Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/08/01

“Marotoren kudeaketa txarra eta haren etengabeko hauteskunde kalkuluak nahasketa oso kaltegarria dira Gasteizerako”

Gorka Urtaranek esan duenez, Gasteizek 3,3 milioi galdu ditu azken aste honetan alkateak hartutako erabakien ondorioz

rss Ezagutzera eman

EAJ-PNV-k kezka agertu du gaur goizean, alkateak azken aldian eta bereziki aste honetan izan duen portaeraren ondorioz. “Udal gaiez egiten ari den kudeaketa txarraz gain, haren etengabeko hauteskunde kalkuluak daude, eta, horren ondorioz, nahasketa arriskutsua eta oso kaltegarria sortzen da Gasteizerako” adierazi du. Zehazki, esan duenez, hiriak 3,3 milioi euro galdu ditu alkateak egunotan hartu dituen erabakien ondorioz. Horregatik, legegintzaldiko azken hamar hiletan hiria aurrera eramateagatik kezkatzeko eta, udalerriko arduradun gorena den aldetik, haren lana serio hartzeko eskatu dio.

Udal oposizioko liderrak gaurkotasun berriena eragin duten gertaeren laburpena egin du. Azterketa etsigarria da. Plangintza txarraz eta bat-bateko jardunaz gain, Alderdi Popularra gai garrantzitsuei ekiteko erakusten ari den presa eta urduritasuna daude. Horren ondorioz, ondorio oso negatiboak sortzen dira gasteiztarrentzat.

Alde horretatik, Gasteizerako Europako laguntzak aipatu ditu. “Aste honetan bertan baieztatu egin da Udalak Urban planeko 2,5 milioi euro galduko dituela gutxienez, eta baliteke kopuru hori 4 milioi eurora heltzea. Beste behin ere eta inolako justifikaziorik egon gabe, aurreikuspenik gabe jarduteak eta proiektu finantzagarriak behin eta berriz antolatzeak diru hori galtzea eragingo dute, proiektuak ezin baitira garaiz egin. Nahiz eta EAJ-PNVk beharrezko laguntza politikoa eta ekonomikoa eman duen, Marotok huts egin du hirirako ahalik eta finantzaketa handiena lortzeko lanean” azaldu du Urtaranek.

Halaber, Bruselako laguntza ekonomikoa jaso dezaketen ekimenei lotuta, EAJ-PNVren bozeramaileak Gasteiz Antzokia aipatu du; izan ere, Javier Maroto proiektu hori “benetako engainu eta iruzur bihurtzen ari da, hasierako proiekturako uko argia gauzatzen ari baita”. “Ongietorria eman diogu Euskeraren etxeari, baina EAJ-PNVk ez du etsitzen. Proiektuaren zati hori legegintzaldiaren hasieran abiarazi ahal zen, horren amaierara arte luzatu gabe. Guk ez dugu etsitzen, eta oso zorrotzak izaten jarraituko dugu, plana osorik betetzeko orduan, Gasteizek kontzertuetarako eta ostalaritza zerbitzuetarako agindutako aretoa ere izan dezan. Nekez hitz egin daiteke Gasteiz Antzokiaz, Kafe Antzokiaren zatirik gabe” zehaztu du bozeramaile jeltzaleak.

Azken egunotako gertaerak laburbiltzean, Urtaranek bus geltoki berria aipatu du, eta, bereziki, atzo PPk eta Bilduk Udalak hori zuzenean kudeatzeari buruz hartu zuten erabakia. “Geltokiari buruzko kronika iragarritako astakeriarena da. Kokapena aldatu zen, Euskaltzaindiaren plazako zuloa estaltzeagatik bakarrik, intermodalitate irizpideak, trafikorako ukipena, bidaiarien baldintzen hobekuntza edo geltokiak auzoan izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe; obrak egikaritzeko epea justifikaziorik gabe luzatu zen, eraikuntza enpresari une honetan milioi erdi euro ingurukoa den isuna ordaintzeko eskatu gabe; eta lanen aurrekontua handitu behar izan zen, inguruneko trafikoko kalteak gutxitzeko asmoz. “Bigarren zati hori hasieran kontratatu izan balitz, Udalak 250.000 euro aurreztuko zituzkeen. Orain, barrabaskeriari azken ukitua emateko, bi alderdiek berriro ere eskua elkarri eman diote, zuzeneko kudeaketako sistema ituntzeko. Horrek udal aurrekontuan eta, beraz, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan murrizketak egotea eragingo du, kontu-hartzaileak dagoeneko ohartarazi duenez” esan du.

