Prentsa Aretoa
2013/10/12
Ortuzarrek eta EAJk ez dute urriaren 12ko jaia ospatzen, izan ere, “Espainiaren eguna, zatika erortzen den Estatu baten eguna” da
EAJ-PNVren EBBren presidente den Andoni Ortuzarrek gaur goizean Araian burutu den Asparrenako batzokiaren 80. urteurrenean adierazi duenez, “gaur, urriaren 12an, ahuntza paseoan ateratzen duten eguna da. Espainiaren eguna, zatika erortzen den Estatu baten eguna. Espainiak arazo asko eta asko ditu gaur: langabezia, eredu ekonomikoa, ustelkeria, aireportuak hutsik, inora ez doazen trenak…Eta hori dana konpontzeko zer bururatzen zaie? Gauzak ondo egin ditugunoi askatasuna kentzea. Horrela nahi al dute gu espainiar sentitzea? Ahuntzarekin desfilatzea nahi dute? Ez, eskerrik asko”.
Intervención Andoni Ortuzar-en hitzaldia (ASPARRENA)
HITZALDIA - 2013/10/12
Ortuzarrek gogoratu egin du Euskadik momentu ekonomiko gogorra bizi du baina gaineratu duenez, azken hilabetean, PSE eta PPrekin sinatu duen akordioarekin “albiste onak izan ditugu”. “Ozaetan esan nizuen akordioarekin ondo gindoazela eta lortu dugu. Hori da EAJ-PNVren estiloa. Ematen dugun hitza betetzen dugu. Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakunde nagusiek egonkortasuna eta ziurtasun fiskaleko zerumuga dute gaur, eta hori da enplegua sortzen hasteko behar dugun bultzada.Nola egin dugun? Nola lortu dugun egonkortasun eta ziurtasun hori? Ba, beti egin dugun moduan: elkarrizketaren bidez. Ezberdinen artean adostuz. Elkarri entzunez. Amore emanez, denok irabazle izan gaitezen. Horixe da herriak eskatu diguna, eta horrela egiten dugu guk. Ez dugu ezer berririk asmatu. Herria eraikitzeko dugun modua da hori. Agirre Lehendakariaren estiloa izan zen. EAJren estiloa da” baieztatu du Ortuzarrek.
EBBren presidentea oso kritikoa izan da ezker abertzalearekin, “guk kanpoan utzi ditugula esan dute ezker abertzalekoek, Madrilekin, espainolekin baino ez dugula hitzartu nahi. Gezurra da hori. Eta Bildukoek jakin badakite gezurra dela. Kanpoan geratzen dira haiek nahi dutelako. Ez dago besterik. Ezetza denari. Hori da beren estiloa. Ezetzaren estiloa. Politika egiteko duten era: Bildu munduaren kontra. Ezetza guztiari. EAJk proposatzen duela? Ez. Gizartearentzat ona izan daitekeela? Ez, ez, eta ez. Ezetzaren maisuak. Horiek bai ari direla era guztietako lezioak ematen, baina batez ere abertzaletasun lezioak. Abertzale txartelak beraiek ematen dituzte. Utz diezaiotela behingoz XIX. mendeko eskema sozialak erabiltzeari. Izan dezatela beren iragana zuzentzeko adorea. Guztion bultzada behar baitugu, krisialdi honetatik irten nahi badugu".
Ortuzarrek Alderdi Popularrak behin eta berriz EAJren kontra dabiltzan esamesak ere kritikatu ditu, “esaten dute EAJ ez dela Arabaz arduratzen: EAJ Bilbon eta Donostian baino ez duela pentsatzen. Eta hori, Gasteizko katedralaren tamainako gezurra da, Ullibarriko urtegia bezain handia. Gezur handiagorik ez dut sekula entzun. PPk Arabari inbertsioen herena kentzen dion bitartean, Forondako aireportua kentzen dion bitartean, Gasteizko trenbidea lurperatzeko egitasmoa aurrekontu partidarik gabe uzten duen bitartean, EAJk Gazteizen egiazko hiriburutzaren aldeko apustua egiten du, autobus geltoki berriaren alde egiten du, uholdeen kontrako planaren alde, CTVren alde, Arasur, Añanako Bailara Gaziaren alde…Ba al dakizue zer den EAJk egiten ez duena? Ez du herrialdeen berekoikeria sustatzen edo bultzatzen, ez Araban, ez Gipuzkoan ezta Bizkaian ere; ezta Nafarroan edo Iparraldean ere. Guztiok bat!, horixe da hementxe bertan, nire ostean jartzen duena. Eta ‘Guztiok Bat' jartzen du bere esanahia erabat geureganatzen dugulako, eta Euskadirentzat onena dena Arabarentzat onena delako; Eta Arabarentzat onena dena Euskadi osoarentzat onena delako”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09