Prentsa Aretoa
2014/07/30
EAJ-PNVk udaltzaingoaren destinoak urtebete luzatzeko eskatu du, batzordea eta Udalbatza berritu arte
Blanca Guineak uste du egokiagoa litzatekeela, aldaketa sei urterako baita eta bi legealdiri eragiten baitie
EAJ-PNVk gaur egun Udaltzaingoan indarrean dauden destinoak urtebete luzatzea proposatu du, udaleko langileen batzordea eta Udalbatza gutxi barru berrituko dira-eta (azaroan eta maiatzean, hurrenez hurren). "Zuhurragoa eta egokiagoa iruditzen zaigu aldi batez gaur egungo egoerari eustea, erabakitzen diren aldaketak sei urtez mantenduko baitira eta, beraz, bi legealdiri eragingo baitiete", arrazoitu du Blanca Guinea zinegotzi nazionalistak.
Udaltzaingoak sei urtean behin langileen artean destinoak esleitzeko prozesu bat egiten du. Orain, berritze hori negoziatzea egokituko litzateke, 2015eko urtarrilaren 1ean indarrean sar dadin eta 2020ko abenduaren 31ra arte iraun dezan. Barne-prozesu horretan aplikatzen diren irizpideak polizia-burutzaren eta langileen batzordearen artean adostu ohi dira, baina lehenak dauka azken hitza adostasunik lortzen ez bada. Negoziazio hori urtearen hasieran hasi zen; une honetan etenda dago eta horrek kezka sindikala eragin du.
"Gehiengo sindikalak bere susmoa helarazi digu, alegia, Marotoren kabineteak batzordean ordezkaritza eskasa daukan baina Alderdi Popularrarekin bat datorren zentral jakin bati mesede egin nahi diola. Gauzak horrela, ez zaigu destinoak berrikusteari ekiteko giro egokia iruditzen", azaldu du Guineak.
Horri gehitu behar zaio hauteskunde sindikalak —gaur egungoaren desberdina den ordezkaritza bat ekarri eta negoziazio-prozesua baldintzatu lezaketenak— eta udal-hauteskundeak —gobernu-taldearen aldaketa eta, beraz, Udaltzaingoari buruzko ikuspegiaren aldaketa ekar litzaketenak— hurbil daudela, baita komisario berri baten izendapena ere, irailerako edo urrirako aurreikusita baitago. Era berean, aintzat hartu behar da lau udaltzain autobus-geltoki berrira destinatuko direla eta plaza horiek ez daudela gaur egun negoziazio-prozesuan jasota.
"Inguruabar multzo horrek destinoen esleipena geroratzeko eskatzera eraman gaitu, une honetan dauden zalantza guztiak argitu ostean alde sozialarekin akordio bat egin ahal izateko eta tartean dauden guztientzat berme gehiago eta gogobetetasun handiagoa lortzeko", esan du, bukatzeko, EAJ-PNVko zinegotziak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09