Prentsa Aretoa

2024/03/02

“Aztarna utzi zuten eta eredua eman zuten emakumeak” omendu ditu gaur EAJ-PNVk beraiek gabe “Euskadi ez litzatekeelako gaur den herria izango”

Talde jeltzaleak “berdintasunarekin, feminismoarekin eta aniztasunarekin” duen konpromiso irmoa berretsi du gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna egun gutxitan ospatuko dela gogoan. Ekitaldiak bostehun pertsona inguru batu ditu Bizkaia Aretoan.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Gaur garenaren parte bat da aurrekoek gugan erein zuten guztia. Gure bizitzan aztarna bat utzi duten emakumeak dira horiek. Beren hitzekin, egin zuten guztiarekin, beren ausardiarekin. Aztarna bakoitza bide bat da. Eta gure Alderdiaren esentziak arrastoa uzten du bide horretatik. Gure ideiak. Gure baloreak. Garen guztia.Horiek bide guztiek jarraipena dute gugan. Bide horiek eurek sortu zituzten guk, emakume eta gizonok, bide horietatik aurrera egin dezagun. Eta horrela, guk ere, aztarna berriak utz ditzagun ondoren datozenentzat. Altxorrik handiena eman ziguten. Eredua eman ziguten”.

Esaldi horiek borobiltzen dute, atzo eta gaur Alderdian eta Euskadin aztarna utzi duten emakume guztiei EAJ-PNVk gaur egin dien gorazarrea. Duela ehun urte baino gehiago Emakume Abertzale Batza (EAB) osatu zuten emakumeak bezalakoak. Emakumeek eratutako lehen erakunde politikoa izan baitzen penintsulan. “Eurei esker, gaur gara. Guk badugu nori begiratu. Eta harro baino harroago esan dezakegu. Emakume indartsuak, ausartak, emakume urratzaileak, urratsa ematen jakin zutenak askatasuna exijitzen zuen herri baten eskariak bereganatu zutelako, bai eta bere espazioa bilatu nahi zuen kolektiboaren aldarrikapenak ere. Beren esfortzurik eta ausardiarik gabe, Euskadi ez litzateke izango gaur egun den herria. Beren adore eta dedikaziorik gabe, Euskadi ez litzateke izango gaur ezagutzen dugun herria”, ziurtatu du Euzkadi Buru Batzarraren idazkari eta Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek. Ekitaldi berean hitza hartu du EAJ-PNVren Lehendakarigai Imanol Pradalesek, zeinak euskal herritar guztiei, eta oso bereziki gizonei, proposatu baitie “Euskal gizarte berdintzaileagoaren aldeko konpromisoa hartzea; konpromiso bat egungo egiturazko desberdintasunaren eta indarkeria matxistaren amaierarekin; eta konpromiso bat tratu- eta aukera-berdintasunarekin ere”. Topaketan musikarako eta umorerako tartea ere izan da eta amaiera eman zaio Bizkaia Aretoko terrazan ekitaldian izan diren emakume guztiei egin zaien argazkiarekin.

“EAJ-PNVk mende luze bat darama berdintasuna, feminismoa eta aniztasuna babesten”, aldarrikatu du Zaratek, eta ziurtatu du EABko emakumeak izan zirela “berdintasunerako bidea hasi zutenak, eta orduz geroztik, eskubideak konkistatu ditugu arlo horretan. Esan dezakegu dagoeneko ikusezinak ez garela: Esan dezakegu gaur desberdina dela. Esan dezakegu gauzak aldatu direla. Baina ez da nahikoa. Oraindik bide luzea daukagu Emakume Abertzale Batzako emakumeek markatu ziguten helmugara iritsi arte: emakume eta gizonen arteko berdintasuna Euskadi libre batean”. Puntu honetan, EBBren idazkariak gogora ekarri nahi izan ditu Guda Zibilaren ondorioak sufritzeaz gain, guda hartan beren zeregina izan zuten emakumeak. “Ezinbesteko zeregina bete zuten gerrak beren familiekin edo beren herriaren nortasunarekin amai ez zezan. Beren konpromisoa frankismoaren gau luzean zehar luzatu zen, erbestaldian zein klandestinitatean, barne aldeko Euskadin. Mitinerak, fronteko erizainak, mugalari eta kontrabandistak, espiak, funtsen biltzaile, ospitaleen eta babeslekuen kudeatzaile, euskara irakasle… Hori dena eta askoz gehiago izan ziren gaur omendu nahi ditugun emakume heroi anonimo haiek”, adierazi du.

Zaratek gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen ondorioz, esleitu ziren 75 eserlekuetatik, lau baino ez ziren emakumeentzat izan, “eta horietako hiru EAJkoak ziren: Miren Begoña Amunarriz, Ana Bereciartua eta Inmaculada Boneta”. Era berean azpimarratu du jeltzalea ere izan zela Eusko Legebiltzarreko lehen presidente andrea, Izaskun Bilbao Barandica. Eta EAJ-PNVko alderdikide ere badira Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen ahaldun nagusi andreak, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza. “Horrek esan nahi al du dena eginda dagoela? Gure helburu guztiak lortu ditugula? Dena ondo dagoela eta dagoenarekin konformatzen garela? Ez! Ezetz borobila”, ziurtatu du. “Gauza asko ditugu egiteko, gauza asko hobetzeko eta sabai asko apurtzeko. Autokritika egin dezagun. Kostatu egin zaigu aurrera egitea. Gizarte honen isla gara eta berari ere kostatzen zaio aurrera egitea. Baina, aurrera jarraituko dugu indar berriarekin. Gaurkoa da konpromisoa berresteko eguna, eta ez bakarrik EAJ-PNVko alderdikide garen emakumeona, baizik eta baita Alderdi osoarena ere, gaur neronek ordezkatzen dudana. Gure printzipio abertzale eta berdintzaileak berresten ditugu. Eta gure konpromisoa emakume eta gizon askeek eraikiko duten Euskadi askearekin. Emakume aitzindari haiek berdintasunerako bidea argitu zuten. Gaur guri dagokigu sugar hori bizirik mantentzea eta ibilbidea amaitzea”, ondorioztatu du Zaratek.

Imanol Pradalesek, EAJ-PNVren Lehendakarigaiak, emakume guztiei eskertu nahi izan die belaunaldi berrien erreferente izatea, bere ama berea izan zen modu berean. Eta egin zuten ahalduntzerako ia aukerarik ematen ez zuen garaian. Berdintasuna lehen plano sozial eta politikora eramateko erantzukizuna hartu zuten: “Energiaz betetako emakumeak, emakume aktiboak, borrokalariak, iritzi propioa zutenak, beren irizpide propioaekin, antolatzeko eta kudeatzeko gaitasunarekin”, esan du. Pradalesek, ildo beretik, dei berezi bat egin nahi izan du, gizarte osoa, eta gizonak oso bereziki, berdintasunaren trainerura igo daitezen eta boga egin dezaten: “Geuregana dezagun gizarte eta Euskadi berdintzailearekiko benetako konpromisoa. Konpromisoa egiturazko desberdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin, tratu-eta aukera-berdintasunarekin. Eta egin dezagun zaintzaren, hezkidetzaren eta kontziliazioaren inguruko begirada berri batekin. Azken finean, konpromiso bat emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunarekin, bizitzaren arlo guztietan eta momentu guztietan”, exijitu du.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU