Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/07/23

EAJ-PNV-k zero tolerantzia eskatzen die iruzurra egiten duten pertsonei eta Marotoren gisako diskurtso xenofoboei

EAJ-PNVk alkateari hausnartzeko eskatu dio, etorkinak gizarteratzeko lanean jarduten duten udal langileen kritika zorrotzen ondoren

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV-k  zero tolerantzia eskatzen die iruzurra

ARGAZKIA JAITSI

Immigrazioa eta gizarte laguntzetako iruzurrak lotuz, alkateak egindako adierazpenek aurreko astean hirian izandako zalapartaren ondoren, EAJ-PNVko bozeramaileak lasaitasunerako deia egin nahi izan du, baina, aldi berean, mezu zorrotza helarazi. “Euzko Alderdi Jeltzaleak oso argi dauka zero tolerantzia izan behar dugula edozein iruzur mota egiten duten pertsonekin, bai eta Javier Marotok aldizka-aldizka helarazten dituenen antzeko diskurtso xenofobo eta arduragabeekin”, adierazi du Euzko Alderdi Jeltzaleko bozeramaileak, Gorka Urtaranek.

Udal oposizioko buruak gaitzetsi du Marotok immigrazioari buruzko gai korapilatsuari ematen dion hauteskunde erabilera eta kutsua. “Ez da batere zuzena eta bidezkoa alkateak, hiri osoko ordezkari gisara, hori bezain su-piztaileak diren argudioak erabiltzea. Javier Marotok ezin du jardun hauteskunde kalkuluek gidatuta –sarri askotan egiten duen bezala– eta kontuan izan behar du beti zer esan nahi duen alkatea izateak eta zer-nolako ardura dakarren horrek pertsonei begira”, gaineratu du Urtaranek.

Iruzurrari dagokionez, bozeramaile nazionalistak azpimarratu du hori kontrolatu beharra dagoela, bai gizarte laguntzetan bai zerga arloan bai bestelako gai edo eremuetan ere. “Gaur egun, kalkulatzen da gizarte laguntzetako iruzurra oro har %5 ingurukoa dela. Gutxi izan arren, gure helburua da zerora iristea, hau da, hutsaren hurrengoa izatea. Horregatik, Lanbidek kontrolak indartu ditu eta emaitzak onak izaten ari dira”. Hori guztia dela eta, Urtaranek deitoratu du Eusko Jaurlaritzak iruzurgileak sistematik kanporatzeko erakutsi duen gogo biziaren aldean Gasteizko Udalak legealdi osoan egin ez izana antzina gizarte iruzurraren inguruan egiten ziren ebaluazioak. “Marotoren taldeak ez du egiten interesatzen ez zaiolako. Marotok jakin badaki, egindako kontrolei esker, iruzurra urria dela eta datu horrek ez dituela haren salaketak justifikatzen. Horregatik, pertzepzioak erabiltzen ditu, datu objektiboak erabili beharrean”.

Edozein kasutan ere, Urtaranek nabarmendu du iruzurraren aurrean zero tolerantzia izan behar dela, iruzur hori edozein motatakoa izanik ere. Horrela, Marotoren kabineteari eskatu dio fokua zabal dezan zerga iruzurrera eta ezkutuko ekonomiara. “Gizarte laguntzekin erakutsitako beligerantzia maila bera nahi dugu iruzur mota horiekin ere”, azpimarratu du.

Halaber, alkateak defendatutakoaren antzeko diskurtso arrazistei ere zero tolerantzia aplikatu behar zaie. “Hori agerian jarri duten azkenak Gizarte Gaietarako Sailaren Gizarteratze zerbitzuko udal langileak izan dira, hau da, gai honetako adituak; izan ere, argi eta garbi adierazi dute atzo jendaurrera zabalduko agiri baten bitartez Marotoren jokabidea arduragabea izan dela eta guztiz iraingarria etorkinei begira. Langileek eurek esan izana haren hitzekin lotsatzen direla, errealitatea nahita itxuraldatzen duela eta hauteskunde helburuen arabera jarduten duela oso zorrotz hausnartzeko eta jokabidea aldatzeko arrazoia da, zalantzarik gabe. Nik neuk halaxe egingo nuke". “Herritarrek –azpimarratu du– badakite bereizten politiko batek noiz bilatzen dituen irtenbideak eta noiz jarduten duen botoak bildu nahian, arazoei konponbidea eman beharrean”.

Azkenik, Urtaranek udal langileei ezarritako betoa salatu du; izan ere, Sailaren zuzendaritzari jakinarazi ziotenean komunikatua jendaurrean azaltzeko asmoa zutela udalaren bitartekoak erabiliz, jakinarazpena hala zabaltzeko berariazko debekua jaso zuten. “Hori zentsura adibide argia da, inola ere ezin onartuzkoa".

Egoera ikusita, EAJ-PNVko bozeramaileak alkateari honakoa eskatu dio: lasaitasun eta zuhurtziaz joka dezala, atzerritik etorkizun hobe baten bila etorritako pertsonak estigmatizatzeko taktika bazter utz dezala eta iruzurrak kontrolatzeko lanean buru-belarri jardun dezala. “Horrelaxe frogatuko luke zirkunstantziei aurre egiten dakiela”.