Kudeaketa txar horri buruz azken astean ezagutu den beste adibide bat honako hau izan da: Udalak Eusko Jaurlaritzako Euskal Enplegu Zerbitzuaren 330.000 eurotik gorako diru-laguntza galdu du, enplegu proiektuei buruzko deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik. “Oso larria iruditzen zaigu herritarrak benetan kezkatzen dituzten gaiez ez arduratzeagatik hiriak dirua galtzea, eta are gehiago kasu honetan, lanpostuez ari baikara” kexatu da Urtaran. Egoera are larriagoa da, hori ez baita lehenengo aldiz gertatu legegintzaldi honetan. Aurreko batean Lanbidek hainbat pertsona kontratatzeko emandako 100.000 euroko laguntza galdu zen, eta beste aldi batean hamabost pertsonari lana emateko aukera galdu zen, Eusko Jaurlaritzaren udaletarako laguntzak ez aprobetxatzeagatik. Arduragabekeria oso larriak dira. Oso tamalgarria da Marotok hain kemen handia jartzea beste kontu batzuetan eta lana sortzeko Udalean buru izateari eta lan egiteari uko egitea”.

Horrez gain, aste honetan bertan jakin denez, Europa biltzar-jauregiaren hegoaldea egokitzeko lanek 200.000 euroko gainkostua izango dute, kontratuaren aldaketaren ondorioz. Horrez gain, enpresari irailaren 30era arte luzatu zaio dagoeneko amaituta egon beharko ziren lanak egiteko epea.

Honako hauek batzen baditugu, kezkaz egiaztatzen dugu Marotok azken egun hauetan hartu dituen erabakien ondorioz hiriak 3,3 milioi euro galdu dituela: Urban planarekin lotuta Gasteizek Europatik jasoko ez dituen 2,5 milioi euroak; enplegurako galdu diren 330.000 euroko diru-laguntzak; bi txandatan kontratatzeagatik autobusen geltokiko obrek 250.000 euro gehiagoko kostua izango dutela; eta Europa Jauregiaren hegoaldea egokitzea 200.000 euro gehiago kostatuko zaigula.  Argi dago PPren jarduteko moduarekin Gasteizek beti galtzen duela”, adierazi du udaleko oposizioko buruak.

EAJ-PNVk ikusi du alkatea beti oso urduri eta larri dagoela. “Legegintzaldiko hiru urteetan Gasteizek alkatea izan omen du, baina badirudi azken urtean horrek hautagai baino ez duela jardungo, premiazko gauzak kudeatu gabe, eta hiriak ezin du horrelakorik onartu. Marotok botoen kalkulagailua eskuan duela baino ez ditu erabakiak hartzen. Gasteizek ez du hori merezi, erabakiak lasaitasunaz eta plangintzaz hartzen dituen alkatea baizik” adierazi du bozeramaile jeltzaleak. Urtaranek adierazi duenaren arabera, egoera horretan EAJ-PNV prest dago kontrapuntua jartzeko eta beharrezko lasaitasuna eta egonkortasuna emateko. “Guk ondo egiten diren eta hirirako onak diren gauzak proposatzen eta babesten jarraituko dugu, baina txarto egiten denarekin kritikoak izaten jarraituko dugu, jakina, hori ahalik eta lasterren zuzen dadin” esan du Gorka Urtaranek, bere hitzaldia amaitzeko.