".

Era berean, Euskal Taldeko bozeramaileak ohartarazi du nazioarteko ordena politikoa eragiten duten une nahasiak, dramatikoak eta oso larriak direla. Hori dela eta, "inoiz baino bidezkoago jo du erantzukizun politikoari, elkarrizketari, negoziazioari eta desberdinen arteko akordioari dei egitea, herritar guztiok askatasun-giro bera partekatzen dugun bizikidetza demokratikoa sendotzeko berme gisa".