Prentsa Aretoa

2025/07/04

Beatriz Artolazabal: “Gasteizek anbizioz, norabide argiarekin eta ekintzez egiten du aurrera”

Bozeramaile jeltzaleak Iradier Arenako etxebizitza, segurtasuna eta eraldaketa finkatu ditu legegintzaldiaren bigarren erdialderako lehentasun gisa: “Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik, eta seriotasunez, konpromisoz eta hiri ikuspegiarekin egingo diegu aurre”

rss Ezagutzera eman
Beatriz Artolazabal: “Gasteizek anbizioz, norabide argiarekin eta ekintzez egiten du aurrera”

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren bozeramaile eta Gasteizko Udaleko alkateorde Beatriz Artolazabalek Hiriaren Egoerari buruzko osoko bilkuran hartu du hitza gaur goizean, koalizio-gobernuaren eredua aldarrikatu eta gogorarazi du “aurrera doan, eraldatzen ari den eta egungo erronkei ekintzekin erantzuten dien hiria eraikitzen ari garela”.

Artolazabalek azpimarratu duenez, bi urteko legealdiaren ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak sendotasuna, plangintza eta gertutasuna erakutsi ditu, eta "ez dugu politika blokeetatik egiten, ezta suminduratik ere: politika probetxugarria egiten dugu, zentraltasunetik, akordiotik eta ekintzatik". "Gasteiz bizirik, aktibo eta martxan dago. Erronkak ditu, beste edozein hirik bezala, baina indargune handiak ere. Eta garrantzitsuena: egunero arduraz, elkarrizketarako gogoz dagoen eta emaitzak lortzen dituen gobernua du ", adierazi du.

Gobernu taldeak legegintzaldiaren bigarren zatirako duen helburua, osoko bilkuran azaldu duen bezala, agintaldia hasi bezala bukatzea da: entzunez, adostuz eta betez. Gasteizek dituen erronkak ez direla soilik gobernuarenak, hiri osoarenak baizik, eta maila eskatzen dutela, hala nola, anbizioa, etorkizunerako ikuspegia eta erakundeen arteko lankidetza leiala.

Erronka nagusien artean, etxebizitza adierazi du, herritarren kezka handienetako bat baita. Gogorarazi du Eusko Jaurlaritzari eskatu zaiola Gasteiz tentsionatutako eremu izendatzea, eta ekintza-plan bat jarriko dela abian prezioei eusteko eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko. Era berean, honako hauek nabarmendu ditu: segurtasun-plana indartzea, prebentzio- eta ekintza-neurriak hartuz; gizarte-ehuna indartzea, aurrekontu eta zerbitzu gehiago martxan jarriz; zahartze demografikora egokitzea;  Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta osasun-arloan hobekuntzak egitea; eta klima-aldaketaren aurkako borroka, besteak beste, honako ekintza zehatz hauekin: emisio txikien eremua, garraioaren elektrifikazioa edo zuhaitzen landaketa.

Erronka handietako bat , Iradier Arena eraldatzea da, “aukera estrategiko gisa, hiria azpiegitura moderno eta balioaniztunez hornitzeko, Gasteizko dinamismo kultural eta ekonomikoarekin lerrokatuta”.

OPOSIZIOARI

EH Bilduri erantzunez, Artolazabalek gogorarazi du EAJk ez duela lehentasunezko bazkiderik, eta gobernua gai izan dela talde politiko guztiekin adosteko, erantzukizun instituzionalak eskatzen duenez eta inoren mende egon gabe. "Gu ez gaude hemen beste batzuek dominak jar ditzaten. Gasteizek ez du funtzionatzen inori esker, baizik eta entzun, kudeatu eta betetzen duen gobernu bati esker. EH Bilduk ez du gauetik goizera erantzukizun instituzionala asmatu. Berandu eta gaizki dator, baina ongi etorri baliagarria bada. Ez dugu onartzen inork kontakizuna berridazten saiatzea", gaineratu du.

Bere hitzartzean, Alderdi Popularrak egindako kritikei ere erantzun die Artolazabalek, eta hiriaren ikuspegi “ezkor eta derrotista” aurpegiratu dio. “Gasteiz gainbeheran, ilun eta bizitzarik gabe dagoen hiri gisa margotzea ez ezagutzea da, edo, are okerrago, ez maitatzea. Oposizioak eskubide osoa du fiskalizatzeko, baina ez gutxiesteko. Arazoak baino ikusten ez dituenak eta konponbiderik proposatzen ez duenak alternatiba baino nekea erakusten du.

EAJko bozeramaileak gogorarazi du hiriak aurrera egin duela kohesio sozialean, jarduera ekonomikoan, zerbitzuetan eta kulturan, eta defendatu du “Gasteizek arima, dinamismoa eta hiriaz harro dauden herritarrak dituela. Eta oposizio arduratsu bat behar du, ez adorerik gabeko kanpaina bat".

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!