Alderdi Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/07/12

Jone Berriozabal: "Lanean eta eraikitzen jarraitzen dugu. Hori da egiten dakiguna eta ondo gainera"

EAJ-PNVk Araban egindako lan instituzional jeltzalea baloratu du gaur goizean Amurrion, udal eta foru legealdiaren erdia bete denean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Arabako Buru Batzarreko presidente Jone Berriozabalek legegintzaldiaren lehen bi urteetan udal eta foru arduradun jeltzaleek egin duten lana nabarmendu du, "Araba mugitzen duen motorraren funtsezko elementu gisa". "Duela bi urte bai esan zenioten zuen herrien etorkizunaren alde lan egiteari, bai zuen bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeari, bai lurralde-orekaren alde lan egiteari eta bai nazio-eraikuntzari tokian tokikotik ekarpena egiteari. Udalgintzatik sustatzen dituzue Euzko Alderdi Jeltzalearen baloreak eta egiteko modua. Guztiok zarete EAJren aurpegi eta ahotsa. Guztiok egunez egin duzuen onena ematen duzue ", adierazi du.

Berriozabalek legegintzaldiaren hasieran ezarritako helburuen betetze-maila garrantzitsua gogorarazi du. "Bi urte hauetan lan handia egin duzue, baina baita uzta oparoa bildu ere. Ezarri genituen helburuetako asko dagoeneko aurreratuta daude, eta herritarren aurrean hartu genituen konpromiso asko ere bete ditugu. Esan eta egin!" adierazi du.

Arabako EAJ-PNVko presidenteak "EAJk konpromisoa, koherentzia, ongizatea, aurrera bidea eta eraikuntza ordezkatzen dituela" erakusten jarraitzeko deia egin die. "Duela 130 urte sortu ginen euskal nazioa eraikitzeko. Gurea eraikuntza izan da beti, ez suntsipena. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan. Euren jarrera eta egiteko moduarekin politikaren izen ona zikintzen laguntzen dute", adierazi du.

Berriozabalek azpimarratu duenez, "aste honetan bertan, auzo lotsa sentitu dugu. Batzuek eta besteek ez dute egoerak eskatzen zuen maila eman. EAJk, aldiz, errespetu osoz eta modu arduratsuan adierazi ditu bere kezkak, desadostasunak eta iritziak. Horretan ere, desberdinak gara! "Zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto” pentsatzen dutenen eta etengabeko protesta, adoregabetasuna eta apatia sustatzen dutenen aurrean, EAJ-PNVn gure eskualdeen etorkizunaren alde lan egiten dugu, industria, enplegua eta aberastasuna mantentzearen alde eginez", azpimarratu du.

Berriozabalen hitzetan, "ez batzuek ez besteek ez gaituzte distraituko eta ez gaituzte gure errailetik aterako, EAJk ez duelako inoren xantaiarik, presiorik, mehatxurik edo inposiziorik onartzen. Ez orain, ez inoiz. Zorrotzak izango gara, orain arte bezala. Etika, gardentasuna eta emandako hitza eta lortutako akordioak betetzea eskatzen dugu. EAJ burujabea da, ez da inoren sukurtsala. Dagokion unean hartzen ditugu erabakiak guk, beti ere Euskadiren onerako eta beti defendatu ditugun baloreak gogoan hartuta.

Bestalde, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak 10 urteko agintaldiaren balantzea egin du. Balantze hori oso emankorra da, izan ere, "mendekotasuna duten eta Araban artatzen diren pertsonen kopurua % 40 handitu dugu, eta 400 plaza berri sortu ditugu gure gizarte-baliabideetan; Arabako ekonomia dibertsifikatu eta modernizatu egin da, eta iraunkortasunaren alde egin dugu, irmoki eta zalantzarik gabe, eta lurraldea erreferentea da klima-aldaketaren borrokan". Halaber, Arabako lehen agintariak gogorarazi duenez, "alderdi politiko bakar batek ere ez du gobernatu hiru legealdi jarraian Araban, ezta hiru foru hauteskunde jarraian irabazi ere", azaldu du hunkituta, garai hau ez baita erraza izan, "baina jakin dugu gure onena ematen eta elkarrekin aurrera egiten, adorez, ausardiaz eta atzera pausorik eman gabe".

Bere hitzaldian, Ramiro Gonzalezek ere etorkizunaz hitz egin du, onena egiteko dagoela ziurtatuz, eta puntu honetan iragarri du "autobideko bidesaria nabarmen murriztuko dugula eta legegintzaldi honetan bertan gauzatuko dugula". Ildo beretik, diputatu nagusiak azpimarratu nahi izan du "gure konpromisoa pertsonekiko dela. Araba bat nahi dugu, non adinekoek arreta hobea izango duten, gazteek aukerak aurkituko dituzten eta emakumeek eskubide-berdintasunaren alde borrokatu beharrik izango ez duten. Azken finean, historia egiten jarraituko dugu ", amaitu du.

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak, ekitaldi politikoari hasiera emateko arduradunak, lau hitzetan laburbildu du alkate izatearen esanahia: "jarduera eta jarrera, lana eta gogoa". "Gobernatzea egunero jo eta ke lanean aritzea da. Errealitateari ausardiaz aurre egitea eta, batzuetan, demagogiari eta zaratari aurre egitea. Egun batean akordioak eskatzen dituzte eta, hurrengoan, pankartan daude, haserrearen buru. Gobernatzea ez da arazoak adieraztea, arazoak konpontzea baizik. Hemen ez gaude ondo geratzeko, ondo egiteko baizik. Eta hori da EAJ-PNVren nortasuna ".

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!