Prentsa Aretoa
2014/07/29
EAJ-PNVk ziurtatu du autobus geltokiaren zuzeneko kudeaketa iluna, inprobisatua eta zorroztasunik gabea izan dela
“Proiektu honekin PP eta Bildu alderdien arduragabekeria eta defizit demokratikoa egiaztatuko dira” azaldu du Gorka Urtaranek
EAJ-PNVk adierazi duenez, PP eta Bildu alderdiek bultzatutako autobus geltokiaren zuzeneko kudeaketa eredua erabaki inprobisatua izan da, eta ez du ez gardentasunik, ez zorroztasunik. “Gai honetan, botoen baturak bi alderdien arduragabekeria eta defizit demokratikoa egiaztatzeko besterik ez du balioko. Epeak behartzen ari dira, dokumentazioa zorrotz aztertzea saihesteko, herritarren parte hartzeari oztopoak jartzen dizkiote eta, besteak beste, inolako funtsik gabeko balantze ekonomikoa aurkeztu dute. Autobus geltokiaren kudeaketa ereduarekin, eztabaida-tranpa bat planteatu nahi digute aldez aurretik hartutako erabaki bat justifikatzeko” azaldu du Gorka Urtaran bozeramaile abertzaleak.
Autobus geltokiaren kudeaketa ereduaren gaineko erabakiaren espedienteari egindako alegazioetan, gai hori eztabaidatzeko Ogasuneko udal sailak emandako informazioa zorrotza ez dela salatu du talde abertzaleak. “Zuzeneko eta zeharkako kudeaketa ereduak ez dira baldintza baliokidetan aztertu. Ez da kalkulu ekonomiko onargarririk aurkeztu. Ez da aurreikuspenik egin Udalak geltokiaren kudeaketa bere gain hartzearen epe luzeko ondorioei dagokienez. Aurreko erabakiak errespetatzen direla ziurtatzeko berme juridikorik ez dago, eta inork ez daki udaleko langileak instalazio horietara eramateak nolako eragina izango duen udal jardunean, beste arlo batzuetan lan egiteari utzi beharko baitiote. Gauza bakarra daukagu argi: erabaki hori hartu da lanaren BEZa ordaindu behar ez izateko” adierazi du udal oposizioko liderrak.
Autobus geltokiaren kudeaketa ereduaren gainean EAJ-PNV taldeak egindako alegazioen xehetasunei erreparatuz, kudeaketa zuzena justifikatzeko Ogasun sailak egindako azterketa ekonomikoari buruzkoak nabarmendu behar dira. Talde abertzaleak desberdintasun nabarmenak antzeman ditu bi kudeaketa ereduen diru-sarrerak aurreikusteko kalkuluetan. Hala, esaterako, zeharkako kudeaketaren kasuan aparkalekutik eratorritako diru-sarrerak ez dira kontuan hartu. Kontzeptu horiek eta beste zenbait jasoz, kudeaketa eredu baten eta bestearen arteko alde ekonomikoa soilik 6.052 eurokoa izango litzateke. Gastuen aurreikuspenen kasuan, kudeaketa zuzenari buruzko kalkuluetan zenbait kontzeptu (esaterako langileena) eta beste kostu transbertsal batzuk ez dira jaso; horien guztien ondorioz, azken kostua 1.385.288 eurora arte garestituko litzateke. “Aurkeztu dizkiguten kontuen arabera, ekonomikoki eskaintza abantailatsuena zuzeneko kudeaketarena zen, baina, benetan baldintza baliokideetan, saldoa zeharkako kudeaketaren aldekoa da, 36.426 euroko aldearekin” nabarmendu du Borja Belandia zinegotzi abertzaleak.
Horri, halaber, obraren BEZa ordaintzeari buruzko hutsuneak gehitu behar zaizkio. Udalak geltokiaren zuzeneko kudeaketa bere gain hartuz, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontzeptuan hiru milioi euro orain ordaintzea ekiditen du, baina etorkizunean azpiegitura horren azken erabiltzaileei zenbateko hori ordaintzeko betebeharra hartzen du. “Hala ere, gaur egungo geltokian dauden tarifetan ez da inolako aldaketarik aurrez ikusi. Azpiegitura honen zerga tratamendua kontu benetan ezezaguna bihurtzen ari da” gehitu du Belandiak.
Udaleko kontu-hartzaile nagusiak berak ere txosten batean ohartarazi duenez, autobus geltokiaren kudeaketarako kalkulatutako defizit ekonomikoa gobernu taldeak planteatu duena baino handiagoa izango da, eta geltokia erabiltzeko tarifak igoz orekatzeko gomendatu du. Are gehiago, azaldu duenez, horrela egin ezean, “udal aurrekontuetan aurrezki garbia sorrarazteko neurriak jaso beharko dira, datozen urteetan haziz joango den defizit hori xurgatzeko.”
Azkenik, Eusko Alderdi Jeltzaleak beste bi alderdi kezkagarri ere aipatu ditu: horren erabaki garrantzitsua hartzeko eskatu beharreko gutxieneko eperik eza, eta udal taldeei emandako espedientearen alderdi erabakigarriei eragiten dien gardentasun falta. Epeei dagokienez, harrigarria da lau egun besterik ez direla eman (horietako hiru jaiegunak ziren) alegazioak aurkezteko (uztailaren 24tik 28ra), 24an bertan EAJk eskatutako informazio osagarri guztia eman gabe. “Horrez gain, harrigarria da herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko abuztua hilabetea proposatzea, tarte horretan oporraldiak izaten baitira eta ezinezkoa izan ohi da espedienteak izapidetzea. Hori guztia herritarren parte hartzerako oztopo argia da” ondorioztatu du zinegotzi abertzaleak.
Era berean, autobus geltokiaren kudeaketa ereduari buruzko eztabaidan EAJk gehitu nahi du erantzun bat Los Herran kaleko geltokiaren ixteak suertatuko duen emplegu galerari. “Zenbait pertsona langabezira joango dira behin-behineko geltokiaren kontzesioa bukatu bezain laster eta PPk ez du argitu nahi zer gertatuko den haiekin”, amaitu du Gorka Urtaranek.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09